Zubeldiak du agintea

Alaveseko entrenatzaile berria da teknikari argentinarra. Sasoi baterako kontratua sinatu du Gasteizko taldearekin
Luis Zubeldia, Independienteko entrenatzaile zela egindako prentsaurreko batean.
Luis Zubeldia, Independienteko entrenatzaile zela egindako prentsaurreko batean. LUIS EDUARDO NORIEGA / EFE

Ainara Arratibel Gascon

2017ko ekainak 18
Azken asteetan zebilen zurrumurrua baieztatu da: Luis Zubeldia da Alavesen entrenatzaile berria. Denboraldi baterako kontratua sinatu du argentinarrak, eta Europako Futbol Elkarteen Batasunak haren entrenatzaile titulua ikuskatu ondoren aurkeztuko dute. Duela egun batzuk arte, Independiente de Medellin Kolonbiako taldeko entrenatzaile izan da, eta lehen esperientzia du Europan. Gaztea izan arren, 200dik gora neurketa zuzendu ditu Hego Amerikako liga garrantzitsuenetan. Besteak beste, Argentinan, Ekuadorren, Mexikon eta Kolonbian entrenatu du.

36 urterekin, futbolean jokatzeko jarraitzen dute futbolari askok. Zubeldiak, ordea, oso gazte utzi behar izan zuen. Lanuseko harrobian hasi zen, eta 17 urterekin debuta egin zuen lehen taldearekin. 19 urte besterik ez zuela kapitaina zen, eta taldeko zelai erdiaren arima. Argentinako selekzioko azpiko taldeetan ere jokatzen zuen. Baina 23 urterekin lesio larri bat izan zuen belaunean, eta halabeharrez futbola utzi behar izan zuen.

Zelaia, ordea, aulkiarekin aldatu zuen. Hala, Lanusen harrobian prestatzen ibili eta gero, 2008an lehen taldeko entrenatzaile izendatu zuten. 27 urte baino ez zituen, eta Argentinan Lehen Mailan debuta egin zuen entrenatzailerik gazteena izan zen.

Bi denboraldi egin zituen bertan. Ordutik, baina, hara eta hona ibili da: Barcelona Guayaquil (Ekuador), Racing de Avellaneda (Argentina), Liga de Quito (Ekuador), Santos Laguna (Mexiko) eta Independiente de Medellin (Kolonbia) entrenatu ditu.

Independienterekin, aurtengo urtea amaitu arteko kontratua zuen. Aguila Liga irabazteko hautagai nagusietakoa zen, baina final-laurdenetan kanporatua geratu zen. Bi egun geroago, ekainaren 6an, Kolonbiako taldearekin zuen kontratua etetea erabaki zuen, 88.000 euroko klausula bere poltsikotik ordainduta. Ā«Beste erronka eta proiektu eta pertsonal eta profesionaleiĀ» heltzeko garaia zela jakinarazi zuen. Artean bazebilen Alavesek fitxatuko zuen zurrumurrua.

Ez du lan erraza izango Zubeldiak, Mauricio Pellegrino herrikidea bikain aritu baitzen aurreko sasoian. Bigarren Mailatik igota, kategoriari eustea zen talde arabarraren helburua, eta aise lortu zuen. Bederatzigarren sailkatu zen Alaves, 55 punturekin. Gainera, Espainiako Kopako finala jokatu zuten, Bartzelonaren aurka —3-1 galdu zuten finala—.

Bestalde, taldea eraberritzeari ekin beharko dio, kirol zuzendaritzarekin batera. Izan ere, aurreko sasoian oinarrizkoak izan ziren futbolarietako askok ez dute Gasteizen segituko: The Hernandezek, Marcos Llorentek, Kiko Femeniak eta Victor Camarasak, adibidez.

Erasoko jokoa du gustuko

Baina Zubeldiak erronkak ditu gustuko. Izaera lehiakorra eta oldarkorra duen entrenatzailea da. Horren adierazle, Bartzelona Guayaquilen eztabaida gogorra izan zuen presidentearekin, eta dimisioa aurkeztu zuen. Gainera, epaileek behin baino gehiagotan kanporatu dute.

Zelaian ere nabari da izaera hori. Erasoko jokoa maite du, eta zuzen eta azkar mugitzea baloia. Betiere baloi jabetza edukita eta jokaldiak ondo landuz. Haren jokatzeko sistemarik gustukoena 4-4-2 da, bi euskarri ipinita. Mimoz zaintzen ditu detaile guztiak, eta oso metodikoa da. Goitik behera aztertzen eta ikuskatzen ditu entrenamendu eta neurketa guztiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna