Bingen Fernandez. Dimension Datako zuzendaria

«Cavendish lehiakorra da oso, baina autobusean beste pertsona bat da»

Gizarte arloak emaitzek adinako garrantzia duen talde batean dago Bingen Fernandez, eta horrek berezi egiten du lana. 2018ra begira, Louis Meintjes Tourreko lehen bosten artean egotea espero du, eta Mikel Landa itzuli handi bat irabazteko gai ikusten du.
SCOTT MITCHELL

Imanol Magro Eizmendi

2018ko urtarrilak 17
Calpen (Katalunia) erantzun du telefono deia. Taldea neguko entrenamenduak egiten ari da han. «Urte erdia» egiten du etxetik kanpo Bingen Fernandezek (Bermeo, Bizkaia, 1972), maletarekin gora eta behera, baina ohituta dago: haren bizitza horrelakoa izan da. Seme-alabarik ez izateak erritmo hori errazten du, eta bere bikotekideak ezagutu zuenean bizitza hau zeraman. «Agian iritsiko da une bat non 'aski da' esango dudan, baina orain oso gustura nago». Hitz egitean nabari zaio bermeotarra dela.

Aurtengoa zortzigarren urtea duzu zuzendari moduan. Hortik bizi daiteke, beraz.

Nik ez nuen inoiz pentsatu zuzendari izatea. Aukera nahi gabe iritsi zitzaidan. Zortzi urte daramat hemen, eta une gozoan nago. Talde honetan gustura nago; giro oso ona dugu, eta jarraitzeko asmoz nago.

Kanpotik ikusita, Dimension Datak talde oso ezberdina dirudi. Gizarte lan handiena egiten duen World Tourreko taldea da.

Niri beti gustatu izan zait jendea laguntzea, eta taldean oso presente dago. Hegoafrikan egonaldia egin genuen, eta umeei bizikletak eman genizkien. Egiten dugun horri beste balio bat ematen dio Qhubeka fundazioak. Gure garaipenek fundazioak umeei bizikletak emateko egiten duen lana bikoizten dute. Zenbat eta garaipen gehiago, orduan eta jende gehiago sartzen da webgunean [www.bicycleschangelives.org], eta bizikleta gehiago erosten ditu. Gutako bakoitzak bizikleta bat banatu zuen egonaldian, eta niri neskato bat egokitu zitzaidan. Galdetu nion: «Zenbat denbora behar duzu eskolara joateko?». Eta hark: «Sei ordu». Nik esan nion: «Ez eskolan, baizik eta bidean?». Eta hark: «Sei ordu». Ulertu ninduen; etxetik 15 kilometrora bizi zen. Hiru ordu oinez joateko eta hiru ordu itzultzeko. Hari bizikleta emanda, bizitza aldatu diozu.

Eta lehiaketa mailan talde ezberdina al da? Presiorik badago?

Alde horretatik, lan solidario hori motibazio erantsia da, baina lehiaketa lehiaketa da. Presioa? Nork bere buruari jarri behar diona. Gero, azkenik, babesleak ere daude, eta babesleek emaitzak nahi dituzte.

Dimension Data ez da Sky edo BMC talde erraldoi horietako bat.

Ez, diru kontuetan ez gara handienak. Beste talde batzuek material gehiago dute, kamioiak, azpiegitura... Talde horietako hiru txirrindulariren artean gure aurrekontu osoa egiten dute. Baina nik ez diot horri begiratzen, eta txirrindulari onak ditugula uste dut. Errepidean nire txirrindulariak dira onenak.

Dimension Dataren helburua Afrikako harrobia sustatzea da. Zer-nolako maila dago han?

Lan ona egiten ari gara Afrikan. Ez da Europako maila; lasterketak ikustekoak dira: estrategiarik gabe... Guk talde kontinental bat dugu, eta bertan trebatzen ditugu Afrikako txirrindulari onenak. Berde samar iristen dira taktikoki, baina fisikoki potentzial handia dute.

Zein da urteko helburua?

Bi daude. Gizarte mailakoa, 5.000 bizikleta lortzea; eta kirol mailakoak: Cavendish eta Tourreko etapak, Meintjesekin zerbait lortzea sailkapen nagusietan... Eta taldeak apurka gora egitea.

Louis Meintjes aipatu duzu. Bi urte kanpoan egin ondoren, berriz fitxatu duzue. Bi aldiz izan da 8. Tourrean, baina badu podiumeko lehian egoteko gairik?

Gaztea da. Iaz elastiko zuria lortzeko lehian ibili zen. Adin horrekin, beste hiru edo lau pauso eman ditzake. Bi urte barru podiuma lehiatzen egon daitekeela uste dut, eta aurten, lehen bosten borrokan.

Taldeko beste oilarra Mark Cavendish da. Nola dago?

Ondo; iruditu zait iaz baino sasoi hobeagoan dagoela. Hura txapeldun handia da, eta horiek ondo egon gabe ere irabazten dute.

Nolakoa da? Harroxkoa dirudi.

Superjatorra da. Nik aurkari moduan ezagutu nuen, eta beti esaten zuten pixka bat harroa zela. Baina ezagutu dudanean, pertsona oso ona iruditu zait. Taldekide ona ere bai, beti txantxak egiten, kideak babesten... Lider bat da.

Gelditzen al zaio gasik?

Bai. Iaz ez zuen zorterik izan: birusa, Tourreko erorikoa... Duela bi urte, onenak emanda zegoela esaten zuten, eta lau etapa irabazi zituen Tourrean. Konfiantza izan behar dugu harengan. Jende hori espeziala da, irabazleak dira. Lehiakorra da, eta irabazten ez duenean haserretu egiten da, badakielako bere ardura dela. Bi izaera ditu: kaskoa jartzean izaera bat du, eta taldeko autobusera igotzean, beste bat.

Omar Fraile joan zaizue.

A zer-nolako pena hartu dudan. Nik lan asko egin dut harekin, eta galera handia da. Komunikazio ona genuen gure artean, eta iaz Italiako Giro handia egin zuen. Omar heldu bat joan zaigu, eta aurrerantzean aurkari gogor bat gehiago izango dugu.

Igor Antonek 34 urte ditu. Zer espero duzu harengandik?

Meintjesi laguntzea eta esperientzia ematea. Harentzat laguntza handikoa izango da. Maila ona du, eta itzuliren batean harekin jokatuko dugu.

Zein traza hartzen diozu denboraldiari? Proba batzuetan txirrindulari bat gutxiago egongo da taldeetan. Nabarituko al da?

Lasterketa kontrolatu behar izateko uneetan nabarituko da, baina ez askorik. Lasterketak apur bat biziago ibiliko dira. Beste alde bat ere badu. Guk, esaterako, azpiegitura nahiko handia dugu, eta lasterketa gehiago hartu beharko ditugu txirrindulariak lehiatu daitezen. Horrek azpiegitura arazoa dakar; guk bi autobus eta bi kamioi ditugu, eta hirugarren fronte bat dugunetan zailtasunak izango ditugu.

Nola ikusten duzu World Tourra? Lasterketa berririk ez dago, ezta talde berririk ate joka ere.

Hasieran, txirrindularitzaren salbatzailea zirudien, eta gero oso txarra, elitista zelako. Orain erdiko une batera iristen ari gara, ez gora, ez behera. Dauden taldeek bi urterako akordioa sinatuta daukate, eta hortik aurrera, ikusi beharko zelan egituratzen den.

Sortu diren azken taldeak Bahrain eta UAE izan dira. Arabiako diruak salbatu ditu talde batzuk.

Ez nuke salbatu esango; talde berriak sortu dira. Mundua globalizatzen ari da, eta edozein tokitara joan behar duzu babesle bila. Hau industria bat da, txirrindularitzaren industria; zenbat eta babesle gehiago sartu, orduan eta hobeto.

Zer uste duzu gertatuko dela Chris Froomerekin?

Ez dakit. UCI dago hor, eta hari dagokio legeak betearaztea. Ikusi behar zer mugimendu egingo duten. Ez dut espekulatzen hasi nahi; haien lana da, eta guk onartu egingo dugu erabakia.

2018rako izen batzuk ematen ausartuko al zara?

Mikel Landaren urtea izan behar du. Pauso bat eman eta itzuli handi bat irabazteko urtea izan behar du, askatasun guztiarekin. Zorte pixka bat ere behar du.

Harritu al zaitu Movistarrera joan izanak?

Movistar talde oso ona da, indartsua, eta badu esperientzia itzuli handietarako talde handiak osatzen. Eusebio Unzue Periko Delgado eta Miguel Indurainekin ibili zen itzuli handiak irabazten. Erabaki ona izan da. Gero Quintana eta Valverde daude, baina beti esaten dena: errepideak jartzen zaitu zure lekuan.

Hamahiru euskal herritar World Tourrean. Asko edo gutxi dira?

Gutxi. Niretzat, beti, zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Ehunekotan ez dira asko, herrialde txikia garen arren.

Mugimenduak beherago daude: Murias, Euskadi Fundazioa...

Nik uste dut biak sendotu daitezkeela. Murias goraka doa apurka, eta Euskadi Fundazioa orain Kontinentala da. 2018ra arteko pauso hauek itxaropentsuak dira: bigarren eta hirugarren mailetan taldeak ditugu. Zer falta da? World Tourrean egotea eta gure txirrindulariek hor tokia edukitzea. Nik hori nahiko nuke.

Baina hori errealista da? Euskal talde bat egon daiteke?

Begiratu zenbat euskal txirrindulari on ditugun: Landa, Nieve, izagirretarrak, nafarrak, Iparraldekoak... Euskal talde bat egiteko nahikoa maila badago. Behar dena dirua da, txirrindulari horiek zure taldean gelditzeko. Batetik, harrobia behar duzu, eta, bestetik, babesa, txirrindulari horiek goiko taldean mantentzeko.

Murias eta Euskadi Fundazioa; ba al dago tokia bi taldeentzat?

Bakoitza bere mailan dago. Lasterketak badauzkate, eta horietara eramateko txirrindulariak. Nire ustez, badute lekua.

Zer moduz ikusten duzu euskal harrobia?

Gure garaiarekin alderatzen jarrita, txirrindulari kopuruak behera egin du, eta kopurutik ateratzen duzu kalitatea. Elitean euskal talde bat edukitzeak izaten du eragina, gero eta gazte gehiago hasten direlako. Halere, kritika bat egingo nuke: lasterketa eredua.

Azaldu kritika hori.

Elkarrizketa honen irakurleak uste al du Euskal Herrian esprinter bat gazte mailatik afizionatuetara pasatuko litzakeela dauden ibilbideekin? Edo afizionatuetatik profesionaletara? Euskal Herrian bakarrik gorakako ibilbideak daude. Nik ordekan ondo zebilen jendea ikusi dut, baina goraka ezin ziren lehiatu. Zenbat gelditu dira? Zergatik ez dira lasterketa errazagoak egiten, igoera txikiekin? Ikusgarriak dira, Donostiako Klasikoaren modukoak... Txirrindulari onak ditugu, baina euskal txirrindulari profila eskalatzailea da, eta tropelean ordekan ibiltzen den jendea behar da.

Euskal Herriko Itzuliak Bermeon izango du helmugetako bat

Ilusioa egin dit. Ez nuen inoiz pentsatu Bermeon etapa hasi edo bukatuko zenik. Sollube hor egonda, eta koskekin... Ziur etapa polita izango dela, baina ibilbidea ez da guztiz erabaki. Itzulia ezberdina izango da, harritu ninduen erlojupekoa ez izateak azken egunean. Nik uste dut txispa aldatuko diola eta polita egongo dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna