Las Palmas 0-1 Reala

Erreakzioa, beranduegi

Partida serioa jokatuta, garaipen ona lortu du Realak Las Palmasen. Imanol aulkian denetik, bederatzi puntuetatik zazpi lortu ditu

Mikel Oiartzabal, atzoko partidan sarturiko gola ospatzen. ANGEL MEDINA / EFE.
jon eskudero
Donostia
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Gola. 0-1: Oiartzabalek. Epailea. Alvarez Izquierdo. Txartel horiak: Realeko Canales eta Illarramendiri. Bestelakoak. 10.531 ikusle Kanaria Handia estadioan.

Imanol Alguacilen izaera halakoa omen da, eta Realaren gidaritza hartzeak loa gutxituko ziola esaten zuten haren ingurukoek. Lehen egunetik konpromisoa eta lana erruz azaldu ditu oriotarrak, eta inor gutxik uste bezalako emaitzak lortzen ari da Reala, entrenatzailea lasai egoteraino. Bide onari eusteko aukera ezin aproposagoa zuen atzo, Las Palmas amilduaren zelaian, eta bikain aritu ziren txuri-urdinak. Hasi eta buka, aurkaria baino askoz gehiago izan ziren, baina ate aurrean barkatutako aukera mordoaren erruz garesti ordaintzeko zorian izan ziren. Oiartzabalek sartu zuen partidako gol bakarra, lehen zatiaren erdialdean, eta aldeari eusten asmatu zuen Donostiako taldeak. Hala, Europako postuak urrun ditu oraindik, baina lehen baino gertuago.

Imanolek berak aitortu zuen partidaren atarian gakoa zera izan zitekeela: Las Palmasi lehen hogei minutuetan eustea. Jaitsiera postuetan egonik, irabazi beste aukerarik ez zuen etxeko taldeak, eta golaren bila zelairatu zen itsu-itsuan. Zelaian ondo kokatuta egoten asmatu zuen Realak, eta hogei minutu horiek pasatu bezain laster jo zuen kolpea mahai gainean. Oiartzabalek 21.ean sartu zuen gol bakarra. Illarramendiren pasea baliatuta, gol ikusgarria sartu zuen eibartarrak. Taldeko golegile onen artean bigarrena da gaztea, hamar golekin.

Atsedenaldira bitarte, aldea handitzeko makina bat aukera izan zuen Realak. Batez ere, Willian Josek izan zuen gola gertu birritan, baina ez zen eraginkor aritu. Navasek eta Januzajek ere ez zuten asmatu. Iragan astean Gironari bost gol sartu eta ate aurrean distiratsu aritu arren, atzo ez ziren fin ibili txuri-urdinak. Dena den, atzean sendo egon ziren, eta hori izan zuten oinarri bigarren zatian.

Izan ere, Las Palmasek lehia estutu zuen azken minutuetan. Gogor jo zuen ToƱoren ate ingurura, baina ederki jokatu zuen defentsan Realak. Ez zion inolako aukerarik eman. Imanol aulkian denetik, horretan hobetu dute gehien txuri-urdinek, eta datuak argigarriak dira. Azken hiru partidetan ez diete golik sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.