Hong Kongetik etorri da arnasa

Vincent Gave, Jean Baptiste Aldige eta Jean-Jacques Netter enpresariek Miarritzeren akzioen %52 batu, eta taldearen bideragarritasuna bermatu dute hiru milioi euroko diru sarrera batekin.

Miarritzeko zaleak harmailetan banderak astintzen, Baionari eginiko entsegu bat ospatzeko. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Miarritzeko zaleek beldur diete uda garaiei. Denboraldi amaiera gerturatu ahala, ia urtez urte iskanbila egoten da Aguilerako bulegoetan, eta sasoi honetakoa oso handia izan da. Hainbesterakoa, non Federale 1 Mailan bukatzeko zorian egon den, errugbiaren Hirugarren Mailan, baina aurreko asteburuan adosturiko akzio erosketa batek salbatu du taldea. Louis-Vincent Gave, Jean Baptiste Aldige eta Jean-Jacques Netter enpresariak akzioen %26 izatetik %52 izatera igaro dira, eta hiru milioi euroko diru sarrera hitzeman dute. Diru horrekin, Frantziako errugbi ligaren kontu ikuskaritza igaro ahalko dute, eta heldu den sasoian berriz ere Pro D2an lehiatuko da taldea.

Miarritzek gaur arratsalderako deitu du akziodunen batzarrera, eta, ondo bidean, taldeak agintari berriak izango ditu. Hiru enpresariek, Louis Vincenten aita Charles Gaveren babesarekin, Bruno Ledoux eta Benjamin Gufflet taldeko beste akziodun nagusien akzioak erosi dituzte (%26). Hobeto esanda, azken horiek duela astebete eskaini zizkieten, taldearen bideragarritasuna ziurtatu ezin zutela ikusita. Jabe berriei Hong Kongeko multzoa deitzen diete Miarritzen, Gave aita-semeek Txinako negozio hirian lan egiten baitute. Enpresa aholkularitza bulego bat dute, besteak beste burtsan inbertsioak egiteko, eta dirutza mugitzen dute. Haien negozio berria Miarritze da, eta, orain, nahi bezala mugi daitezke. Akzioen beste %48 akziodun txikien esku daude.

Baina zer gertatu da horrelako mugimendu bat gertatzeko? Bada, kontuek ez zutela ematen. Maiatzaren 17an, DNACGk, Frantziako Errugbi Ligak taldeen kontuak ikuskatzeko duen bulegoak, esan zuen Miarritzek 2,7 milioi euroko diru sarrera behar zuela , heldu den sasoian Pro D2an lehiatzeko: 400.000, defizita kentzeko; bestea, heldu den sasoiko aurrekontua ziurtatzeko. Miarritzek hamar eta 11 milioi euro arteko aurrekontua du. Bulego hori zorrotza da, eta, duela hiru urte, estu hartu zuen Miarritze. Taldeak astebeteko epea zuen dirua biltzeko. Mehatxuak argi gorria piztu zuen, eta administrazio kontseiluak denbora irabazi zuen helegiteei esker.

Ikuskarien oharra jasotzean, Ledoux eta Guffletek zuten kontseiluaren kontrola, eta Benoit Raynaud zen presidentea, haiek jarritakoa. Abenduan hartu zuten taldearen agintea, Nicolas Brusque eta Serge Blanco kenduta. Kargua hartu eta hilabete gutxira, Hong Kongeko multzoak aginte makila partekatzea eskatu zuen, eta, ezezkoa jaso ondoren, taldetik aldendu zen; haien sosa gabe, kontuek ez zuten ematen. Sasoi osoa hiru enpresari multzoen arteko botere borroka bat izan da, eta, hori gutxi balitz bezala, Pierre Bousquier hil zen martxoaren 30ean, azken hamarkadetan taldeko kudeatzailea izandakoa.

2000ko hamarkada hasieratik eta duela urte gutxi arte, Miarritze lasai ibili zen, Serge Kampf Capgemini enpresako burua eta taldeko mezenasa bizi zen bitartean. Sasoi amaiera guztietan, hark jartzen zuen aurrekontua konpontzeko dirua. 2016an hil zen, baina, eta bere semeek salgai jarri zituzten familiaren akzioak: %52. Ledoux eta Gufflettek erosi zituzten. Iaz erdiak saldu zizkieten hong-kongdarrei, eta orain beste erdiak. Zaleak mesfidatiak dira jabe berriekin, ia ez dutelako loturarik Miarritzerekin. Behin bakarrik egon dira hirian, eta hasieratik interes handia erakutsi zuten taldearen publizitate arloa kudeatzeko.

Gavek, Aldigek eta Netterrek aste hasieran idazki bat atera zuten, taldearen egoera egonkortuko zutela jakinarazi, eta taldeak hurrengo sasoia normaltasunez hasi ahalko duela esanez. DNACGk ekainaren 15a aldera ikuskatuko ditu berriz ere kontuak, eta, hiru milioi horiekin, Miarritzek ziurtatu ahal izango du Pro D2an jarraitu ahal izango duela.

Normaltasuna behar baitu taldeak. Jokalariek iragan astelehenean hasi behar zuten denboraldi-aurrea, baina astebetez atzeratu zuten, egoera instituzionala ikusita. Bulegoetako langileak ere greban daude iragan ostiraletik. Kirol eremuan lan handia dago egiteko. Gonzalo Quesadak jarraituko du zuzendaritzan, eta John Isaac izango da gibelekoen entrenatzailea. Beraz, entrenatzaile bat bilatu behar du, eta jokalari asko fitxatu. Ez da erraza izango, oso berandu baitabil. Aurreko sasoian seigarren izan zen Pro D2an, eta Top 14ra igotzeko kanporaketa jokatu zuen.

Baiona, lanean

Baiona, berriz, joan den astelehenean hasi zen lanean; gaur igaroko du DNACGren kontrola, eta ez da ezustekorik espero. Xuri-urdinentzat ere uda nahasia izan da, eta historiarako pasatuko da akziodunen batzarra blokeatu zuten zale multzoaren irudia. Jean Daugerren ere aldaketa haizeak ibili dira, eta Pierre Olivier Thoumieux eta Philippe Tayeb dira taldeko presidente berriak. Thoumieux AB Lagunak akziodun multzoko presidenteordea da, eta Suitzan bizi da, Genevan; beste 11 pertsona izango ditu alboan administrazio kontseiluan. Kirol arloan ere iraultza egin da, kirol zuzendari eta teknikari guztiak aldatu baitituzte. Yannick Bru da kirol zuzendaria, eta hura ari da taldea gidatzen egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.