Badira argi markak

Aitor Etxebarriak 'Markak' lana aurkeztuko du gaur Bilboko Kafe Antzokian, sei musikariz lagunduta. 1937ko bonbardaketa ardatz hartuta, Gernika arnasberritu bat islatu nahi du bertoko musikariak

gorka erostarbe leunda
2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Kosta egiten da minari, zauriari, traumari aurrez aurre begiratzea. Hura izendatzea. Eragin duenak isiltasuna ezartzen duelako, lehenik, aldez edo moldez. Pairatzen duenak, berriz, denbora behar izaten duelako. Aitor Etxebarria musikariaren kasuan ere ez da desberdina izan. Gernikan jaiotakoa izanik, 1985ean, betidanik «gertutik» bizi izan du duela 80 urteko bonbardaketaren gertaera, baina ez du haren inguruan gogoeta sakonik egin izan orain artean: «Nire amonak eta birramonak bizi izan zuten bonbardaketa, eta gauza gutxi batzuk kontatzen zituzten, ezkutatuta egon zirela eta... baina gutxi hitz egin izan dugu. Pisu historiko hori sentitu izan dut, baina agian pisu horregatik beragatik, alboratua izan dut haren inguruko hausnarketa urte luzez». Alabaina, markak ez dira bat-batean desagertzen...

Eta bonbardaketaren inguruko soinu banda bat egiteko aukera etorri zitzaion. Bernardo Atxagak bonbardaketa hark jendearengan utzitako arrastoekin osatu zuen Markak. Gernika 1937 liburua, 2007an. Marka haiengan soa jarrita Markak izen bereko dokumentala ondu du aurten Hannot Mintegiak. Eta hark emandako markei segika, filmarentzako soinu banda osatu du Aitor Etxebarriak, markatik markarako katea osatuz. Etxebarria eta Mintegia. Adiskideak eta musikariak dira biak, eta gernikarrak: «Elkarlana oso polita izan da. Hasiera-hasieratik bidaltzen zizkidan fotogramak Hannotek; bidaltzen zizkidan koloreak, tonuak...Kanpoan egonda ere, elkar komunikatzen pasatu dugu urte osoa. Benetan uste dut oso sortze prozesu ederra izan dela», gogoratzen du ilusio biziz Etxebarriak. Bere zigiluan, Forbidden Coloursen, kaleratu du Etxebarriak Markak.

Sorkuntza prozesu hori ez da amaierara iritsi oraindik. Gaur, beste bide bat hasiko du, diskoa zuzenean aurkeztuko baitute aurrenekoz, Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etan. Zazpi musikari bilduko dira oholtzaren gainean, Aitor Etxebarria Ensemble izenarekin: Jatsu Argarate (baxua), Leire Pikabea (biolina), Itziar Lertxundi (biolontxeloa), Hasier Oleaga (perkusioa), Hibai Etxebarria (pianoa), Hannot Mintegia (gitarra eta ahotsa) eta Etxebarria bera (teklatu eta programazioak). Ordubete pasatxoko emanaldia izango da. «Diskoko sei-zazpi kantu eta beste pare bat berri joko ditugu. Perkusioak diskoan baino garrantzi handiagoa izango du, eta piezak dezente antzaldatuko dira, luzeagoak izango dira». Diskoko kantu guztiak berak sortuak dira, bi piezaren salbuespenarekin. Mikel Laboak musikatutako Joseba Sarrionandiaren Oroitzen zaitudanean ama-ren eta Laboa beraren Liluraren kontra-ren bertsioak egin baitituzte. Bihar, Bartzelonako Sonar musika elektronikoko jaialdian ariko dira molde berean —bigarrenez ariko da han Etxebarria—. Ondoren, uztailaren erdialdera, New Yorkera egingo dute bidaia, eta, udazkenetik aurrera, «bira luzeago» bat iragarriko dute.

Diskoarekin, kontzertuarekineta birarekin zein marka utzi nahiko lukeen galdetuta, hona musikariaren erantzuna. «Nahi nuke jendearengan argi esperantzarako marka bat utzi. Badakit zenbaitek tonu ilunagoko lana espero zuela, eta normala da, kontuan izanik zein gertaera tragikotan oinarriturik dagoen. Baina nahi nuke jendeak bestelako Gernika bat irudikatzea 2037an».

Lobak, Astra... argia

Izan ere, egungo Gernikak energia eta argia transmititzen dio hein batean. «Interesgarria izan zen duela bost urte inguruko Lobak proiektua. Haren bitartez gogoratzen genuen bonbardaketa sufritu zutenen ilobak garela. Niri balio izan zidan gertatuaz hausnarketa egiteko. Gernikako gazte askok proiektu artistiko diferenteak egin genituen herrian, sirena originalak topatu zituzten Astran… Sinbologia asko eta oso diferentea jaso genuen, eta orain gertatutakoaz kontzienteagoak garela uste dut. Apur bat ahaztuta eduki dugu memoria. Eta etxean gehiago hitz egiteko balio izan dute horrelako egitasmoek. Eta bestetik, Gernikan daukagun Astra egitasmoa ere oso betegarria egiten zait. Hannotek soinu banda egiteko proposamena egin zidanean, bagenekien Gernikako energia eta indar berriak oso garrantzitsuak izango zirela, eta protagonismo handia izango zutela. Horrek guztiak asko erakarri nau, eta baita lagundu ere».

Argia transmititu nahi du bere musikarekin Etxebarriak, eta argia jaso izan du berak ere musikari bezala nola nazioartean hala Euskal Herrian. El_Txef_A izenarekin sona handiko musika jartzaile bihurtu da, eta musika elektronikoaren gune nagusietan aritu izan da, bai Berlinen, Londresen, New Yorken, Tokion... Markak lanerako, aldiz, izen artistikoa alboratu eta bere izen-deiturak erabiltzea erabaki zuen: «Inpultsiboa naiz oro har, eta nire lehen soinu banda honetarako izena aldatu nuen gehiegi pentsatu gabe. Gero, konturatu naiz oso ondo etorri zaidala nire barnean energia eta leiho berriak irekitzeko».

Energia eta argi berri horiek bultzatuta, dagoeneko ari da bigarren soinu banda batean lanean, baina bere dj jardunari ere ez dio uko egin nahi. «Bira luze bat hasiko dut udan, neronek bakarrik: Latino Amerika, AEBak, Europa, Asia... baina gero, agian, pixka batean geratu egingo naiz,berriro konposatzen hasteko».

Musika elektronikoa egin eta jarriz, soinu bandak sortuz, rock eta pop kontzertuak entzun eta biziz...

Bere markak han-hemenka uzten ari da Aitor Etxebarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.