Txema Esteban. Pankarta marrazkilaria

«Barcinak joko asko eman dit, baina oihaletik kendu nahi dut behingoz»

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Arrotxapeko peña txikiaren pankarta marrazten hasi zen Txema Esteban (Iruñea, 1973) duela hogei urte baino gehiago. Peña handiarena egin zuen gero, Bullicio Pamplonesena ere. Lehiaketetara aurkeztu zen, eta orain enkarguz egiten du lan. Ez da nekatu, eta ideia anitz dituela azaldu du.

Denbora luzean aritu zara pankarta artean; maite duzu, beraz?

Ez dakit zenbat egin ditudan. Gozamena da politikariak zirikatzea. Hogei urtetik gora pasatuta errepikakorra izan zitekeen, baina urtero erronka bat da, aldatzea gustatzen baitzait. Ez naiz helmugara ailegatu; beti ikusten dut zerbait berria.

Dagoeneko, lan bera egin duten beste pertsona ezagunekin batera jar liteke zure izena.

Inguru batzuetan personanon grata naiz, eta beste batzuetan, oso grata. Badira tragoak doan ateratzen dizkidatenak, eta badira aurpegira botatzen dizkidatenak.

Aurten gai anitz zenituen.

Gehiegi. Bost pankarta egin ditut, eta bostak erabat ezberdinak. Pertsonaia batzuk errepikatu ditut, adibidez, Polok joko handia eman dit. PSNri dagokionez, aurten lau ostikada on merezi zituen ipurdian, eta eman dizkiot. Politikan pertsonaiak aldatuz dihoaz, eta horrek lana errazten du. Bestalde, Barcina, orain arte nire pankartetako musa izandakoak, erabat nazkaturik nauka, beraz, oso gutxi atera dut.

Alkate izendatu zutenetik ez du inoiz hutsik egin Barcinak, izarra zen. Desagertzear da?

Hala espero dut. Uste dut aurki pertsonaiak berrituko ditudala, baita Barcina ere. Joko handia eman dit, baina oihaletik kendu nahi dut behingoz. Nik, eta seguruenik hiritar guziek ere.

Arazorik izan duzu lan honetan?

Bitan. Lehenbizikoa, 1993an, Arrotxapeko peñan errege familia marrazteagatik. Bartzelonako kondea hil egin zen, eta nik vespa sartu nuen. Cerverak bere alderdikideen gainetik agertu nahi izan zuen, eta salaketa jarri zidan. Bigarrena, oihal beltzen kontuagatik. Terrorismoa goratzeagatik inputatu ninduten. Aurten espero dut arazorik ez izatea errege familia sartzeagatik. Umorez hartu beharko lukete.

Adierazpen askatasunerako eta kritikarako gune bat izatea harro egoteko modukoa beharko luke demokrazian.

Bai, baina hezitako diktadura batean bizi gara, beraz, dena ezkutuan egiten da hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.