Reala 1-2 Athletic

Benetako derbia izan da

Anoetakoa baino askoz lehia parekatuagoa jokatu dute Realak eta Athleticek Kopako joanekoan. Zuri-gorriak nagusitu dira berriz

Julen Etxeberria.
Donostia
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Vanesa Gimbertek (19. min). 0-2: Damarisek (36. min). 1-2: Manu Lareok (87. min.). Epailea. Contreras PatiƱo. Txartel horiak: AthleticekoErikari eta Vanesa Gimberti; eta Realeko Gastearenari. Bestelakoak. Mila ikusle inguru Zubietako Z7 zelaian.

Realeko eta Athleticeko jokalari eta entrenatzaileek aste honetan zerbait argi utzi nahi izan badute, hori izan da bi taldeek Espainiako Kopako final-laurdenetan Zubietan jokatu beharreko joaneko partidak ez zuela zerikusirik izango ligako azkeneko jardunaldian Anoetan jokatutakoarekin. Neurketa beste lehiaketa eta zelai batean jokatuko zela zioten guztiek uste hori indartzeko.

Bada, jokatu dute txuri-urdinek eta zuri-gorriek Kopako joaneko norgehiagoka, eta bete egin da lehiaren bezperan esandako guztia. Derbi bat izan da, parekatua eta gogorra. Emaitzan, ordea, ez da aldaketarik izan, Athleticek irabazi baitu berriz ere. 1-2 irabazi zuen atzo Zubietan, eta, horri esker, urrats handia egin du finalerdietarako sailkatzeko. Alde ona du datorren asteazkenean Lezaman jokatuko den itzulikoari begira. Atzoko partidak txarretik gutxi izan zuen zuri-gorrientzat. Bakarra, Yulema Corresek min hartu zuela. Ikusteko dago zenbat denbora beharko duen aurrelariak osatzeko.

Lesio larria du Ramajok

Realarentzat, ordea, ezer gutxi izan zuen onetik. Orain astebete baino hobeto jokatu zuen, baina ez zen nahikoa izan Athletic mendean hartzeko. Etxean berriro aurkari nagusiaren aurka galdu eta Kopan kinka larrian geratzea nahikoa ez, Sandra Ramajo txuri-urdinen kapitainak lesio larria izan zuen ezker belaunean. Itxura txarra du, eta oso litekeena da denbora luzean egon behar izatea jokatu gabe. Kolpe gogorra litzateke, funtsezko jokalaria baita atzelaria Gonzalo Arkonadak entrenatzen duen taldean.

Atzo ikusi zen zenbateko garrantzia duen Ramajok, hark min hartu zuen arte nor baino nor gehiago ari baitziren bi taldeak. Baina Ramajok min hartu eta bost minutura sartu zuen gola Athleticek. Vanesa Gimbertek sartu zuen, falta jaurtiketa bat buruz errematatuta. Kapitainaren lesioak eta bisitarien golak min handia egin zien etxekoei, eta behera egin zuten. Bisitariek ondo aprobetxatu zuten aurrerapausoa eman eta partidaren kontrola bere egiteko. Hala, 36. minutuan, eta berriro geldikako jokaldi bati esker, bigarren gola sartu zuen Damarisek. Eskuarekin jo zuen baloia erdilariak, baina epaileak ontzat eman zuen gola. Atsedenaldian, Athleticek bideratua zuen garaipena.

Pentsatzekoa zen Reala itsu-itsuan zelairatuko zela bigarren zatian. Eta halaxe izan zen. Zuzen jokatzea erabaki zuen, aurkariaren areara iritsi bezain laster atea bilatuta. Urrutitik saiatu zen batez ere, eta horrela sartu zuen gola Manu Lareok 87. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa bati esker. Gol horrek itxaropena eman die txuri-urdinei, baina Athleticek alde du kanporaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.