Albistea entzun

Mandeuliei tulun-tulun

Joare hotsen oihartzuna Euskal Herri osora iritsi da. Atzo egindako bisita itzuliko diete gaur iturendarrek aurtiztarrei eta zubietarrei. Ohiturak indartsu jarraitzen du.
1
1 JON URBE / ARGAZKI PRESS

Maialen Belarra -

2016ko otsailak 2

«Zezenei joarea mandeuliak uxatzeko jartzen zaie. Guk ere zeregin hori dugu, baina kasu honetan mandeuliek espiritu txar guztiak irudikatzen dituzte. Joareen tulun-tuluna entzundakoan ez dira hurbiltzen ausartuko», halaxe azaldu du Egoitz Gorosterrazu iturendarrak, gosaltzen ari zen bitartean. Udaberriaren etorrera ere iragartzen dute joare hotsek. Atzo zubietarren eta aurtiztarren ttuntturroak elkartu ziren Iturenen (Nafarroa), eta gaur bisita itzuliko diete iturendarrek. Ostegunean hasi ziren inauteriak Malerreka ibarreko txoko horretan, baina atzoko eta gaurko egunak izaten dira nabarmenenak eta jendetsuenak.

Astelehena. Goiz erdirako Iturengo plaza betetzen hasi da. Euskal Herriko txoko guztietako bisitariak bildu dira; batzuk autoz, besteak autobusez eta beste asko oinez. Iturendarrak, ordea, herriko etxeko ganbaran bilduta egon dira eguerdira arte. 11:30ean hasi dira joaldunak janzten eta mozorroak biltzen.

Maskara bila dabil Oier Bereau gaztea. «Astelehenarekin normalean ez ditut joareak jotzen, gaur [atzo] profesionalen eguna da», esan du erdi txantxetan. Ondoan dauka Gorosterrazu, Bereau ez bezala, joareak jartzeko txandaren zain. Txikitan ikasi zuen joareei soinua ateratzen, baina 16 urte zituenean hasi zen bi egunez ateratzen; igandean puska bila eta astelehenean Iturenen. «Ia-ia berezkoa dugun zerbait da, inork irakatsi gabe ikasten duguna».

William Lomana kolonbiarra da sortzez, eta Iturenen bizi da 2 urte zituenetik: «Etxeko sotoan ikasi nuen joareak jotzen, eta ordutik ia urtero atera naiz. Egia esan, bihotzean daukadan zerbait da. Aurten medikuak gomendatu dit ez jotzeko, eta sekulako pena ematen dit». Mozorroa prest dauka Lomanak, hala ere. Aitortu du maskara eramatean lotsa desagertzen dela.

Plazara 13:00etan jaitsi dira lehen joaldunak, beste batzuk ganbaran prestatzen ari ziren bitartean. Bost minutu inguru behar dira joaldun bakoitza ongi janzteko. Gorosterrazuk argi du hobe dela denbora hartzea, fundamentuz janzteko: «Denbora dezente iraun behar dugu hauekin; joareek mina eginez gero, akabo». Joaldunak herriari lehen itzulia ematearekin batera hasi dira orgak eta mozorroak azaltzen.

Motozerra hotsa gailendu da une batez, umeen oihuekin batera. Pinu adarrak bizkarrean, kuboak arrastaka, kamiseta hautsiak, maskara beldurgarriak aurpegian, eta listo. Mozorroa prest. Bisitariak zirikatzeko eta beldurtzeko ez da askorik behar. Amaiur Olariz Astigarragatik (Gipuzkoa) etorri da, gelakideekin. Ez da hain erraz ikaratzen. Are gehiago, baieztatu du beldur handiagoa pasatzea espero zuela. «Iaz etorri zirenek ohartarazi gintuzten, baina ez da horrenbesterako, badakigu txantxetan ari direla». Denak ez dira iritzi berekoak, ordea. Badago mugak gainditu direlako ustea duenik ere. «Hildako animaliak erabiltzen dituzte askok bisitariak izutzeko, eta ez dut uste horren beharrik dagoenik», dio Mari Carmen Zelaietak. Gauza bera esan du Felipe Ganboa Doneztebeko (Nafarroa) eskolako ikasketaburuak ere. 40 neska-mutil etorri dira handik, eta neska bat negarrez hasi da katu hil bat ikustean. «Animaliak horrela erabiltzea onartezina da», azaldu du Ganboak.

Era askotako orgak egon dira, dena den. Idi proba egin dute aurtiztarrek, esaterako, baina pertsonak ziren harriei tiraka zebiltzanak. Nafarroako kateak ere irudikatu nahi izan ditu lagun talde batek, gorputza gorriz pintatuta eta katez inguratuta. Karmendarren komentua ere plazara iritsi da, eta baita gaztaina erretzeko pare bat orga ere. Bost negarti ibili dira beltzez jantzita bueltaka.

Baina protagonista nagusiak joaldunak dira Iturenen. Ganbaratik joaldun guztiak jaisterakoan, Latsaga auzora abiatu dira, zubietarrei eta aurtiztarrei ongietorria ematera. Haurrak, gazteak eta helduak isildu dira suziria entzun dutenean, eta irribarrea nagusitu da. Joare hotsa geroz eta hurbilago zegoen. 15:00 aldera jaitsi dira herrira.

70 ttuntturro baino gehiago batu dira herrian bueltaka. Erdian korrika eta saltoka bi hartz zeuden jendea zirikatuz, bakoitza bere zaindariarekin. Zelaieta adi-adi egon da plazatik pasatzen ari ziren momentuan: «Oilo ipurdia jartzen zait hainbeste ttuntturro elkarrekin ikustean. Lehia egon daiteke herrien artean, baina hemen ez dago giro txarrik. Hamaika aldiz ikusi izanagatik, urtero momentu berezia da hau».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©Joanes Etxeberria - Iparraldeko Hitza

«Maskaradaren ideia abiatu zen, dantzariak badirelako»

Joanes Etxeberria - Iparraldeko Hitza

Dantzaria da, baina barkoxtarren biharko lehen maskaradan kauter izanen da; neska bakarra. Urte bat gibelatu baino, deliberatu dute udan ematea usaian inauteri garaian izaten den maskarada.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nire ilusioa da ikusleek obrekin konektatzea eta zerbait sentitzea»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Margolanen eta eskulturen bitartez barneko sentimenduak azaltzeko nahia du Mingolarrak. Duela hogei urte inguru egin zituen bere lehen lanak, era autodidaktan. Orain, lan batzuk ikusgai daude Ean.
Andoni Egaña eta Alaia Martin, bertsotan, Patxa plazan, 2018ko Baionako bestetan. ©ISABELLE MIQUELESTORENA

Besta eredua, auzitan

Iñaki Etxeleku

Osasun egoeragatik, Frantziako Estatuak eta herriko etxeak Baionako bestak debekatu dituzte, eta gazte asanbladak ez ditu besta alternatiboak antolatuko Patxa plazan. Bestek ekarri eraso sexistak ikusirik, ereduaren garrantzia aipatu dute gazte asanbladako kide batek eta EHZko Brigada Ubeleko beste batek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.