Ehun urte banbalinen artean

Mendeurrena ospatzen dabiltza Gasteizko Principal antzokian. Eraikin moderno eta dotorea izan zen, baina, egun, txiki gelditu da.

Italiar estiloko antzokia da Principal. Madrilgo Zarzuelan dago oinarritua. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Konpainiak etortzen diren bidetik joaten dira. Aktoreek, zuzendariek, teknikariek... ez dute Gasteiz ezagutzeko denbora askorik hartzen, beste aretoren bat zain izaten dutelako. Baina joan-etorri horretan, bada Gasteizen ehun urte daramatzan protagonista bat: Principal antzokia. «Antzokia zaharragoa da, baina, sute baten ondorioz, erabat berriztatu behar izan zuten». Hala hasi zen, 1918. urtean, antzoki historiko horren ibilbidea.

Zenbat lan antzeztu diren kontua galdua dute jada arduradunek. «Urtean 140 obra baino gehiago taularatzen dira», azaldu du Alberto Etxeberria antzokiko teknikariak. «Gehiago ere hartuko genituzke, baina ez da posible», gaineratu du. Lehen antzezlana Napoleonen Gortea izan zen, Garnieri-Marcheti konpainiak emana. Nagusiki, antzezlanak, musikalak eta kontzertuak ematen dira antzokian. Harrera beroa izaten dute, sarreren %90 inguru saltzen baitira.

Italiar estiloko antzokia da: agertokia proszenio-arku batez bereizia dago, eta ikusleek inguratu egiten dute beheko jarlekuetan eta mailakatutako gela eta mailadietan. «XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako ohiko antzokia da. Viktoria Eugenia, Arriaga, Gaiarre eta halako antzokien egitura bera du», nabarmendu du Etxeberriak. Halere, Cesareo Iradier arkitektoa Madrilgo Zarzuela antzokian oinarritu zen Principal antzokia eraikitzeko. Inguruko antzokiak bezala, Gasteizkoa ere glamour-a duen eraikina da: besaulki gorriekin, sabaitik zintzilik dagoen argi armiarma dotorearekin, sarrera zabal eta argitsuarekin...

Antzokia egokitu egiten da, lanaren arabera. «Agertokia obraren beharretara moldatzen dugu antzokiko langileok. Lan oso desberdinak izaten ditugu gurean. Dagoen baldintza bakarra agertokia egokitzeko materiala sarrerako atetik sartzea da». Adibidez, orfeoiaren kontzertuetan, oholtza txikitu eta soinua ikusleengana bideratzeko, egurrezko kutxa bat eraikitzen dute langileek. Guztira, 21 langilek egiten dute lan antzokian. «Konpainiek euren teknikariak izaten dituzte, baina antzokiak ere baditu langile propioak. Obraren zuzendariak planoak bidaltzen dizkigu zer eta nola prestatu jakiteko, eta gure teknikariak lanean hasten dira, konpainia etortzen denerako lanak aurreratuak izateko». Antzokiaren edukiera ere ez da beti berbera, obraren ezaugarrien arabera posible delako lehen ilarak okupatu behar izatea.

Bat-batean, obra baten atzean soilik musikariak edo antzezleak dauden itxura eman dezake. Baina ez da hala. Konpainiak lantalde handiak dira, besteak beste, jostunak, makillatzaileak, soinu eta argi teknikariak, zuzendaria, kudeatzailea... Musikaletan bestelako antzezlanetan baino lantalde are handiagoa izaten da. «Krisiarengatik, lantaldeak asko murriztu dira, eta ahalik eta langile gutxien mugiarazi nahi izaten dute konpainiek», azaldu du Etxeberriak. Principal antzokikoek ere nabaritu dute krisia. «Aurrekontuetan kulturak ez du jasotzen diru sailik handiena.2012az geroztik nabaritu genuen diru sarrerak murriztu egin zirela, baina publikoa ez da sekula gutxitu».

Toki nahikorik ez

Antzezlanak asko garatu dira azken ehun urteetan. Teknologiak presentzia handia du egungo obretan, eta Principal antzokiak biziberritzen jakin behar izan du. «Argia eta soinua ordenagailu bidez kontrolatzen dugu egun, baina eskuekin ere lan egin behar izaten dugu». Adibidez, kontrapisu sistema baten bidez, langileek gora eta behera ibiltzen dituzte antzerkiko lokalizazioak. «Oraindik mantentzen ditugu garai bateko joerak».

Obrak haziz joan dira, baina antzokiak ezin du. Deigarria da nola agertokiaren atzealdean, edozein txoko baliatzen duten materiala pilatzeko. «Ez dugu tokirik sobera, eta espazioa ongi kudeatu behar da».

Oholtzaren azpian argi fokuak eta piano bat daude; gainean, berriz, oihalak; eta atzealdean, konpainiek ekarritako materiala jasotzen dute. Atzeko parteko korridoreak duela ehun urtekoak dira, eta estuak dira. Horregatik, bidea garbi egon dadin, guztia txukun egon behar da jasota. «Zubira igotzeko eskailerak originalak dira. Egurrak behar izan dituen konponketak besterik ez da egin».

Iruñean Baluarte, Bilbon Euskalduna eta Donostian Kursaal. Hiri batzuek, antzoki klasikoez gain, areto berriak eraiki dituzte. Gasteizen proiektuak egon dira, baina ideiak bere horretan gelditu dira. «Gasteizek merezi du antzoki modernoago bat». Orube berean izatea gustatuko litzaioke Etxeberriari.

Izan ere, Principal antzokiak xarma berezia duela dio Etxeberriak. «Gasteiztarrek Principal bihotzez maite dute». Indar horrekin, beste ehun urte ere iraungo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.