1.500 gailur sakelakoan

Eibarko CodeSyntax enpresak Mendiak doako aplikazioa jarri du martxan. Euskal Herriko gailur nagusietako informazioa jaso ez ezik, sare sozial gisa ere funtzionatzen du.

Julen Aperribai.
2016ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Mendian galtzeko arrazoi bat gutxiago izango dute aurrerantzean euskal mendizaleek. Izan ere, Euskal Herriko 1.500 gailurren informazioa biltzen duen aplikazioa sortu du Interneteko proiektuen garapenak egiten dituen Eibarko CodeSyntax enpresak. Astelehenean eman zuten ezagutzera Mendiak aplikazioa. Android sistema eragilearen Play Store plataforman dago eskuragai.

Erreminta horren funtzioetako bat mendien inguruko informazioa zabaltzea izango da, gailur nagusien zerrenda, fitxa, datu, argazki eta kokapenarekin. 1.500 mendien artean bilaketa egiterakoan iragazkiak erabili ahalko dira: baloratuenak, gertukoenak, garaienak, haurrekin igotzeko modukoak, eta abar.

Ez da hori izango, hala ere, funtzio bakarra, aplikazioaren jabe egiten direnei aukera emango baitzaie gainontzekoei haien igoeren berri emateko. Modu horretan, erabiltzaileak erakutsi ahal izango du zein mendi igo dituen, noiz eta zenbat aldiz. Norberak bere atala izango du, eta argazkiak ere jarri ahalko dira. Estatistika pertsonalak ere azalduko dira, inork bere hobekuntzak neurtu nahi baditu. Proiektuaren bultzatzaileetako bat Asier Sarasua izan da, eta erabilera hori nabarmendu du Sarasuak: «Horixe da aplikazioaren erabilera nagusia: mendizaleok gure mendi igoeren datu eta historial osoa gure sakelakoan izatea».

Gainerako erabiltzaileen igoerak ere ikusi ahalko dira, eta baita iruzkinak egin eta puntuazioa jarri ere. «Mendien inguruko sare sozial txiki bat egitea da asmoa», azaldu du Josu Azpillagak; proiektuan parte hartu du Azpillagak. Haren esanetan, ez da egin goi mailako mendizaleei begira, baizik eta «igandean mendira joatea gustatzen zaien horiei begira».

Aplikazioa garatu dutenek oso kontuan izan dituzte diseinua eta alderdi grafikoa, ahalik eta aplikazio errazena eta erabilgarriena sortzeko, eta edozein erabiltzailek arazorik gabe erabil dezan.

Euskara hutsean dago aplikazioa; hala ere, ez dute baztertzen hizkuntza gehiagotara itzuli eta beste lurralde batzuetako mendiak ere jasotzeko aukera. Gaur egun, denetariko aplikazioak egon arren, euskaraz eta euskal mendien ingurukorik ia ez dagoela dio Azpillagak. Hutsune hori betetzeko asmoz sortu da proiektua.

Erantzunarekin harrituta

Ofizialki astelehenean aurkeztu arren, udara aurretik sortu zuten aplikazioa. Proba fasean egon da ordutik. Sortu dutenek eta euren gertukoek probatu dute azken hilabeteetan, iritziak jaso eta zertan hobetu jakiteko. Behin publikoaren esku jarrita, izan duen erantzunarekin «harrituta» dagoela adierazi du Azpillagak. Harrera ona izan du. Horren adibide da egun bakar batean 1.000 deskargatik gora izan zituela aplikazioak.

Software librea erabiliz garatu dute Mendiak CodeSyntax enpresakoek. Erabilitako informaziorik gehiena, beraz, datu base libre eta publikoetatik jaso dute. Horrek lana erraztu diela azaldu du Azpillagak, nahiz eta ondoren bildutakoa antolatzen eta txukuntzen lan handia egin behar izan duten.

Aurrera begira, aplikazioa zertan hobetu pentsatzen ere hasiak dira, «oraindik eta sare sozialago bat» egiteko. Hori, dena den, aplikazioak egingo duen bideak baldintzatuko duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.