Haginari balioa ematen

Gipuzkoako Pagoetako parkean, Aizarnan eta Hernio mendian dauden haginak zenbatzeari ekin dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zenbatzen eta sailkatzen hastean ohartu dira Iberiar penintsulako populaziorik handiena dela, eta Europako handienetako bat.
Haginak, Pagoetako parkean; orain hasi dira zenbat dauden kontatzen, eta 12.000 inguru egon daitezkeela uste dute.
Haginak, Pagoetako parkean; orain hasi dira zenbat dauden kontatzen, eta 12.000 inguru egon daitezkeela uste dute. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Irene Arrizurieta - Iker Tubia -

2014ko irailak 30
Behin betiko zenbaketa oraindik bukatu gabe dagoen arren, seguruenik Aiako Pagoeta parkean, Aizarnako mendietan eta Hernio mendian (Gipuzkoan) egongo da Iberiar penintsulako hagin kopuru handiena, eta Europako handienetako bat. Oraingoz Pagoetako aleak bakarrik ari dira zenbatzen; jada 5.000 ale batu dituzte, baina hiru eremuak aintzat hartuta, 12.000 eta 15.000 zuhaitz egon daitezkeela uste dute. Ondare ekologiko horri behar bezalako balioa emateko, Europako Batasuneko Life proiektu bat eskatzeko asmoa du diputazioak.

Hagina (Taxus baccata) zuhaitz berezia da. Zati gehienak pozoitsuak ditu gizakiontzat, hazia inguratzen duen mami gorrixka salbu. Hazkunde motela du, eta itzalpe hotz eta menditsuak aukeratzen ditu hazteko. Hogei metroko altuera lor dezake, eta mila urtetik gora bizi daiteke. Beste landare dioikoen kasuan bezala, zuhaitz arrak eta emeak aurki daitezke haginen artean. Haren zura oso estimatua izan da, eta bada oraindik ere. Erretxina gabekoa eta oso gogorra da; arotz lanetan betidanik maitatua izan da. Europan hedadura handia izan zuen hostozabal basoekin batera, baina gerora, gizakiaren eraginez, nabarmen urritu den zuhaitza izan da.

Pagoeta parkeko basozainak haginaren garrantziaz ohartu dira. Milaka hagin daude parkean, baina beste zuhaitz batzuen artean nahiko gordeak: izei gorriak, Douglas izeiak, alertzeak, haritzak eta pagoak dituzte inguruan.

Bi urte daramate zenbaketa egiten. «Oraindik zenbatze lanetan gaude. Bost mila inguru zenbatu dira Pagoetan. Baina hiru eremuak kontuan hartuta, eta aurreikuspena betetzen bada, 12.000-15.000 hagin egon daitezke», dio Ismael Mondragonek, Gipuzkoako Diputazioko Baso eta Ingurumeneko zerbitzuburuak. Lan handia da, haginak dauden gune asko oraindik kokatu gabeak dituztelako eta gune malkartsuetan daudelako. Zenbaketa noiz bukatuko duten ere ez dakite. Baso mistoak osatzen dituzte. «Batzuetan beste habitat batzuetan agertzen da, pagadi eta koniferen artean. Beste sail batzuetan, berriz, bera da nagusi».

Baliteke Pagoetan egotea Iberiar penintsulako hagin basorik handiena. Hala uste du Pruden Fernandez Haginen eta Hagin Basoen Lagunen Elkarteko lehendakariak ere. Hainbat aditurekin batera, Gipuzkoan izan ziren martxoan, haginaren egoera bertatik bertara ikusteko. Diputazioarentzat txosten bat egin zuten, eta populazioaren garrantzia nabarmendu zuten. Egoera anitz aurkitu zituzten Gipuzkoara egindako bidaian: itzal handia ematen duten pinaburudun exotikoen azpian, haginarentzako egokiagoak diren amilburuetako basoetan, pagadietan, haritzekin batera eta baita sasi artean ere. Azken hori da «kasu bitxienetako bat», Fernandezen aburuz. «Eremu batzuetan erregenerazioa oso egokia da, eta adin tarte handia dago zuhaitzen artean; beste batzuetan, berriz, ia ez dago erregeneraziorik, eta egoera eskasean dira zuhaitzak, alde ekologikotik begiratuta eta haien osasunarenetik ere».

Zuhaitz mota horrek behar duen klima dela eta, penintsulako iparraldean ikusten dira batik bat, Kantauriko kostan. Orain arte ezagutzen den basorik handiena Asturiasen dago (Espainia), Sueven: 9.000 hagin biltzen ditu. «Pagoetan, agian, sakabanatuago daude zuhaitzak, eta Suevekoa multzo bakarra da gehiago». Pagoetan, eremu batzuetan, baso itxiak daude, eta beste batzuetan, hagin kopuru gutxiago.

Europan zabalagoak dira hagin basoak, oro har. Hezetasun handiagoa dago, eta tenperaturak apalagoak dira. Beraz, egoera hobea da haginarentzat. «Horren eraginez, ugariagoa da hagina, eta baso izugarriak daude zuhaitz kopuruari, zabalerari eta zuhaitzen tamainari dagokienez, besteak beste». Adibidez, Ingalaterran hagin baso «oso handiak» daudela dio Fernandezek, eta Europako ekialdeko herrialdeetan baso erraldoiak daude. «Pagoetan 12 edo 15 mila zuhaitz egon litezke, eta Europako ekialdean 60 edo 80 mila zuhaitzekoak ere badira».

Haginaren babesa

Natura 2000ko sarean dago Aiako Pagoeta parkea eta sare horretan lehentasunezko baso gisa agertzen da hagin basoa. Baina Pagoetan eta inguruko mendietan dauden haginek ez dute baso bakar bat osatzen, hagin populazio bat baizik, zuhaitz batetik bestera 500 metroko distantzia dagoelako. Noizbait hagin basoa izanen den edo ez adituek zehaztu beharko dute. «Aralarren bakarrik dago hagin baso bat: Putxerrin. Eta ez da mila alera iristen», esan du Mondragonek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Mehatxatutako Espezieen Katalogoan interes bereziko zuhaitz gisara sailkatua dago. Pagoetako haginek balio berezia dute, hedatzen ari den populazioa delako. «Hagina zabaltzen ari da, eta hori ez da Iberiar penintsulan beste inon gertatzen ari». Pagoetan, Hernion eta Aizarnan bakarrik. Gainera, hagin basoak lehentasunezko habitatak dira Europako legedien arabera. Hau da, babesturik egon behar dute eta kudeaketa planen bat izan beharko lukete. Plan horietako asko, baina, orain ari dira prestatzen.

Gipuzkoari dagokionez, haginaren egoera hobetzeko, Europako Batasuneko Life proiektu bat egiteko diru laguntza eskatzeko asmoa du diputazioak. Life proiektuak eskatzeko epea urrian bukatzen da, eta, aurten ez bada, heldu den urterako eskatuko dute diru laguntza. Proiektuak hagin multzoak kudeatzeko irizpideak ezartzeko balioko du.

Penintsulan dauden haginak oso handiak dira, zaharrak eta oso nekez birsortzen direnak. Parkean eta inguruko mendietan, aldiz, ez dira bakarrik zuhaitz zaharrak aurkitzen, aitona-amonak alegia, hainbat adinetako aleak baizik: helduak, gazteak eta birsortzen ari direnak. «Diru laguntzek kudeaketa hobetzen lagunduko digute. Ugalketa lanetarako eta dibulgaziorako, ona izango da», dio Mondragonek. Hiru eremuetako haginak Life proiektu batean sartzeak balio handiagoa emanen lioke egiten ari diren sailkapen eta lanari. «Dugun hagin populazioari balioa emateko balioko luke. Inguruari balio handiagoa emanen lioke».

Hagin basoak babesteko planak askotarikoak izan daitezke. Toki batzuetan, hesiak jartzen dituzte, zuhaitzak sortzea eragotz dezaketen animaliengandik babesteko —basa animaliak zein abeltzaintzakoak—. Bestalde, garbiketa lanak ere egin ohi dira. Hau da, haginaren osasunari kalte egiten dioten beste zuhaitz mota batzuk kendu egiten dituzte. Batik bat pagoen eta pinaburudunen itzal handietatik babesteko izaten da.

Gerrarako eta sendatzeko

Haginaren egurrak erabilera mota asko izan ditu Neolito garaitik hona. Arkurik onenak ere, haginaren egurrarekin egiten omen dira. Adibidez, arku luze ingelesa deiturikoa —longbow—, haginarekin egina da. Erdi Aroan erabiltzen zen, ehizarako eta gerrarako, eta oso arma indartsua zen. Euskal Herriko haginak Ingalaterrarako moztu izan direla ere esan izan da. Eta baita gerra denboretan, inbaditutako lurretako haginak txikitzen zirela, bertakoek ezin zezaten kalitatezko arkurik egin.

Ehun Urteko Gerran frantsesek arkuekin garaitu zituzten ingelesak. Ingelesei beren haginak amaitu zitzaizkienean, Europa guztian bilatu zituzten haginak. Gertuen zituzten Kantauriko herriak, eta Tirolgo hagin basoak ere hiru urtean ezereztatu zituzten: 36.000 arku atera zituzten. Nahiz eta arkabuzak erabiltzen hasi, jarraitu zuten mendeetan arkuak erabiltzen, arma gisa potentzia handikoak eta azkarrak zirelako. Euskal baleaontziei zerga bat jarria zitzaien: Ternuarako bidean Ingalaterran gelditzen ziren merkataritza egiteko, eta garraiatzen zuten tona bakoitzeko, zerga bat ordaindu behar zuten arkutan. Hagina oso ahaztuta dago, baina, zenbait mendetan eta ingelesen eraginagatik, garrantzitsua izan zen Europan. Oso hazkunde motelekoa denez, galera handia izan zen.

Balio sinboliko eta historikoa duela aitortu du Fernandezek, oso zuhaitz zaharra baita. Baina badira «interesa» eransten dioten beste zenbait balio. Adibidez, bertatik lortzen den taxanoa, minbiziaren aurkako substantzia, alegia. Bide horretan, arazoak izan dira munduko txoko batzuetan. Adibidez, Txinan eta Siberian hagin baso handiak deuseztatu zituzten substantzia hori lortzeko. Izan ere, molekula kimiko konplexua da, eta ez dago laborategietan sintetizatzerik. Beraz, zuhaitzetatik bertatik hartu behar da. Horregatik, orain 15 edo 20 urte baso erraldoiak zirenak desagerrarazi zituzten herrialde horietan.

Gai garrantzitsua izaten da hori haginei buruz mintzatzerakoan. Hain zuzen ere, urriaren hondarrean haginari buruzko nazioarteko jardunaldiak eginen dituzte Katalunian; 23tik 25era, hain zuzen ere. Han ere gai horri buruz arituko direla iragarri du Fernandezek. Adibidez, Kanadan lantzen ari diren espezie bati buruzko xehetasunei buruz. «Ez da zuhaitza, zuhaixka baizik, eta, dirudienez, taxano gehiago ekoizten dute. Gainera, zuhaixka izanda, errazago haz daitezke».

Ez da hori izanen, baina, gai bakarra. Haginaren inguruan lanean diharduten profesionalen bilkura izanen dira jardunaldiak. Europako Taxus baccata zuhaitzarekin batera, munduan zehar diren beste hagin motak ere hizpide izanen dituzte. Amerikan lauzpabost daude; Asian, sei inguru, eta Indian ere badira beste mota batzuk. «Hainbat tokitatik etorritako jendeak beren inguruaren berri emanen dute, zein egoeratan dauden azaldu, egin dituzten ikerketei buruz aritu...». Han euskal haginen egoeraz ere mintzatuko dira hainbat hitzalditan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna