Frantziak Euskal Herritik gertueneko kartzelara eraman ditu bi euskal preso

Etxerat-ek ohartarazi du etxetik urrundutakoak hurbildutakoak baino gehiago direla. Frantziak ukatu egin du espetxe politika aldatu duela

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
EPPK-ko kideek sakabanaketa amaitzeko eta Euskal Herrira gerturatzeko egin dituzten eskaerek jaso dute baiezko erantzunen bat. Frantziak baietza eman die Alex Akarregik eta Oier Anduezak egindako eskakizunei, eta Euskal Herritik gertuen dagoen kartzelara eraman ditu: Landetan dagoen Mont de Marsan espetxera. Vocento taldeko egunkariek kaleratu dute albistea, eta Etxerat-ek baieztatu egin dio informazioa BERRIAri. Neurria, hala ere, ez dela orokorra ohartarazi du presoen senideen elkarteak; bi horiek gerturatu izana pozik egotekoa dela baina badirela Euskal Herritik asko urrundu dituzten presoak ere. Are, gehiago direla urrundu dituztenak gerturatu dituztenak baino. Etorriko denaren zain dago, beraz, Etxerat.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, berriz, «zorrotz» ukatu du Frantziak espetxe politika aldatu duela: «Frantzia Espainiarekin lerrokatuta dago terrorismoaren aurkako borrokan eta espetxe politikan». Halaxe baieztatu du Frantziak berak ere, Espainian duen enbaxadaren bidez. «Egoera hori ezin da ulertu kartzela politikaren aldaketa gisa», adierazi dute ohar batean, eta gogora ekarri dute legeak ezarritako baldintzak soilik hartzen dituztela kontuan, «gainontzekoen» kasuan bezala.

Duela bi hilabete hasi ziren mugimenduak Frantzian, Eneko Zarrabeitia Mont de Marsanera eraman zutenean. Oier Andueza eraman zuten gero. Zarrabeitia Espainiaren esku utzi zuten, eta Andueza bakarrik geratu zen presondegian. Akarregi ere bakartua zuten, Tarasconen.

EPPK-ko kideek abiatutako ekinbidearen barruan, bakartzea amaitzea eta Euskal Herrira gerturatzea galdegin zuen Akarregik. Proposamena onartzen ziotela erantzun zioten, eta Mont de Marsanera eraman zuten.

Mont de Marsan espetxea egokia izan daiteke Frantzian dituzten euskal presoak biltzeko. 2008an eraiki zuten, eta 690 presorentzako lekua du —99 euskal preso daude Frantzian—. Zigorra betetzen ari direnak eta epaiketaren zain daudenak hartzen ditu, gainera, presondegiak. Baina badu arazo bat: ez du emakumeentzako lekurik. Alde bat egokitzea izan liteke irtenbidea.

Etxerat-en ustez, bi euskal preso hara eraman izana ona da. Hala ere, ohartarazi du horrek ez duela esan nahi Frantziak sakabanaketa amaitzeko asmoa duenik. Akarregiren inguruan hartutako erabakia bakartzea amaitzeko neurria ere badenez, salbuespen neurria izan daitekeela azaldu du.

Egia da Frantzian espetxez aldatu dituzten beste hiru bat euskal preso zerbait gerturatu dituztela. Baina Etxerat-ek ohartarazi du beste batzuk askoz gehiago urrundu dituztela. Esate baterako, Euskal Herritik urrutien dagoen Bapaume espetxera eraman dituzte bi preso, berriki, Frantzia erdialdean dagoen Poitiers kartzelatik. Duela astebete, Marseilla ondoan dagoen Tarasconera urrundu zuten beste bat.

Presoak eta ministroa

Asteartean, Frantziako Justizia ministroaren aurrean sakabanaketa salatu zuten Bois d'Arcy kartzelan dituzten euskal presoek. Gara egunkariak jakinarazi duenez, Oier Oa, Aitzol Iriondo, Iurgi Garitagoitia eta Andoni Lariz presoek ikusi zuten Christiane Taubira espetxe barruan zela, kartzela bisitatzen. Euskal presoak Euskal Herrira idatzirik dauzkaten afixak hartu, ministroa zegoen tokira gerturatu, eta sakabanaketaren aurkako oihuak egin zituzten. Presoetako batek senideei kontatu dienez, kartelak irakurtzera geratu zen ministroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.