Urtaranek iragarri du Errekaleorreko etxeak eraitsi egingo dituztela

Alkatearen arabera, «herritarren segurtasuna» bermatzeko moztu diete argindarra. Baratze ekologikoak jarri nahi dituzte etxeen tokian

Auzokideak eta Ertzaintza aurrez aurre Errekaleorren. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Errekaleor auzoa «suntsitzeko» asmoa duela adierazi du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, eta etxeen tokian baratze ekologikoak egingo dituztela. Argindarra moztu zuten Errekaleorren herenegun. Alkatearen ustez, «egokia eta zuzena» izan zen egindakoa; gogora ekarri du 2015ean sute bat piztu zela etxeetako batean. Hortaz, azpimarratu du «herritarren segurtasuna bermatzeko» moztu zutela argindarra. Urtaranek nabarmendu du auzoko 150 biztanle ez direla «seguru» bizi han, eta ohartarazi du ezer gertatuko balitz erantzukizuna udalarena litzatekeela.

Udalak ez du aurreratu bizilagunak ateraraziko ote dituzten, eta, hala eginez gero, noiz egingo duten hori. Edonola ere, ziurtatu du ez duela atzera egiteko asmorik. PPren aurreko udal gobernuari egin dio kritika: esku hartu ez izana eta «beste alde batera» begiratu izana leporatu dio.

Urtaranek azaldu du saiatu direla Errekaleorren bizi direnak hiriko beste leku batzuetan kokatzen. «Baina beren DNAren parte da administrazioarekin ezer ez negoziatzea». Esan du «ezinezkoa» izan dela udalarentzat eta auzokoentzat «egokia» litzatekeen konponbide bat negoziatzea.

PPk, berriz, alkatea jo du erantzule: «Alkatearen arduragabekeria da arazoa areagotzearen arrazoia». Iñaki Oiarzabal Arabako PPren presidenteak salatu du alkateak oker kudeatu duela gaia, eta «okupak hirian hedatzea» onartu duela: «Ez daude Errekaleorren bakarrik; Olarizu eta Aretxabaleta auzoetan ere badaude, baita Alde Zaharrean ere». Kasu horiekin «gogorragoak» izateko eta «okupak gelditzeko» eskatu dio Oiarzabalek udal gobernuari.

Herenegun, auzoko argindar azpiegitura kentzera joan ziren Iberdrolako langileak, Ertzaintzak babestuta. Auzokideek, desmuntatzea saihesteko, herri harresi bat antolatu zuten, eta bederatzi pertsona kateatu ziren aldamio batera. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen. Errekaleor Bizirik eragileak azaldu duenez, hirurak aske zeuden herenegun arratsalderako, eta pertsona bat anbulantzian artatu behar izan zuten, belauneko lesio bat zela medio.

Duela hiru urte abiatu zutenErrekaleor auzoa suspertzeko egitasmoa, eta jada 150 pertsona inguru bizi dira han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.