Azpeitiko Udalak sorkuntza beken hizkuntza irizpidea defendatu du

Urkijoren helegite bat onetsi du epaile batek, bekak euskarazko lanentzat direla argudiatuta. Udalaren erantzuna: «Euskaraz bizi gara»

arantxa iraola
2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Azpeitian euskaraz bizi gara, eta euskaraz sortzen duten artista horiei lagundu nahi diegu bekaren bidez». Azpeitiko Udaleko (Gipuzkoa) Kultura zinegotzi Ainara Larrañagak hitz horiekin defendatu zituen atzo erakundeak sorkuntza bultzatzeko ematen dituen bekak; izan ere, iazko martxoan Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak prozedura bat abiatu zuen beka horiek ikertzeko, eta, horietan darabiltzaten hizkuntza irizpideen harira, deialdiaren oinarrien kontrako helegite bat aurkeztu zuen. Eta Urkijoren urratsak justiziaren abaroa jaso du orain; hilabete honetan egin da kasuaren inguruko ahozko saioa, eta berriki jakin da Donostiako administrazio auzien 3. zenbakiko epaitegiak arrazoia eman diola Espainiako Gobernuko ordezkariari. Azpeitiko Udalak, ordea, agerian utzi du desadostasuna ebazpen horrekin, eta helegitea aurkezteko asmoa du.

Are gehiago, beka horien inguruko hizkuntza irizpideetan ez dutela atzera egingo jakinarazi dute udalekoek. «Sorkuntza bekan sinesten dugu; argi dugu beka horiek beharrezkoak direla euskal sorkuntza bultzatzeko», oroitarazi du Larrañagak. Eta neurri zehatzak jakinarazi ditu asmo horren inguruan: izan ere, aurten bikoiztu egingo dute euskal sortzaileen lana sustatzeko beka, eta 12.000 euro izango da. Euskal sortzaile berriek ekainaren 3ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte beren egitasmoak.

Lehendik beste hainbat arrazoibide ere erabili izan ditu Espainiako Gobernuak Azpeitiko Udalaren kontra egiteko, eta prozedura ugari daude irekita: estelada udaletxeko balkoian jartzeagatik, presoen senideei laguntzeagatik, aktak euskaraz igortzeagatik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.