Familia baten aurkako «'bullying' soziala» gaitzetsi dute Gasteizen

Manzanares Cortes sendiari babesa eskaini diote hainbat pertsonak. Jarrera «arrazistak» salatu, eta elkarbizitzarako deia egin dute

Manifestua sinatu duten hainbat gasteiztar, atzo, agerraldian. BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizko Aztegieta auzora bizitzera joango den familia baten egoerak kezkatuta, «elkarbizitzarako» deia egin dute hiriko hainbat lagunek. Hainbat gizarte eragiletako 25 kidek manifestu bat sinatu dute Manzanares Cortes familiako kideek sufritzen duten «bullying mediatiko eta soziala» gaitzetsi eta «elkarbizitzarako» deia egiteko.

Manzanares Cortes ijitoen familiako kideak Gasteizera iritsi zirenetik Abetxuku auzoan egon dira orain gutxi arte eraso egin dietela salatu dute Juantxu Oskozek eta Susana Egiak, manifestua sinatu dutenen izenean: «Kasik delituaren mugetan, ez bada haratago: escrache umiliagarriekin, mehatxuekin, intimitatearen aurkako albiste mediatiko gehiegizkoekin, informazio faltsuekin...». Orain, Aztegietan ezarriko direla jakin denean, jazarleek «jauzi kualitatibo guztiz onartezina» egin dutela salatu dute, familiak bizi behar duen etxeari eraso egin eta «txikizio larriak» eragin baitituzte bertan.

Alokabidek esleitutako etxebizitza eskuratzeko baldintza guztiak bete dituzte familiako kideek, eta gizarte zerbitzuek egindako txostenek berretsi dute elkarrizketarako eta elkarbizitzaren aldeko jarrera irekia dutela, testuaren sinatzaileek diotenez. Hori hala, salatu dute haien aurka Gasteizko sektore batzuetan piztu diren jarrera «arrazistak» Europako leku askotan eskuin muturrak erakusten duenaren «oso antzekoak» direla.

Horregatik, erakunde publikoei, komunikabideei eta Gasteizko gizarte zibilari eskatu diete elkarbizitzaren aurkako «eraso onartezin horri» aurre egiteko. «Manzanares Cortes familiak bakean bizitzeko eskubidea dauka», azpimarratu dute.

Udala, bitartekari

Gasteizko Udalak, berriz, bere burua eskaini du familiaren eta Aztegietako auzokideen artean bitartekari lanak egiteko eta elkar ulertzea sustatzeko. Gatazka konpontze aldera, bi aldeen arteko «elkarbizitzaren aldeko ituna» egitea proposatu die Gorka Urtaran alkateak familiako kideei eta auzokideei. Akordio horrekin, batzuek eta besteek «bizikidetza baketsua» bermatzeko eta elkarri errespetua agertzeko konpromisoa hartzea nahi du alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.