Libian, hautagai sekularrek lortu dute gehiengoa parlamentuan

Indarkeria giro larriaren erdian eratuko dute ordezkarien ganbera.

Azken astean 50 lagun baino gehiago hil dira hainbat liskarretan
Egunotan milizien borroka leku bihurtu da Tripoliko aireportua.
Egunotan milizien borroka leku bihurtu da Tripoliko aireportua. STR / EFE

Bidatz Villanueva Etxague -

2014ko uztailak 23
Libian, hautagai sekularrek lortu dute gehiengoa parlamentuko hauteskundeetan, Hauteskunde Batzorde Gorenak atzo kaleratutako emaitzen arabera -ekainaren 25ean egin ziren bozak-. 1.714 hautagai aurkeztu ziren, berrehun eserleku betetzeko. Horietako hemezortzi hutsik daude oraindik, borrokek bozak zenbatzea eragotzi baitzuten zenbait barrutitan. Parte hartzea %41ekoa izan zen, eta, Yunes Fannutx Bengaziko diputatuaren esanetan, ┬źislamistek ez dituzte irabazi 30 eserleku baino gehiago┬╗. Parlamentuko presidentetzaren berri ezin izango dute eman talde politikoak eratzen dituzten arte. Izan ere, hautagaiak independente gisa aurkeztu ziren.

Hauteskundeek, ordea, ez dute egoera baretu; Libian biolentzia etengabea da. Ekainaren 25ean, esate baterako, Bengazi eta Dernako bozkalekuetan, liskarrak sortu ziren milizia armatuen eta segurtasun indarren artean. Orotara, hiru pertsona hil eta 25 zauritu zituzten. Gobernuaren ahuleziaren adierazle, Mohamed Abdulaziz Atzerri ministroak esku hartzeko eskatu zion Nazio Batuen Erakundeari joan den astean. Indar armatuak entrenatu eta egituratuko dituen misio militar bat bidal dezan nahi du; Abdulazizek azaldu zuenez, petrolio hobiak, aireportuak eta bestelako azpiegiturak defendatzeko.

Borrokak Tripolin

2011n Muammar Gaddafiren gobernua eraitsi zutenetik, liskarrek ez dute etenik izan. Atzo bertan, zortzi pertsona hil eta 81 zauritu ziren Bengazin, Khalifa Hafter jeneralaren indar paramilitarren eta milizia islamiarren arteko borroka batean. Azkenaldian, Bengaziren kontrola hartzeko gatazkak areagotzen ari dira.

Egunotako liskarren beste arreta gune nagusia Tripoliko aireportuan dago. Misrata hiriko milizia islamiarren eta Zintango milizien artean sortu zen liskarra duela aste bat, aireportua kontrolatzeko. Ondorioz, Libiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, borroketan 47 pertsona hil eta 120 zauritu dira aurreko astetik, zibilak gehienak. Egoeraz larrituta, NBEk Libian zuen misioa eten du, eta Filipinek, adibidez, 13.000 langile atera dituzte herrialdetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna