Zangoak oliobidean harturik

Harea bituminosoen ustiapena garatzea du helburu Kanadako Gobernuak, dakartzan ondorio ekologiko eta sozialei kasurik egin gabe. Autoktonoen eskubideak etengabean urraturik dira. Petrolioa garraiatzeko proiektuak abian dira, eta ez dute lurren bilakaeraz erabakitzeko ahalik.

Zangoak oliobidean harturik.
Jenofa Berhokoirigoin.
Montreal
2014ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Iragan mendeetako erauzketa modeloan gara beti. Piztien larruarekin hasi ziren, oihaneko egurrarekin segitu eta meategiekin eta petrolioarekin dabiltza orain». Quebec Solidaire alderdiko Amir Khadir diputatuaren hitzak dira. Korrontearen kontra dabil etengabean «petrolio-monarkia» bati konparatzen duen Quebeceko eta Kanadako botere guneetan. Dioenez, alderdi tradizionalen artean adosturik dira, eta guztiak dira petrolio industriaren gibeletik. 2010 urteaz geroz, %50 emendatu dute petrolio ekoizpena. Montrealgo (Quebec) karriketara atera zen ekainaren 7an, beste 500 bat lagunen gisa, Kanada mendebaldetik iparraldera Transcanada enpresak egin xede duen 4.500 kilometroko oliobide egitasmoa gaitzesteko. Energie Est izena du, munduko oliobide luzeenetarikoa litzateke eta Albertako Hardisty hiria New Brunswick probintziako Saint Laurenti lotuko lioke. Oinarrian, harea bituminosoetarik ateratako petrolioa helburu.

Petrolio erreserbak idortuz doazen bitartean, ustiatu gabeko harea bituminosoei begira dira industria zein Kanadako eta hango probintzietako gobernuak.Munduko petrolio erreserba handietan hirugarrena dute gorderik haien oihanen azpian. 2012an, egunero 1,9 milioi barrika atera zituzten; 2,7 milioi barriketara heltzea dute helburu 2015erako; eta 5 milioietara 2030erako. Nagusiki, petrolio guneak Alberta probintzian —hots, Kanada erdigunean— daude kokaturik, eta handik petrolio portuetara bideratzeko, oliobideak eraikitzen ari dira. Gehiengo handian, esportatzeko lirateke. Funtsean, Bilboko portua litzateke Europarako sarbideetako bat, eta han egon ziren maiatzaren 29an Ekologistak Martxan-ekoak, Kanadako petrolio «super kutsatzailea» errefusatzen. Ezin uka ingurumenarentzat zinez kaltegarria dela halako erregaia: petrolio barrika bat erre behar izaten dute biren lortzeko; ohiko petrolioari alderatuz, berotegi efektua eragiten duten gasen igortzea hiru aldiz handiagoa da; eta, gainera, prozesuan produktu kimikoak hedatzen dira uretan, airean eta zoletan.

Autoktonoak jomugan

Orain artean, meategien finkatzeak eta eragiten duten kutsadurari loturiko eritasun zein heriotzak pairatu behar izaten dituzte inguruko 23.000 autoktonoek. Oliobideari doakionez, 150 komunitate autoktono lirateke hunkiak. «Lurrari buruz genituen eskubideak kendu dizkigute. Ezin gara gehiago ama lurraren zaindari izan. Kanadan preso naizen sentimendua dut: lurra hartu didate, gorputza hartu didate eta arima hartu didate», dio Genevieve McKenzie-Siouik. Innu naziokoa da, eta Wendake komunitatean bizi da. Urtez urte eta mendez mende lurra kendu eta erreserbetan metatuak izan direla gogoratu du: «Iruzurrez hartzen dizkigute lurrak, legez lege, modu maltzurrean gu tronpatzeko asmoz, beti».

Kanada eremu zabalaren %1 osatzen dute erreserbek. Autoktonoen %47 dira gune horietan bizi; besteak hirietan dira. Erreserben inguruko lurrak erabili ohi badituzte ehizatzeko edota arrantzatzeko, eguneroko borroka izaten dute eskubide horren bermatze lana. Arbasoen dretxoak aitortzen dizkien Kanadako Konstituzioaren 35. artikuluan eta gobernuekin izenpeturiko itunetan oinarritzen dira. Hain zuzen, gobernuen betebeharra da lur horien geroaz erabakitzeko orduan autoktonoen «kontsultatzea» eta haiekin «akomeatzea». «Baina kontsultatua izateak ez du erran nahi erabakitzeko boterea dutenik. Ez dute beto eskubiderik», Alexandre Desjardins ingurumenaren alde dabilen CQDE Quebeceko Ingurumen Eskubide Zentroa egiturako abokatuak zehaztu duenez.

Haien esku gelditzen diren lur bakarrak saltzeko prest egotea deitoratu du Natasha Kanape Fontaine innu gazteak. Zehaztu duenez, 60 bat komunitatek dituzte haien lurrak Transcanadari utzirik olio bidearentzat. «Hain ditugu bizi-baldintza hondagarriak, non eta anitzek bizirik irauteari, hots, diruari duten pentsatzen». Iritzi bera du McKenzie-Siouik: «Oso, oso, oso pobreak gara. Gure bizibidea suntsitua da, eta jatorri herrietako kidea ez da gehiago ehiztari. Gobernuen asimilazioa ere hortik pasatu da. Horregatik guztiagatik dute haien lurra saltzen».

Transcanada konpainiak bestelako iritzia du. «Konfiantzan eta errespetuan oinarriturik», bi aldeei onurak ekarriko lizkiekeen akordioak lortzea du espero, eta, dioenez, horretan ari da. «Lehen nazioko komunitateak eta mestizoak egitasmoaz etengabean jakinean atxikiaraztea eta aktiboki parte hartzeko aukera eskaintzea dugu helburu», irakur daiteke haien webgunean. Autoktonoengana dirua proposatuz doazela ohartarazi du Desjardinsek. «Oso zaila zaie dirua errefusatzea, sos beharretan direlako. Oso zaila zaie ere negoziatzea parean enpresa alimale batzuk izanik».

Legea, industriaren alde

Transcanada enpresaren proiektua oztopatzeko bideak zein ote diren galdeginez gero, behintzat legea errespetarazi nahian dabiltzala dio Cedric Gagnon Ducharme CQDE egiturako abokatuak. «Hor David ez da Goliaten parean, Goliat armada baten aurka dugu David». Auzitara jo dute hainbat egiturek, gobernuek emaniko baimen guztiak eskuratu gabe hasi zituztelako obrak Saint Laurent itsasadarrean. Epaileak arrazoi emanik, lanak gelditu behar izan ditu Transcanadak. «Garaipen ttipi bat da. Horrela proiektuak beranta hartzen du».

Geroz eta zailagoa zaie gisa horretako proiektuak legearen bidez geldiaraztea, hala ere. Erauzketen mesederako, 2012an, ingurumenaren aldeko lege andana bat arras moldatu zituen Kanadako Gobernuak, C38 eta C45 lege federalen bidez. «Petrolioaren aldekoen lobby-a ikaragarria da, eta haien alde doaz bi lege horiek. Orain arte enpresek zuten legea ikertzen, balia zezaketen arrakala bat atzeman nahian; orain, gu gabiltza horretan», dio Desjardinsek.

Azkenean, gisa horretako proiektuen geldiarazteko giltza indarren batuketan eta herri presioan dela diote aurkakoek. Oliobidearen bidea eginez Quebec guztia oinez trabeskatu dutenek hori dute xede. Maiatzaren 10ean hasirik, 700 kilometro egin dituzte oinez, 36 egunez Cacouna Kanehsatakeri lotuz. Han, beste batzuek hartu dute lekukoa, Ottawaraino, beste 140 kilometro egiteko. Badakite zaila izanen zaiela. Uda hondarrean ofizialki pausatuko du eraikitzeko baimenaren eskaera Transcanadak, eta hamabost hilabete izanen ditu Kanadako Energiaren Erakundeak erabakia plazaratzeko. «Egitura horrek eraikuntzari begiratzen dio bakarrik, ez die so egiten aitzin eta ondoren eragindako ondorioei. Berotegi efektua ez du kontuan hartzen. Zinez mugatua da», abokatuak zehaztu duenez. 2018rako egin asmo dute oliobidea.

Alberta Atlantikoari lotzeko, bigarren oliobide bat ere du hasirik Transcanadak: Keystone XL. AEBetako hego-ekialdera doa. Jadanik 3.000 oliobide kilometro badira, eta beste 1.900 gehitu nahi dizkio. Horrez gain, Northern Gateway proiektua ere bidean du Enbridge konpainiak, 1.177 kilometrokoa. Mendebaldeko kostaraino doa, Columbia Britainiarrera, eta Kanadako Gobernuak gaur zortzi eman zion oniritzia proiektuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.