Joan Josep Nuet. Catalunya Si Que Es Poteko diputatua

«Prozesu subiranistaren askatasun irrika geldiezina da»

Espainiako Gobernuaren erresistentzia politikoa hautsi nahi dutela dio Nuetek: «78ko erregimenak ez gaitu ordezkatzen». PPk sustrai autoritarioak dituela uste du, eta antidemokratikoki ari dela.

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuan elkartu da BERRIArekin Joan Josep Nuet (Reus, Herrialde Katalanak, 1964). Espainiako Auzitegi Konstituzionalak prozesatutakoen artean dago —Carme Forcadell Parlamentuko presidentea, eta Lluis Corominas, Anna Simo eta Ramona Barrufet legebiltzarrerako mahaiko kideekin batera prozesatu zuten—, baina haren kontrako auzibidea bertan behera utzi zuen auzitegiak, Catalunya Si Que Es Poteko diputatuak «ibilbide ez-independentista izateagatik». Catalunya en Comu proiektu politikoaz eta erreferendumaz solastatu da.

Catalunya en Comuren Batzar Nazionala daukazue gaur. Zein da batzarraren helburua?

Ekainaren 17an, dokumentu bat diseinatu genuen erreferendumaren inguruko hainbat galdera eta proposamen biltzeko. Asmoa zen gure hautesleen arteko eztabaida sortzea, prozesu parte hartzaile bat antolatzea, milaka lagunek parte har zezaten. Lehen erronka aseko dugu bihar [gaur], dokumentu haren ondorioak landuko baititugu. Erreferendumaren inguruan dugun informazioaren arabera, gure ikuspuntua iragarriko dugu. Noski, abuztua eta iraila hilabete garrantzitsuak izango dira, eta badira hainbat gertakari gure kokagunea alda dezaketenak.

Adibidez?

PPren gobernuak erreferendumarekiko jarrera aldatzea. Zalantzarik gabe, alde horretatik mugimendurik badago gure ikuspuntua ere alda daiteke.

Hasieran, behintzat, Podem Catalunya en Comu egitasmotik kanpo gelditu da.

Norabideen arteko arazoa dela esango nuke, eta ez hainbeste oinarri eta hautesleen arazoa. Alegia, ez genuen lortu bien norabideek hautagaitzak eskatzen zuen sintonia topatzea. Tira, horretan lanean ari gara. Baina nik argi dutaurki elkarrekin lan egiteko moduan egongo garela. Izan ere, biok jorratzen ditugun politikak eta oinarrizko militantzia oso antzekoak dira. Ulergaitza litzake adostasunik ez aurkitzea.

Herri berri bat osatu nahi duzue Espainiarekin adostuta. Zenbateraino da egingarria testuinguru honetan?

Guk 78ko erregimenarekin hautsi nahi duen proposamen eratzaile bat proposatu dugu. Baina argi dago, hori ez dela bidezkoagaur egun Espainiako Gobernuan PP eta PSOE nagusi izanik. Horregatik txalotu ditugu Susana Diaz eta Felipe Gonzalezi ezetza eman dioten 70.000 militanteak. Zalantzarik gabe egitate hori itxaropen ikur bat da.

Pedro Sanchezek erran du erreferenduma ahalbidetuko duten PSCko alkateak salatuko dituela.

Penagarria da, zalantzarik gabe. Nik dakidala, gizarte demokratikoetan bozkatzeko asmoa ez da zigorgarria, inondik inora.

Bada, non eta nola egokitu daiteke zuen proposamena?

78ko erregimenak ez gaitu ordezkatzen, eta, lurralde eta egitura konstituzional honen barruan, ezin da gauzatu benetako aldaketarik. Prozesu katalanak aldaketaren abangoardia izan behar du. Espainiako Gobernuaren erresistentzia politikoarekin hautsi nahi dugu, subiranotasuna behar dugulako, ez bakarrik lurraldetasunaz, baizik eta ekonomiaz, Europaz eta eredu demokratikoaz ere erabaki ahal izateko.

Espainiako Gobernua, aldiz, behin eta berriz ari da politikariak judizializatzen.

Inpotentzia sekulakoa da. Ez dute botorik, ezta gehiengo demokratiko eta sozialik ere, Katalunian gertatzen ari dena eteteko. Botere judizialaren zati bat kolonizatu dute, eta alderdi interesen aldeko baliabide politiko bat bilakatu. Euren ustelkeria estali dute prozesu katalanari erasotzeko.

Nola amaituko da dena?

PPk sustrai autoritarioak ditu, eta argi utzi du antidemokratikoki aritzeko ez duela arazorik. Hori hala da, baina prozesu subiranistak eragin duen askatasun irrika geldiezina da. Aldaketak ekarriko dituen haustura mugimendu baten aurrean gaude.

Zein iritzi duzu Junts Pel Siren estrategiaren inguruan?

Irailaren 27an, onuragarria izan zitzaien bide orria marraztu zuten, baina argi dago estrategia hori agortuta dagoela. Helburua zen CDC Convergencia Democratica de Catalunyaren proiektu politikoa mantentzea. Independentismoa erabili zuten bizirik iraungo zutela ziurtatzeko, eta, ondorioz, herri osoaren subiranotasun egarria alderdi bakar baten mendean gelditu da. Zoritxarrez, ERC eta CUPek ahalbidetu dute prozesuaren hegemonia alderdi bakarrak bermatzea.

Ados zaude erreferendumeko galderarekin eta datarekin?

Galdera ez zait inklusiboa iruditzen, eta, beraz, ez zait gustatzen. Ez da ezusterik egon, argi zegoen gauzak horrela joango zirela…

Erreferenduma bermez egingo da?

Orain artekoa ikusita, zaila izango da. Hau ez da Kataluniako herriak merezi duen erreferenduma. Epe, partaidetza eta berme demokratiko hobeak merezi ditu. Kataluniako Gobernua legitimatuta dago erreferenduma egiten saiatzeko, noski, baina arazoa da Junts Pel Sik legealdi hasieran finkatutako epeak, beste behin, alderdiaren mesederako sortu zituela, eta ez independentziaren alde.

Urriaren 1ean parte hartuko duzu?

Betidanik parte hartu dugu erabakitze eskubidearen aldeko mobilizazio guztietan. Beraz,urriaren 1ean ere ez naiz faltako.

A9an bozkatu zenuen?

Bai, bozkatu nuen. Baina, botoa sekretua da, eta ez dut sekula azaldu.

Espainiako Fiskaltzak kereila bat aurkeztu du zuen zure kontra, baina atzera egin zuen gero. Zergatik?

Demokratok independentistak direnen eta ez direnen artean partitu nahi gaituztelako. Fiskalak argi utzi zuen nire ibilbide ez-independentistak eragin zuela akusaziotik kanpo gelditzeko. Arazoa da eztabaida ez duela izan behar independentziak, baizik eta demokraziak. Prozesuaren gehiengo bat independentista den arren, osotasunean askoz ere zabalagoa da; mugimendu demokratiko bat da. Katalunia, nazioa den heinean, bere etorkizuna erabakitzeko ari da lanean, eta bidegabea da bide hori eteten saiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.