Erronka du Hernanik

Azken jardunaldian galdu izanak ez du uzkurtu Hernani. Kementsu hasi du denboraldia Espainiako Errugbiko Ohorezko Mailan, eta iragan sasoian lortutako igoera historikoa mailari eutsiz borobildu nahi du.

Hernaniko jokalariak, Landaren, Cisnerosen aurkako partidan. HERNANI ERRRUGBI TALDEA.
Donostia
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bi garaipen, eta bi porrot. Horiexek dira HernanikEspainiako Errugbiko Ohorezko Mailan lortu dituen emaitzak. Nork esango zuen mailaz igo berri den talde batek hain ongi ekingo ziola denboraldiari. «Oro har, balorazio ona egingo nuke. Guretzat berria den maila batean bi garaipen lortzea ez dago batere gaizki. Hala ere, dezente dugu hobetzeko», dio taldeko entrenatzaile Patrick Polidoryk. Gernikaren aurkako estreinako partida galdu ostean, hurrengo bi jardunaldiak irabazi egin zituzten hernaniarrek. Vigon lorturiko garaipenak «indar handia» eman ziela aitortu du Polidoryk, Galiziako taldea «arerio zuzena» baita.

Vigoko Unibertsitatearen eta Cisnerosen aurka lorturiko garaipenek taldea goratu zuten. Aldiz, azken irtenaldian jipoi ederra hartu zuten hernaniarrek: Sevillan, 33-10 galdu, eta esku hutsik bueltatu ziren herrira.«Sevillako neurketatik, esperientzia falta dugula nabarmendu nahiko nuke», adierazi du Polidoryk.

Azken finean, ez da erraza talde honek duen erronka. Errugbiko maila gorenera iritsi berri da, eta hori barneratzea ez da lan erraza. Talde gaztea da, ilusio izugarria duena, taldeagatik edozer emango lukeena, baina... Esperientzia falta zaie. Horrelako mailetan esperientzia ezinbestekoa da. Hala ere, aurreko denboralditik sasoi honetara ez du aparteko desberdintasunik nabari. Gehienbat, «fisikoki askoz landuagoak dauden taldeak» direla nabarmendu du Polidoryk, baina kalitate aldetik ez du «desberdintasun handirik» nabaritu.

Etxeko partidak baliatu nahi dituzte mailari eusteko. Kirol guztietan bezalaxe, etxeko neurketak aurrera eraman beharrean dago taldea, hurrengo denboraldian Ohorezko Mailan egon nahi badu. Hernaniko zaleak herriaren izenean hainbat kiroletan aritzen diren kirolariei ematen dien babesagatik izan dira ezagunak, nagusiki. Errugbiaren kasuan ere, faktore hori bete egiten da, eta bai jokalariek baita entrenatzaileek ere badakite. Aurreko denboraldian, igotzea lortu arte bultzatu zuten taldea, eta aurten ere, intentzio berarekin ari dira Landareko harmailak betetzen.Hernaniarren entrenatzailea ere jabetu da harmailetan izaten den giroaz: «Espainian bisitatu ditudan zelaietan ez dut antzekorik aurkitu. Harmailetan horrelako babesa edukitzea luxu bat da guretzat. Herriko jokalariak dira, ezagunak. Horrek jende asko erakartzen du Landarera».

Derbia Landaren, igandean

Laugarren jardunaldiak euskal derbia dakar Landarera. Izan ere, Hernanik eta Getxok jokatuko dute elkarren aurka igandean. Getxoztarrek ez dute garaipenik eskuratu orain arte, eta lehen hiru puntuak lortzeko helburuarekin egingo diete bisita gipuzkoarrei. Horrelako norgehiagoketan irabazten duen taldea indartuta atera ohi dela esaten dute; aldiz, galtzaileak zaila izan ohi du burua altxatzea.

Derbia etxean izanik herriaren babesa sentitzea «laguntza handia» dela adierazi du Polidoryk. «Hala ere, horrelako neurketetan ezin da inoiz esan nor den faborito nagusia; parean ikusten dut partida. Garaipenaren dinamikan sartzeko aukera polita dela iruditzen zait».

Hasi da, beraz, Hernaniren ibilbide berria Ohorezko Mailan. Lau partida jokatu ostean, taldea eta herria baikor daude denboraldi honi dagokionez. Nahiz eta jakin mailari eusteko zailtasunak izango dituztela, errugbiazgozatzeko aukera paregabea dute hernaniarrek, beren taldea Espainiako errugbi liga gorenean dagoela jakinda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.