Abel Azkonaren Iruñeko erakusketa ikertzeko eskatu diote fiskalari

Ostia sagaratu batzuekin 'Pederasta' hitza idatzi du artistak mostrako lan batean.

Eduki batzuk «berriz pentsatzeko» eskatu dio Iruñeko Udalak
Abel Azkona artista, artxiboko irudi batean.
Abel Azkona artista, artxiboko irudi batean. LANDER FDEZ ARROIABE / ARP

Eskeine Legorburu -

2015eko azaroak 24
Kristauen artean haserrea sortu du Abel Azkona artista iruindarraren (Madril, 1988) erakusketak. Sagaratutako 242 ostia erabilita, Pederasta hitza idatzi du, eta lana Desenterrados erakusketan jarri du (Lurpetik ateratakoak), Iruñeko Serapio Esparza plazan. «Norberaren eta besteen oinazearen inguruko gogoeta sustatzeko» erakusketa da Azkonarena.

Iruñeko eta Madrilgo hainbat mezatan bildutako ostiekin egindako lana da, eta erakusketak «erlijio sentimenduen aurkako delitua» egiten duen jakiteko, txostena bidali dio Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak fiskalari. Cristina Sanz PPNren senaturako hautagaiak esan du lana «Eliza katolikoaren aurkako erasoa» dela. Ez da erreakzio bakarra izan. Iruñeko artzapezpikutzaren arabera, Azkonaren lanak «sinestunen sentikortasuna mintzen du», eta artistaren aurka neurri judizialak hartzea aztertzen ari da. Santos Villanueva Artzapezpikutzako komunikazio arduradunak «errespetua» eskatu du.

Iruñeko Udala ere mintzatu da aferaren inguruan, hiru puntuko agiri baten bidez. Erakusketako hainbat edukik «herritarren parte baten arbuioa eragin» dutela ikusita, horiek mostran sartzea «berriz pentsatzeko» eskatu dio artistari, «elkarbizitza giro bat lagundu eta sentsibilitaterik ez mintze aldera». Halaber, adierazpen askatasunaren aldeko konpromisoa berretsi eta sorkuntza artistikorako eskubidea aitortzen duela dio udalak agirian, eta lasaitasunerako deia egin die auzian zeresana duten alde guztiei.

Sinadura bilketa

Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak, berriz, salaketa jarri zuen atzo Azkonaren aurka Iruñeko instrukzio epaitegian, «profanazioagatik». Erakusketa kentzeko ere eskatu du elkarteak. Hala egiten ez bada, Maider Beloki Kultura zinegotziari salaketa jartzea ere aztertuko du. Sinadurak biltzen ere hasi da Interneten, Change.org atarian, mostra udal areto batean dagoenez, udalari bertan behera uzteko eskatzeko. Atzo arratsaldean 50.000 sinadura baino gehiago zeuden bilduta.

UPNk, berriz, Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean egin zuen atzo erakusketa kentzeko eskaera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna