Albistea entzun

Katalunia. Javier Perez Royo. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna

«Presoak askatuko dituzte hil honetan»

Argi du Kataluniako «arazoa» ezingo dutela bideratu erreferendumik gabe. Espainiako Gobernua kritikatu du, «pultsu politiko bati» politikarekin ez baizik justizia auzitegietara joz erantzun diolako.
DANI CODINA

Saioa Baleztena -

2017ko azaroak 18 - Bartzelona

Espainiako Justiziaren gabeziak salatu dituen pertsona adituenetako bat izan da Javier Perez Royo (Sevilla, Espainia, 1944) Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna. Adostutako erreferenduma babesten du, eta Kataluniaz, presoez, demokraziaren urraketaz eta Espainiako sistema judizialaz solastatu da BERRIArekin, Bartzelonako Udalak antolatutako Eskubideak eta Presoak jardunaldien atarian.

Salbuespen egoera iraunkorrean dago Katalunia. Zer erradiografia egiten duzu testuinguruaz?

Iragarpenak egitea zaila da, gauzak egun batetik bestera hainbeste aldatzen ari diren honetan. Esango nuke orain zerumuga abenduaren 21eko hauteskundeetan dagoela, eta, nire ustez, horren emaitzaren bitartez ikusi ahal izango dugu nola metabolizatu duten katalanek prozesu hau guztia. Hauteskundeek balioko dute alderdi politiko bakoitzak hartu dituen erabakiekin hiritarrek egiten duten kontu garbiketa azaleratzeko.

Zer iritzi duzu Kataluniako Parlamentuak urriaren 27an egin zuen independentzia aldarrikapenaz?

Irudipen optikoa izan da: egiantzekotasunak izan ditu distantzian, eta desegin da gerturatu denean; ispilatze bat izan dela, alegia. Baina hori ez dut nik esaten; hainbat alderdi independentistatako ordezkariek ere onartu dute egunotan. Bien bitartean, Espainiar Estatuak gailu errepresibo guztiak aktibatu ditu, eta orain badirudi Auzitegi Gorenaren bitartez kudeatuko dituela.

Kataluniako hamar ordezkari daude preso. Zer gertatuko da haiekin?

Hilabete honetan behin-behinean aske utziko ditu Gorenak. Horrela, abenduaren 5ean hauteskunde kanpaina abiatzen denerako ez da inor kartzelan egongo. Eta, bitartean, independentzia aldarrikapena geroratuko da. Hori bai, ikusi beharko da abenduaren 22an zer gertatuko den.

Eztabaida zabalik dago. Preso politikoak dira, bai ala ez?

Espainia demokratikoki sortutako herrialde bat da, eta, noski, demokrazian, berez, ez dago preso politikorik. Arazoa da hamar ordezkari horiek espetxeratzeko erabili den prozedura ez datorrela bat demokraziaren egiturarekin. Espainiako Gobernuak modu arras desbideratuan jokatu du. Beraz, preso politikoez hitz egiteak badu sinesgarritasuna.

Independentzia aldarrikapena geroratu dela aipatu duzu. Kataluniako herritarren gehiengoak, ordea, erantzunak behar ditu.

Noski, eta hurrengo urratsa da herritarren gehiengoak bere etorkizuna erabakitzeko duen nahia kudeatzea. Adostutako erreferenduma hor dago, eta ikusteko dago hori nola itzultzen den hauteskundeen emaitzetan. Argi dagoena da arazo hau ezingo dela moldatu erreferendumik gabe.

Zenbateraino aldatuko da parlamentuko egitura abenduaren 21eko bozetan?

Espekulatzen ari gara, baina, nire ustez, aldaketak egongo dira; hasteko, gertatu den guztia gertatu delako. Nahiz eta emaitza, portzentajeei dagokienez, berdintsua izan, politika egiteko modua aldatzen da. Eta, alde horretatik, Espainiako Gobernuak ez du hauteskunde hauetako emaitzak onartu besterik. Hori bai, seguru gertutik zainduko duela hauteskunde horietatik ateratzen den gobernuak legediaren barruan jokatzen duen edo ez.

Hauteskundeak direla eta, aste honetan bertan subjektu aktibo eta pasiboen inguruan aritu zara Eldiario.es egunkari digitalean. Alderdi politiko guztiak ez dira baldintza beretan aurkeztuko?

Inola ere ez. 155. artikulua aplikatuta eta Mariano Rajoy izanik Katalunian bozetara deitu duena, ezin da baldintza berdintasunik egon. Espainiak kereilak jarri ahal izan ditu Kataluniako Gobernua baliogabetu dutelako. Ezin dugu ahaztu abenduaren 21eko bozetara aurkeztuko diren hainbat alderdi aske daudela, eta besteak, aldiz, askatasunik gabe. Are gehiago: parlamentuko mahaiko kideak aske utzi zituzten arren, askatasuna mugatua dute. [Carme] Forcadell andreak ezin izan zuen larunbateko mobilizaziora joan!

Beraz, argi dago demokraziaren mugak aspaldi gurutzatu dituela Rajoyren gobernuak, ezta?

Kataluniak desafio egiten dio Espainiaren lurraldetasunaren batasunari. Pultsu politiko baten aurrean gaude, eta Espainiak, irtenbide politikoak bilatu ordez, justizia auzitegietara bideratu ditu. Argi dago tamaina honetako arazo bat Justiziara bideratzen denean Justizia minberatzen dela…

Noizbait erran izan duzu Auzitegi Nazionala anomalia demokratikoa dela. Zergatik?

Estatu demokratiko orok estatu osoan eskumena izan behar duen organo bakarra behar duelako, eta Espainian Auzitegi Gorena dagoelako horretarako. Gainontzeko guztiek, epaileek eta magistratuek, banatuta egon behar dute, lurraldetasunari dagokionez. Beraz, Gorenaz haratago beste inork ezin du estatu osoaren jurisdikziorik izan. Espainian gertatzen dena da Frankoren Ordena Publikoaren Auzitegia zegoela eta, Konstituzioa terrorismoaren presio ikaragarriarekin idatzi zenez, auzitegi hori baliogabetu eta Auzitegi Nazionalaren dekretua onartu zutela. Baina, noski, ETA desagertu zenetik azken horrek ez luke egon behar. Basakeria bat da.

Abiapuntu hori zuk bakarrik ez, Espainiako Zigor Zuzenbideko 120 irakaslek defendatzen dute, Eldiario.es-ek argitaratu moduan. Nola uler liteke, orduan, Auzitegi Nazionalak bere horretan jarraitzea?

Zaila da jakiten. Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko kideen kontrako kereilan hamar orri daude Auzitegi Nazionalaren eskumena justifikatzeko. Eta justifikatzeko behar horrek agerian uzten du zentzugabekeria itzela dela.

Katalunian ordezkari politiko eta sozialak kartzelan giltzatuta dauden bitartean, PPri lotutako Espainiako ustelkeria auzi gehienen erantzuleak etxean dira. Ulergarria iruditzen al zaizu Katalunia minberatuta egotea?

Noski. Katalunian azken urteotan gertatutakoak ez du aurrekaririk, eta basakeria bat da. Horregatik, adostutako erreferenduma sekula baino beharrezkoagoa da, hori baita irtenbide bakarra.

Carles Puigdemontek eta harekin dauden Kataluniako Gobernuko lau kontseilarik atzo deklaratu zuten, Belgikako Justiziaren aurrean. Zer iritzi duzu Bruselara joateko hartu zuten erabakiaz?

Ongi ateratzen baldin bazaio eta Belgikak zalantzan jartzen baldin badu Espainiako Justizia, sekulako jokaldia dela iruditzen zait.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txertatzera behartzea «azken aukera» da, OMEren arabera

Berria

Osasunaren Mundu Erakundeak berretsi du Europan delta aldaera dagoela oraindik ere gehien zabaldua

Fronte Polisarioko soldaduak Mahbesen, Mendebaldeko Saharan. Urtebete da Polisarioak gerra egoera ezarri zuela, Marokoren erasoei erantzunez. ©MANUEL LORENZO / EFE

SEADek ezinezkotzat jo du Marokorekin irtenbide baketsu bat adostea

Arantxa Elizegi Egilegor

Rabaten «krimenei» entzungor egitea leporatu dio Ghalik nazioarteari. Salatu dute Sultana Khaia ekintzaile sahararra jipoitu eta bortxatu egin dutela. Khaiak urtebete darama etxeko atxiloaldian
Joe Biden, pantailan, eta Vladimir Putin, atzo, bien arteko bilera hasi aurretik. ©MIKHAEL METZEL / EFE

Bidenek adierazi dio Putini zigorrak ezarriko dizkiola Ukrainari eraso eginez gero

Igor Susaeta

AEBetako presidenteak eskatu dio Errusiakoari «bide diplomatikoak» ibil ditzala. Washington «koordinatuta» dago Europako potentziekin
Txertoa hartzeko ilarak, Londresen. / ©Andy Rain, EFE

Txertatzera behartzeak «azken aukera» behar duela izan adierazi du OMEk

Arantxa Elizegi Egilegor

Osasunaren Mundu Erakundeak berretsi du Europan eta Asia erdialdean delta aldaera dela oraindik ere zabalduen dagoena. Austriak igandean amaituko du itxialdia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.