Ayse Erdem eta Pinar Akandal. HDP alderdiko ordezkariak

«Erdoganek oposizioa isilaraztea du helburu»

Recep Tayyip Erdoganek oposizioaren lan politikoa galarazi eta elkarrizketarako bideak itxi nahi dituela diote ordezkari kurduek; egoitzen eta alderdikideen kontrako azken sarekadak salatu dituzte.

Ayse Erdem eta Pinar Akandal, ezker-eskuin, Istanbulgo Tarlabasi auzoan, HDPren egoitzan. IÑAKI LARRAÑAGA.
Anakoz Amenabar - Iñaki Larrañaga
Istanbul
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
«PKK erakunde terroristaren kontrako estrategia». Hala justifikatu ditu Turkiako Gobernuak HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren kontra hartutako neurriak; herri mugimendu indartsuenaren aurkako jazarpen eta zigorrek nabarmen egin dute gora azken urtean, kurduen borroka Ipar Kurdistanera bakartu eta disidentzia isilarazteko asmoz. Izan ere, handik kanpo, mendebaldeko hiri nagusietan ere babes zabala du koalizioak. HDPk Istanbulgo Tarlabasi auzo historikoan duen egoitzan elkartu dira Ayse Erdem, Pinar Akandal eta Erdal Emgim BERRIArekin — Emgimek ez du argazkian atera nahi izan—.

Istanbulen, hain zuzen, 30 alderdikide atxilotu berri dituzte. Ankaran ere, HDP koalizio ezkertiar eta kurduzalearen hainbat kide eraman dituzte preso azken hilabeteotan. Azaroko hauteskundeetan izan zituen zailtasunak zailtasun, %10eko langa gainditu zuen. Ipar Kurdistanen lortu zuen babes handiena, baina baita Turkiako hiri nagusietan ere, eta iritzi politiko kritiko hori «zapaltzeko» modua direla dio Pinar Akandalek, alderdiko emakumeen mugimenduko kideak, «zenbat eta atxilotu gehiago orduan eta beldur handiagoa baita politikan aritzeko». Uste du mezu argia bidali nahi diela Ankarako Gobernuak: ez duzue politika egiteko modurik. «HDPn gaudenetik, ordea, ohituta gaude, mehatxu horrekin bizi izan garelako».

Recep Tayyip Erdoganek ez du alderdia legez kanpo uzteko asmorik, Ayse Erdem Istanbulgo HDPko lehendakariordearen ustez, ilegalizazio aurrekaririk izan baden arren: «Horren ordez, alderdia lan egiteko aukerarik gabe utzi nahi du». Herrialdeko hirugarren indarra da HDP, 59 legebiltzarkiderekin —550 dira guztira—, eta horiei immunitatea kendu eta ekonomikoki estutu nahi dituztela salatu dute; euren adierazpenekin konstituzio delitua egin dutela berretsi du Erdoganek, eta horregatik jarraituko dutela fiskalek haiek ikertzen. «Oposizio guztia isilaraztea dute helburu, eta HDP giltza da oposizio horretan, proiektu demokratiko berri eta egingarri bat eskaintzen duelako», esan du Erdal Emgim HDK Herritarren Kongresu Demokratikoaren kideak. Europaren begietara ere «herrialde demokratiko gisa» azaltzeko, alderdiak legez kanpo uzteko arriskurik ez du antzematen.

Ipar Kurdistanen erasoaldiak ez du etenik, eta jazarpenak jarraituarren HDPk lanean segituko duela azaldu dute alderdikideek. Lehentasunen artean «konstituzio demokratiko bat» ezartzea helburu dutela azpimarratu dute, herrialde egituraren eredua aldatu eta gutxiengo direnen eskubideak errespetatuko dituena. HDPk eskaintzen duen ereduak, autonomia demokratikoak, eskualdeen eskumenak handitu nahi ditu. Emakumeen iraultza eta ekologismo soziala ere zutabe dituzte. Bidean, baina, trabak dira nagusi: «Bake prozesuan eta konstituzio berri batean jarri nahi izan dugu indarra, baina gerraren hasierak eta erasoek horri erantzutera behartu gaituzte», azaldu du Erdemek.

AKP Justiziaren eta Garapenaren Alderdia Erdoganen neurriko «gizarte berri bat» sortu nahian dabilela salatu du Akandalek, «haren aginduak beteko dituzten herritarrekin», eta horri oposizioa egingo dion talde bakarra HDP dela uste du, «eta ez bakarrik legebiltzarrean, baita kalean ere». Bide horretan, azken urteetan Erdoganen diskurtsoa «gogortuz» joan dela azpimarratu du: «Boterea eskuratu zuenean, zin egin zuen kurduen auzia bide demokratikoetatik konponduko zuela. Gaur egun, kontrako diskurtsoa ikusten ari gara: konponbide militar bat ezarri nahi du, eta hori ezinezkoa da». Joan den azaroko hauteskundeak irabazi ostean, Turkiako Konstituzioa berregitea eta Erdoganentzat botere betearazlea lortzea dira helburu nagusiak alderdi islamistarentzat. «Berak lehenbailehen nahi du presidente izan, Turkiako sistema aldatu, eta uste du oposizioa isilarazita lortuko duela; presidentetza esaten diote, baina diktadura da hori oinarrian».

Emgimek uste du HDP eta oposizioko beste alderdien kontrako erasoak ez direla luze gabe amaituko. «Azken 40 urteetan hori izan da estrategia; ahalik eta zapalketa handiena eragin dute, kurduen identitatea eta askapen mugimendua estaltzeko». PKK Kurdistango Langileen Alderdiak ere, bere aldetik, «basakeriaren kontra eutsiko» diola uste du, eta, beraz, ez ditu bake negoziazioak gertu ikusten. «Oraingoz, indarkeriak jarraituko du. Erdoganek onartzen duenean ezin gaitzakeela desagerrarazi, ezinezkoa dela, orduan itzuliko da negoziazioetara».

Emgimek itxaropenez erreparatzen dio kurduen erresistentziari. Kobanen erakutsi moduan, erresistentzia «ikaragarria» egiten ari dira, haren ustez, «Turkiako faxismoaren kontra». Eta laster mendebaldeko Turkian ere halako matxinada bat izatea espero du: «Oraindik ez gara gai izan Kurdistango matxinada hemen antolatzeko, baina, han pauso bat aurrera ematen dutenean, altxamendua hona ere helduko da». Erresistentzia omen da giltza, Akandalen esanetan: «Historiako iraultza mugimenduek erakutsi digute eusten diotenek irabazten dutela. Beraz, bistakoa da, irabaziko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.