Gotzon Barandiaran. Idazlea

«Liburu bonbak atera ezean, latza dugu etorkizuna»

Klase mendeku baten ukitua duen bahiketa istorio bat kontatu du Gotzon Barandiaran idazleak 'Gidariaren okerra' liburuan. Dioenez, irudia da nagusi egungo gizartean, eta atakan ikusten du literatura.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Larrabetzu
2016ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
«Normalean hori uste dut egiten dugula sortzaile askok: gure eguneroko bizimoduan egiteko kapaz ez garena egiten jartzen ditugu pertsonaiak, eta guk eman nahi genituzkeen ordainak haiekematen dituzte». Eta boterearen erpinik zikinena irudikatzen duen Zack Vicente neurokirurgialariaren aurka itzuli ditu oraingoan letrak horregatik Gotzon Barandiaran idazleak (Larrabetzu, Bizkaia, 1974). Bahiketa baten istorioa da funtsean Gidariaren okerra eleberria (Susa), eta bahiketan parte hartzen duten hiru pertsonaiak dira gakoa. Bitor Larralde: Huntingtonen gaitza duen taxilaria. Arantza Ojanguren: itsu geratzear den gerra argazkilaria. Eta Saioa: filosofia ikasle eta Larralderen iloba.

Helburu indibidual batek bultzatzen du pertsonaia bakoitza bahiketa planarekin bat egitera, baina azpian badago klase mendeku gisako bat.

Bai, aurreko liburuetan ere bai. Interesatzen zait niri zuzentzen zaidan idazle bat, nahiz eta egoera kolektibo bat egon, nahiz eta pasarte historiko bat egon, niri ari zaidana galdezka: «Hau gertatu da, zuk nola jokatuko zenuke?». Hori interesatzen zait literaturatik. Eta nik ere hori nahi nuen egin. Badago gogoeta bat, azkenean boterearen larderiari buruz, eta horren guztiaren baitan niri interesatzen zait norbanakook zer egiteko prest gauden. Errotik eleberrian ere protagonistak bakarka ari ziren, eta interesatzen zitzaidan bakoitza, norbanako moduan zer egiteko prest dagoen.

Zera esaten dio taxilariak argazkilariari une batean: «Argazki baten truke, zaurituak eta hildakoak laguntzeari utzitakoa zara». Eta argazkilariak: «Argazkiratuta betiko lagundu ditut».

Ez dut uste pertsonaietako batek ere fede handirik duenik horretan, baina egiten dute egoera estremo batean daudelako. Arantzak erabaki behar du edo itsu geratu eta maitearekin joan edo AEBetan operazio garesti bat egin, eta Bitor Larraldek Huntingtonen gaitza du. Igual ez baduzu gaixotasunik eta egunerokoak jaten bazaitu, ez duzu halakorik izango buruan, baina hauek egin behar dituzte galdera horiek. Horrelako gogoetak eduki behar dituzte derrigor. Biek dakite bata hil egingo dela eta beste itsu geldituko dela, eta, beraz, edukiko dituzten eztabaidak ezin dira hutsalak izan. Joan behar dira zuzenean. Epe kontu bat da.

Pertsonaien eztabaida bada zure barne eztabaida bat ere.

Literaturaren egitekoa zein den XXI. mendean. Nik uste dut ataka batean gaudela. Ikus-entzunezkoak nagusi diren gizarte batean baldin bagaude, literaturak zer egiteko dauka? Nik ez daukat argi, baina susmoa dut jo behar dugula hitzari gehiago lotutako literaturara, eta ez irudia edo narrazio bisuala nagusi den literatura batera. Urteotan Edorta Jimenezekin batera Irakurrieran irratsaiorako egin ditugunelkarrizketetan maiz esan izan diegu idazleei oso idazkera zinematografikoa dutela, batzuetan balio on bezala. Gero egin izan dut gogoeta, eta zalantzak dauzkat orain, eta iruditzen zait igual ezetz, igual hitzari lotutako literaturara joan behar dugula gehiago. Ez dut esan nahi gogoeta literatura egin behar dugunik, hori saiakeran egin genezakeelako, baina fikzioa hitzari lotuago egon behar luke, eta ez hain irudiari lotua.

Esan duzu irakurleari dei egiten saiatzen zarela, eta esango nuke literaturak mundua lagun dezakeen fede puntuarekin idazten duzula beti. Hala da?

Nik uste dut nabarmena dela. Nik ez dut lortuko nire liburuekin, nik bakarrik. Lortuko dugu idazten eta sortzen dugunok. Kasu honetan, literatura egiten dugunok. Nik uste nabarmena dela Euskal Herrian ideologikoki eta intelektualki inork baino gehiago idazle eta musikariek eragin dutela. Ez dut uste politikari bat egon denik tesi ideologikoen bitartez hainbeste eragin duenik euskal herritarrengan eta gure ideologian. Adibideak daude mordo bat: Ez Dok Amairu, Gabriel Aresti, Telesforo Monzon, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga... Askatasunari buruzko kontzeptua urte luzetan kantagintzatik eta testuetatik hartu izan da, identitateari buruzkoa, euskarari buruzkoa, lurraldetasunari buruzkoa... Nik uste dut nabarmena dela literaturak eta sorkuntzak aldatzen dutela jendea, eta sekulako eragina daukatela jendartean. Horretaz oso ongi ohartu da eskuina. Horregatik nahi du kultura oso lotua fribolitatearekin eta hutsaltasunarekin. Hartzailearengan eraginik ez duen kultur sorkuntza baten alde egiten du, eta hor jartzen du diru pila bat. Nahi baduzu idatzi zeuretzat askok esaten duten bezala, ongi, nik neuk ere egiten dut, baina idatzi, publikatu ez. Publikatu ez dut egiten niretzat. Ataka hori badaukagu. Edo publikatzen ditugu liburu bonbak, edo etorkizuna oso latza daukagu.

Hori titulu bat da.

Eman.

Transmisioaz azaldu zenuen kezka iaz Euskaltzaleen Topagunearen XII. Topaldian: «Belaunaldi bat galdu dugu».

Ez dakit bi ere ez ote diren. Despistatu egin gara. Sortzailearen egitekoa ez da berez hori. Sortzaileak sortu egin behar du, eta denbora gehien horretara eman, baina gaur egun ez dauzkagu kondizio horiek. 1980ko hamarkadan musikaria arduratzen zen kontzertuak emateaz eta diskoak egiteaz. Bazeukan inguruan lan talde bat. Bazegoen gose bat. Kontsumo zuzena zen. Gaur egun ez da hori. Gure egitekoa asko dibertsifikatu da. Guk egin behar dugu liburua idatzi, aurkeztu, e-mail-ak bidali, antolatu... Eta hor despistatu gara transmisioan. Eta gero, uste dut azken urte dezentetan eragile politikoek kultura eta transmisioa ere abandonatu egin dutela. Gizartea eraldatu nahi dutenek ez dute ulertu gizartea eraldatzeko kultura ezinbestekoa dela. Abertzale eta euskaltzaleak ez dira behar beste jabetu kultura normalizatzen ez bada ez dagoela euskara normalizatzerik, eta ez dagoela beste gizarte bat egiterik eta justizia soziala egiterik. Gure kultura gutxiagotuta badago, menostua badago, ez dago justizia sozialik. Horretaz ez dira jabetu. Eta horretaz jabetzeko ez dute ulertu ekosistema osoa, eta transmisioak zer-nolako garrantzia daukan. Ez dute inbertitu hor, eta orain pairatzen ari gara hori.

Soluzioaren bila badabil inor?

Ba, sortzaileok, noski, geratzen ari garelako hartzailerik gabe. Alderdietako profesional horiei bost axola, baina guri ez. Eta, bitartean, galdu egin dugu belaunaldi bat, zeinak ez dakien azken bi hamarkadetan Euskal Herrian zer gertatu den kulturalki. Ez du ulertzen, eta, gainera, bere erreferentziak bilakatu dira erabat Euskal Herritik kanpokoak. Gogoeta hori egiten baduzu, beste era batera idazten duzu.Uste dut batzuk ez direla jabetzen larrialdi egoeraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.