BIHAR DURANGON KANTATUKO DUTEN SEI BERTSOLARIAK (17:00)

BERRIA.
2017ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Aitor Mendiluze Gonzalez



Andoain (1975)

Gainerako bost bertsolariek ez bezala, bihar izango du aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen saioa, finalista izan zelako 2013an. Seigarren aldiz hartuko du parte Euskal Herrikoan, eta lau aldiz finalean kantatutakoa da. Plazaz plaza urteak daramatza. Oso erregularra da, eta inoiz gutxitan egiten du huts.

Iñaki Apalategi Astigarraga



Beasain (1982)

Kartzelakoan punturen batek ihes egin zion arren, ordura arte aise aritu zen Leitzako kanporaketan. Zortziko txikian, esaterako, ezin hobeto asmatu zuen gaian sartzen eta gaiarekin zerikusia zuten terminoak bertsora ekartzen. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, azken bi aldietan finalean kantatu du.

Jon Maia Soria



Urretxu (1972)

Aurreko txapelketako arantza atera eta aurtengoan kantatzeko, bide luzea egin behar izan du. Tolosako kanporaketan, presioagatik edo, jendeak espero baino apalago aritu zen. Askotan erakutsi du, ordea, zenbateraino den gai, eta bihar ere, berea egiten badu, goiko postuetan ibiliko da seguru asko.

Miren Amuriza Plaza



Berriz (1990)

Irabazi egin zuen Zallan, eta oso seguru ari zen irudipena eman zuen saio hartan, bai ofizioka, bai kartzelakoan. Azken ariketa horretan jo zuen goia, jendearengana iritsi baitzen, helduleku original bat topatuta (adineko emakume baten azaletik kantatu zuen). Hirugarren parte hartzea du txapelketa nagusian.

Miren Artetxe Sarasola



Hendaia (1985)

Zumaiako final-laurdenetako saioan, kartzelako ariketan izan zituen arazorik handienak, denbora kudeatzeko orduan batez ere. Ideia politak utzi zituen ariketa horretan ere, nahiz eta ez zuen asmatu behar bezala josten. Ordura arte, ofizioka itxura oso ona eman zuen, eta puntuak ere txukun erantzun zituen.

Oihana Iguaran Barandiaran



Amasa (1991)

Txapelketa nagusian parte hartzen zuen lehen aldia izan arren, ezin hobeto eutsi zion egoerari, eta irabazi egin zuen Leitzako kanporaketa. Plazan bezala sentitu zela kontatu zuen amaieran, eta plazako freskurarekin ikusi zuten bertsozaleek ere. Kartzelakoan doinu berria plazaratu zuen, eta gora egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.