Aitor Mendiluze. Bertsolaria

«Lehengo aldean ez dut ezberdin egiten bertsotan»

Librean asko aritutakoak dira Aitor Mendiluze eta ingurukoak. Entzun, erantzun eta bidea elkarrekin egitea eskatzen du molde horrek. Uste du hortik datorkiola gaiarekin ari denean ere antzeko jarrera izatea.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Miren Garate -

2017ko abenduak 14
Bosgarren finala izanda urduritu ere ez dela egingo esaten diote kalean Aitor Mendiluzeri (Andoain, Gipuzkoa, 1975). Ez dela ohitu erantzuten die, eta ez duela ohitu nahi. Dioenez, ez daki zeren mende egon daitekeen finala ondo ez ateratzea. «Egun horretan zergatik ez zaizu bertsorik etortzen burura?Nola ez dakizun, jakin behar duzu ustez fisikoki, mentalki eta kreatiboki ahalik eta ondoen egoten».

Saio baten aurretik zer helbururekin zoazen galdetzen zaizunean, «bertsotan egitera» erantzun ohi duzu. «Bertsotan egin» hori berdin ulertzen duzue guztiok? Zeuk zeri esaten diozu?

Ez, ez dugu guztiok berdin ulertzen. Nire kasuan, Durangon izandako sentsazioak izatea izango litzateke: fresko sentitzea, ideiak etortzea eta gauzak lotzen eta erantzuten asmatzea; hau da, oholtzan sentsazio positiboekin egotea, buruak eta aldarteak ematen dutela ikustea, eta besteekin saio bat aurrera ateratzeko gai naizela sentitzea. Txapelketak beste baldintza batzuk dituela jakinda ere, saio normal batetik oso gertu dauden sentsazioak izatea. Niretzat, bertsotan egitea ez da inor haustea, baina bai besteen ondoan jarri eta «goazen hau aurrera ateratzera» esatea eta neuk ere ekarpen bat egiten dudala sentitzea.

Bosgarren finala duzu. Aurrekoetan eduki al dituzu sentipen horiek?

Ez beti, eta edukitakoan ere, ez finalaren parte guztietan. Azkenean, bertso asko dira, ordu asko bertsoak sortzen, eta ez dituzu momentu guztiak berdin bizi. Jendea bera ere ez da une oro berdin egoten, ezta zurekiko ere. Saioetan ere gertatzen da hori.

Gorka Azkarate BERRIAko analistak idatzi zuen barruko tankea aterata jardun zenuela Durangon.

Entzun izan ditut «makina» eta halakoak, baina nik ez dut neure burua inoiz horrela ikusi. Gure ezaugarria igual bada bertsotan egiteko erritmo bat, molde bat, erantzuteko jarrera… Kolpea? Formulazioetan-eta, ni ez naiz izango bertsolaririk iradokitzaileena, nire formulazioek edukitzen dute irmotasun bat, baina ez nuke esango horretan ere nabarmendu egiten naizenik. Egia da erantzunak jendearen gogoan gehiago geratzen direla. Durangoko saioaren ostean, nabarmendu zidaten erantzun azkarra izan nuela; azkar ez dakit, baina erantzuteko joera hori bada gure bertsokeraren ezaugarrietako bat.

«Gure» esanda Hernaniko bertso eskolari buruz ari zara? Bada estilo propioa duen bertso eskola bat, ezta?

Gure inguruko bertsolariona, esango nuke. Txikitatik, librean asko egin dugu, eta horrek behartzen zaitu entzutera eta erantzutera, eta bide bat egitera; ez dagoenez gairik, zuk sortu behar duzu dena, eta sortze hori derrigor elkarrekin egin behar izaten da. Gero, gaiarekin ari garenean ere, hori neurri batean nabarmendu egiten da. Bertso eskolari dagokionez, bai, kideok baditugu antz batzuk, iturri beretik edan dugu eta. Ezaugarri horiek, beharbada, garrantzia dute saioari forma emateko garaian: erritmo jakin batzuk, entzuteko jarrera, doinu eta kantaera batzuk. Hala ere, ezaugarri horiek gero bakoitzak berera eramaten ditu, eta ezberdintasun handiak ditugu elkarren artean.

Aurtengo txapelketan entzundakoa da: «Gero eta gehiago gustatzen zait Mendiluzeren bertsokera». Zeuri ere iritsi zaizkizu halako esanak?

Neurri batean igual bai, baina ez dakit zenbateraino den erreala gehiago gustatze hori. Beharbada azken finaletik hona gehiago begiratzen zaidala bai, plazan ere bai. Jende bati azken finalean agertu zitzaion ordura arte ikusten ez zuen norbait edo ikusten ez zuen zerbait. Ez dut esan nahi zenbat eta gehiago begiratu gehiago gustatu behar zaionik, baina beharbada lehen oharkabean pasatzen zitzaizkion gauza batzuk ikusten ditu orain jende batek, eta batzuk gustatu egiten zaizkio, ez guztiak noski. Lehengo aldean ez dut ezberdin egiten bertsotan; ez dut uste, behintzat. Alde batzuk egongo dira garapenak ematen dituenak, baina egotekotan, aldaketa gehiago egongo da jendearen begiradan edo jendeak begirada horren atzean jartzen duen arretan, eta ez hainbeste nire aldaketan.

Sebastian Lizasok jarriko dio txapela txapeldunari. Hark esandakoa da: «Ni harritzen naiz jendea Mendiluzerekin harritzeaz. Urte piloa darama egundoko mailan». Akaso ez zara izan azken urteotan finalista izandako beste bertsolari batzuk bezain mediatikoa-edo?

Ez naiz izan, ez. Nire estereotipoa ere igual ez da irudi mediatiko, salgarri edo erakargarri bat izan. Beharbada nire estiloa ez hain erakargarria iruditze horrek jende bat eraman du nire bertsoei hainbesteko arretarik ez jartzera, eta aurreko finalak balio izan zuen horren gainetik nire lana, sormena eta testuak jartzeko.

Inoiz gutxitan egiten duzu huts. Batik bat zerk kezkatzen zaitu finalari begira? Zeren mende egon daiteke bertsotan ez egiteko arriskua?

Kantulagunek bertsotan egin egingo dutela dudarik ez dut; tokatu litezke gustuko ez diren gaiak, baina gai txar bati ere hiru bertso ateratzeko gai izan behar genuke... Orduan, ez dakit zein izan daitekeen bertsotan ez egiteko zergatia; bestelako faktore batzuk izaten dira, gure esku ez daudenak edo kontrola ezin ditugunak. Zergatik ez zaizu bertsorik etortzen burura? Izan daiteke tentsio handiegia duzulako, txikiegia... nola ez dakizun, jakin behar duzu ustez fisikoki, mentalki eta kreatiboki ahalik eta ondoen egoten.

Unai Agirre ez beste guztiok egon zineten aurreko finalean. Orduan nabarmendu zenuten talde moduan funtzionatzen asmatu zenutela. Taldea egite horri garrantzia ematen diozu zuk zeuk.

Txapelketa honetan gu ginen zaharrenak, eta egokitu zaigu 15 urte gazteagoekin kantatzea. Taldea egitea eta jendea zaintzea denon ardura da, baina esperientzia gradu bat denez, guri ardura handiagoa dagokigula uste dut. Gurekin ere berdin jokatu zuten zaharragoek: babestu eta lagundu egin gintuzten. Horrez gain, gure bertsokerak ere eskatzen du ofizioa biren artean egitea. Alde horretatik, lehen esandakoa, nire estiloa bada erantzutekoa, baina ez apurtzailea.

Mentalki ez ezik, fisikoki ere neketsua izaten da finala, ezta?

Bai, urduri ez zaudela uste duzunean ere hor egoten da urduritasuna aurreko egunetatik, eta gaintentsio hori gorputzak ordaintzen du azkenean: eztarriari eragingo dio, bizkarra kargatu, buruko mina jarri edo zernahi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna