Cheriff Mumina Sy. Trantsizioko buru izateko hautagai izana

«Orain, zuloak tapatu behar dira»

Burkina Fasoko heldu den urteko hauteskundeei begira itxaropentsu dago kazetaria. Agintariak direnak direla, herritarrek zaintza lana eginen dutela konbentziturik, «kontzientzia hartze bat» ikusten du.

NORA ARBELBIDE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Burkina Fasoko buruzagi ohi Blaise Compaoreren kontrako historiko bat da Cheriff Mumina Sy (1960, Mauritania), inolako alderdi politikoren ordezkari izan gabe. Kazetaria da, eta 1990ean Bendre aldizkaria sortu zuen. Eta geroztik erregimenaren gehiegikeriak salatzeko euskarria dauka. «Prentsarako daukadan engaiamendua injustiziaren kontra eta herritarren emantzipazioaren alde daramadan borrokari lotua dago». Afrika kontinenteko prentsa pribatuaren presidentea da. Urritik hona, trantsizioko hautagai ekarri zuen gizarte zibilak. Azkenean, armadaren babesa zuen Michel Kafando hautatu dute presidente. Uagadugutik erantzun die galderei Syk.

Bi egunez lekuak hustu zituen duela hiru aste Compaorek. Biziki fite da ororen buru, ez? Lasterregi sinesgarri izateko?

Herritarrak bere jauregiko atarian zituen. Defendatzen ahal zutenek, amore ez emateko beharrezkoak zituenek bizkarra eman diote. Ezinezkoa baitzitzaien beren herritarren kontra tiroak jaurtikitzen segitzea. Karrikara atera zirenen indarra ez zen txantxetakoa. Milaka hilekin ere, Blaise joatera behartua izan zen. Beste aterabiderik ez zegoen.

Adostu da trantsiziorako agiri bat, eta trantsiziorako presidente bat. Zu hautagai zinen. Baina ez hautatua. Posible ikusi al duzu segundo bakar batez ere zu izatea hautatua?

Iraultzaren ordez hauteskundeak izan balira, begi bistakoa da oldartuek beste norbait aukeratuko zutela. Baina nola oldartu gutxi zegoen koadro batean egin den hautaketa; ez da harritzekoa nire hautagaitza ez hobetsi izana.

Gizarte zibilak ez du aski indar izan?

Gizarte zibilean sostengatzen ez ninduten bi alderdi politiko ere bazeuden. Gero, hemen, gizarte zibilaren barne sartzen dira komunitate erlijioso eta ohituraren berme direnak. Eta horiek gehiengoa zuten. Eta boterea dutenekin senidetzeko usaia dute. Kasu honetan ere hori da gertatu.

Armadaren jokoa nola ulertu behar da?

Blaisek nardatzen zituela armadako batzuk ere begi bistakoa da. Halere, herria da altxatu; hori da abiapuntua, nahiz eta ondotik armadak errekuperatu duen gisa batez.

Isaac Zida lotinant-koronela, Compaore presidente ohiaren zaintzapeko arduradun nagusietan zen, eta orain, oldarretik landa, lehen ministro agertu da; armadaren buru horiek abilki jokatu dutela erran daiteke, ez? Compaore joan da fisikoki, baina sistemak segitzen du zutik?

Beren presidentea izateko gisan trikimailu bat egin dute. Halere, nahiz eta onartezina zaidan, ez zait arazo gaindiezina iduri, urte bat baizik ez direlako hor egonen, hauteskundeak arte.

Baikor zaude, beraz? Hauteskunde gardenak posible ikusten dituzu?

Bai, eta arte horretan lan eginen dugu konstituzio berri baten alde. Eraman den borrokaren araberako lege testu berriak izan daitezen ariko gara.

Baina sistemak iraun dezake, ez? Edo, beste gisa batez erranik, oldarraldia izan da urriaren 30 eta 31koa ala zinezko iraultza?

Oldarraldia izan da. Bururatu gabea gelditu dena borrokak ez zuelako bide zehatzik. Baina oldarraldia izan dela ukaezina da. Eta matxinada horrek nau lasaitzen, gertatzen ahalko den guztiari begira. Agintariek herritarren kontrako edozein erabaki harturik ere, konbentzitua naiz berriz ere oldartuko direla herritarrak. Etengabeko zaintza eginen da. Segur da ez dela agintariek uste bezain errazki iraganen. Borrokatzeko nahikaria beti hor da.

Zergatik diozu borrokak ez duela bide zehatzik izan?

Gizarte zibileko indar politiko eta antolakundeen gaitasunik ezagatik. Batzuek nahi zuten Blaise kanporatu, besteek bere burua berriz aurkeztu ahal izateko lege hori ez zedin pasa, baina ez zen izan estrategia bateraturik antolaturik. Estrategia batek galdeginen zukeen gogoetatzea behin Blaise kanpo ezarri eta egin beharrekoaz. Galdera horri erantzun behar zitzaion borroka abiarazi aitzin. Horrela, Blaise partitu bezain laster gobernu iraultzailea jarriko zen boterean. Ez da orain, dena bururatua dela, erantzuna bilatu behar. Orain, behartuak gara zuloen tapatzera.

Berantegi da?

Zenbait aukera galdu badira ere, ezin da erran berantegi denik. 27 urteko erregimena ez da bi egunez desegiten. 27 urteko errepresioa da, 27 urteko gobernantza txarra, 27 urteko ustelkeria, eta beste. Dagoen borondate on guztiarekin ere, ezin da. Denbora beharko da, erresistentziak agertuko baitira. Mentalki ere, herritarrak formatatu dituzte. Halere, konfiantza egin behar zaio herritarrek agintariei begira jarriko duten etengabeko zaintza horri. Prentsa askatasunaren aldeko borroka etengabea den bezala, demokrazia eta demokraziaren garaipenen aldeko borroka ere etengabea da. Zergatik ez zaio konfiantza egin behar masari? Herritarrei? Bere bizia jarri du arriskuan. Hilak izan dira. Zaurituak. Zergatik hori baztertu eta zenbait buruzagiri bakarrik kasu egin? Herritarrek jakinen dute beren eskubideen errespetarazten. Karrikara atera diren gazte anitz Thomas Sankararen jarraitzaile gisa aldarrikatu dute beren burua. Ez dute behin ere ezagutu. Alderdi sankaristako kide ere ez direlarik.

Nola ulertu behar da hori?

Kontzientzia hartze politiko gisa ikusi behar da. Eta hori ez da 24 orenez eraiki. Urteak behar izan dira.

Burkina Fason gertatzen ari dena zertan izan daiteke modelo Afrikako gainerateko herriei begira?

Burkina Fasoko gertakarietatik landa, segidan, lema berak berreskuratu dituzte Togon, Txaden, Beninen, Kongon, eta beste. Txaden adibidez, Trop C'est Tropmugimendua sortu dute, zeina Burkina Fasoko eslogan bat den. Diktadurak dauden Afrikako herri guztiak Burkina Fasoko herritarren borrokarekin identifikatzen dira. Eta hori garatuz joanen da. Nehork ez baitzuen pentsatzen ahal ere Blaise boteretik kanpora zitekeenik, 27 urtez boterean egon eta erdi jainko bat bezala hartua zelarik.

Compaoreren aurka bide juridiko bat abiatzeko aukera ikusten duzu? Kafandok elkarrizketa batean galga jarri dio galdera horri, ez dela lasterregi joan behar erranez.

Burkina Fasoko herritarrek pentsatzen badute justiziako jaukimenduak beharrezkoak direla, karrikara aterako dira horren eskatzera. Ez dakit zergatik behar den buruzagien erabakien beha egon.

Herritarren baitako indarrean alimaleko itxaropenak dituzu.

Azken 20 urteak hemen iraganik, urriko gertakariak bizi izanik aktore gisa, herritarrek beren buruaren jabe izateko duten gaitasunean sinesten dut. Beren historiaren protagonista izateko gai dira. Baliteke ez zuzen aritzea, baina horrela dela sinesten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.