Esti Aizpurua. Oiartzun taldeko jokalaria

«Ez zen nire lekua, eta ezta unea ere»

Athleticen atzeko lerroan sendotzeko erronka jarri zion bere buruari, baina, ia aukerarik gabe, Bilboko atea itxi eta Oiartzunera itzultzea erabaki du donostiarrak. Bi taldeek derbia jokatuko dute gaur, Lezaman.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Buruak abisua bidali zion Esti Aizpuruari (Donostia, 1988). Oiartzunekin Lehen Mailari eutsi berritan, Athleticen deia jaso zuen ekainean, eta Txapeldunen Ligak piztuta eman zuen baiezkoa. Beroketa lanetara mugatu da, ordea, Europako lehiaketa nagusiko uzta, eta 48 minutuz besterik ez du jokatu ligan. Egunerokoa sufrimendu bihurtuta, zuri-gorriekin kontratua etetea erabaki zuen azkenean, eta Oiartzunen eskaintza onartu zuen jarraian. Talde ohiaren aurka ariko da gaur, Lezaman (19:30, Gol T), nahiz eta Realaren aurkako partidan min hartu ondoren, deialditik kanpo gelditu zen atzo iluntzean.

Batzuetan pauso bat atzera eman behar omen da bi aurrera emateko, eta antzeko zerbait egin duzu zuk, ezta?

Bilbokoa ez da izan atzerapausoa, beste esperientzia bat baizik. Argi dago ez dela izan nahi nuen bezain ona, baina gertatutakotik ikasi eta aurrera egin behar da.

Oiartzunekin mailari eutsi, Athleticen deiari baiezkoa eman, Txapeldunen Liga eskuekin ukitu, kontratua eten, eta iraganera buelta. Gauza asko gertatu dira hain hilabete gutxian.

Buelta asko eman diot kontuari; batekin hitz egin, bestearekin hitz egin, neure buruarekin hitz egin... Ekainean jaso nuen Athleticen deia, eta erronka polita zen niretzat. Txapeldunen Liga ezagutzeko aukera sortu zitzaidan, eta probatzea erabaki nuen. Baina 28 urte dauzkat jada, eta gozatu egin nahi dut futbolarekin. Athleticen ez nengoen ondo psikologikoki, ez nengoen gustura, eta etxera itzultzea erabaki nuen.

Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak adierazi zuen Athletic «agian handi samarra» zela zuretzat. Ados zaude?

Handia, txikia... Ez dakit. Haren iritzia da hori. Baina ondo ezagutzen dut neure burua, eta ez nengoen ondo. Ez zen nire lekua, eta ezta unea ere.

Irene Paredesek utzitako tokia betetzera joan zinen Lezamara. Karga horrek eraginik izan al du zure egunerokoan?

Ez, ez. Irene Irene da, eta ni ni naiz. Denok dakigu Irene nolako jokalaria den; oso zaila da haren maila ematea. Baina ez dut sentitu presio berezirik.

Aldagela, lagun giroa, zelaitik kanpoko tratua... Hain desberdinak al dira Athletic eta Oiartzun?

Tira... Talde giro on hori da Oiartzunen indargunea, nahiz eta Athleticen ere giro ona dagoen. Baliabide gutxiagorekin aurrera egin behar izaten da Oiartzunen gisako taldeetan, eta guztiek oso elkartuta egon behar izaten dute horrelakoetan. Klub handiagoa da Athletic, baliabide gehiagokoa, profesionalagoa...

Noiz erabaki zenuen Athletic ez zela zure tokia?

Pixkanaka ikusi nuen aukerarik ez neukala, minutu bakar batez ere ez nuela jokatzen, inork ez zidala ezer esaten... Saiatzen zara entrenamenduetan lan egiten eta dena ematen, baina baxu nengoen moralki, eta futbolak ez zidan lagundu egoera horri buelta ematen. Garai baxu horietan hasten zara sentitzen etxekoen beharra. Gau asko igaro nituen buruari bueltaka, eta saiatu nintzen Joseba Agirrerekin hitz egiten. Baina bere ikuspegia azaldu zidanean ikusi nuen bide hura amaitu zela.

Norbaiti huts egin diozun sentsaziorik badaukazu? Edo zorrik badaukazu zeure buruarekin?

Zorra? Ez, ez. Probatzeko asmoz joan nintzen Athleticera, aukera polita zelako, baina inorekin ez naiz gelditu zorretan.

Zer eskaini zizun Gari Argotek berehala baiezkoa emateko?

Aurreko denboralditik asko hitz egin izan dut Garirekin, baita Athleticen nengoenean ere; bazekien buruz ez nengoela oso ondo. Burua bere onera ekarri nahi nuen lehenengo, baina uste baino azkarrago itxi dugu dena azkenean.

Hain baxu egonda, futbola uzteko tentaziorik eduki al zenuen?

Tira, bai; egunen batzuetan, bai. Hain gaizki pasatzen ari nintzen, ez neukan ezertarako gogorik, baina pare bat asteko kontua besterik ez zen izan.

Zer aurkitu duzu Oiartzunera bueltan? Zure gisan, baxu zegoen taldea, ezta?

Bai. Zorte pixka bat falta izaten ari zaigu. Joan den denboraldian puntu dezente lortu genituen azken minutuetan, eta denboraldi honetan puntu horiek guztiak galtzen ari gara. Gertuko jarraipena egin nien Athleticen nengoenean, eta lan ona egin dutela uste dut. Azken asteotan egutegiak ez digu askorik lagundu, eta behera egin du taldeak. Baina Rayoren aurka, adibidez, ondo jokatu genuen, aukerak sortu genituen, eta azken unean jaso genuen gola. Burua bere lana egiten ari da denboraldi honetan, eta jota amaitzen ditugu partidak. Baina bide onean goazela uste dut eta altxatuko gara, lehen itzulia ere ez delako amaitu oraindik.

Badaude Oiartzun baino bi talde ahulago?

Egongo dira!

Athletic-Oiartzun. Zuretzat oso partida berezia izango da gaurkoa, ezta?

Oso-oso partida berezia izango da, bai. Rayoren aurkakoa amaitu zenetik, besterik ez daukat buruan. Gauza on eta txar guztiak gogora etorri zaizkit bat-batean, eta sentsazio arraroak dauzkat partidaren atarian.

Zer egin beharko luke Oiartzunek Athleticen aurka punturen bat lortu ahal izateko?

Buruz indartsu zelairatu beharra daukagu Lezaman, nahiz eta gure egoeran egonda zaila den buruari eustea. Realaren aurka hondoratu egin ginen lehen gola jasota, eta ezin zaigu hori gertatu. Azken minutuetan golak jaso arren, bikain ari gara defentsan, eta horren erakusgarri da Bartzelonaren aurkako partida [0-1]. Talde lan ona egiten ari gara, nahiz eta azken metroetan min egitea falta zaigun. Aurreko denboraldian ez genuen jokatu partida txarrik Lezaman [2-0 galdu zuten], eta denok elkarren ondoan egonez gero eta 94 minutuetan lan ona eginez gero, min egin diezaiekegu.

Ia jokatu gabe egonda ere, euskal selekzioaren deialdian sartu zinen azaro amaieran, Irlandaren aurka jokatzeko. Motibazioak eskertuko zuen keinu hura, ezta?

Bai, bai. Konfiantza berreskuratzen hasteko balio izan zidan. Jokatu gabe ere niregan konfiantza daukan jendea badagoela ikusi nuen, eta indarra eman zidan.

Atzera begiratuta, zer ikasi duzu zulo-zuloan egonda?

Bizitzak aukerak ematen dituela, eta garrantzitsua dela aukera horiek aprobetxatzea, ondorengo emaitzak emaitza. Zuloan zaudenean jabetzen zara nor dagoen benetan ondoan eta nor ez, eta hori ere ikasi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.