Martxel Arkarazo. Musikaria

«Zuloa eta izerdia gustatzen zaigu»

M-ak zenaren hainbat kanturen moldaketak joko ditu Rukula taldeak bihar, Bilboko Kafe Antzokian; M-ak taldeko kideetako bat izan zen Kaki Arkarazo, eta Rukulan ari da haren seme Martxel Arkarazo.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Andoain
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Nola bestela. Gogoz ari dira entseatzen. Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan dute entsegu lekua egunotan. Indarrez jo dituzte Menua eta Opor guztietako zalantza, esaterako. Ez dira beren kantuak, ez dira Rukularenak. Baina enkargua jaso dute, M-ak taldearen kantuen bertsioak egitekoa, hain zuzen ere. Bihar emango dute kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian (20:00etan), Izar & Star zikloaren barruan. Haiekin batera Lou Topet ariko da. Wilcoren kantuen moldaketak eskainiko ditu hark.

Taldeko kide gehienak jaiotzeke zeuden M-ak taldeak Gor (1990, IZ) azken diskoa plazaratu zuenean. Kideetako helduena Martxel Arkarazo da (Usurbil, Gipuzkoa, 1986). Eta baita M-akekin lotura emozional estuena duena, taldeko kide izan baitzen haren aita, Kaki Arkarazo.

Bigarren etxea du Martxel Arkarazok Garate baserria, han aritzen baita lanean, soinu teknikari —aitak sortu zuen estudioa, eta han aritzen da hura ere—. Ondo ezagutzen ditu leku horren zoko guztiak, baita ematen dizkien aukera eta baliabideak ere. Eroso ari dira, «nahiz eta denboraz justu samar ibili». Alboan ditu Jon Agiriano (gitarra; Donostia, 1994), Aitor Pagola (Usurbil, Gipuzkoa, 1989) eta Oihan Agirretxe (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1994). Beñat Irazusta ere (Usurbil, Gipuzkoa, 1989) taldeko kide izan da, baina orain bidaian da. Arkarazok berak jotzen du baxua.

Aldiro aldatzen dute M-aketik hautatu nahi duten errepertorioa, baina sei-zazpi kantu ziur samartzat dituzte. Menua eta Opor guztietako zalantza-z gain, Barkatu Ama, Pistolen mintzoa, Lo, Ikusi makusi eta Egunero ere entseatzen ari dira. «Garai guztietakoak joko ditugu, baina batez ere Barkatu Ama-n [1989] zentratu gara».

Gogoratzen duzu noiz entzun zenuen M-ak taldearen kantu bat aurrenekoz?

Ez daukat oroitzapen askorik. Dakidana da M-aken entsegu asko jan nituela. Ama nitaz haurdun zegoen. Hala esaten dit: «Zuk kantu hauek guztiak jakin behar dituzu, nire tripan baitzeunden entseguetan». Baina ez daukat oroitzapen berezirik.

Gaur egun M-ak entzunda, zer transmititzen dizu?

Oilo ipurdia. Maila handia zuten, izugarri jotzen zuten, eta musikaren kontzeptu oso aberatsa zuten. Erakargarria. Beldurrik ez zuten garai hartan, jolastu egiten ziren elkarrekin. Soinu teknikari moduan entzuten dut, eta ikusten dut sekulako banda zela. Hasieran hirukote baten oinarria zuen: bateriak, baxuak eta gitarrak ze indar zuten talde horretan. Oso indartsua da. Eta, gero, gainera, abeslari bat, perkusioak, haize instrumentuak batzuetan...

Beldurrik ez zuen talde bat izan zela aipatu duzu. Molde berri bat ekarri zuten euskal musikara garai hartan?

Tira, haiek ez zuten halakorik pentsatuko inoiz. Sentitzen zutena egin zuten. Musika egiten duzunean, normalean ez duzu pentsatzen «hau egingo dut dagoena txikitzeko». Barnean daukazuna egiten duzu, eta horrekin sentitzen zara gustura, zoriontsu.

Zuek zeuek orain artean zergatik ez duzue kantatu?

Musikarekin bakarrik asko transmititu daitekeela iruditzen zait, hitzen beharrik gabe. Jendeari hasieran arraroa egiten zaio, baina hirugarren kanturako ahaztu dute ez dugula kantatzen. Modu horretan, publikoak ere parte har dezake, ahotsak edo oihuak sar ditzake. Guk geuk sartzen ditugu orroak eta oihuak mikroetatik aparte. Denak animatzen gara, eta festa moduko bat sortzea da gakoa. Gehiena hori gustatzen zaigu. Entzulearekin harreman hori izatea gustatzen zaigu. Horregatik saiatzen gara askotan lurrean jotzen, jendearengandik ahal den eta gertuen; bestela hotza iruditzen zaigulako.

Berreskuratzen ari den azkenaldiko joera bat iruditzen zaizu hori, ikus-entzulearengana gerturatzekoa?

Guk geuk nabaritu dugu pixkanaka urrunduz gindoazela publikoarengandik kontzertuetan. Hasi ginen leku txikietan jotzen, tabernetan, gaztetxeetan, areto txikietan... Zuloa eta izerdia gustatzen zaigu. Bat-batean proposamen handiagoak iritsi zaizkigu, eta agertoki handiagoetan jotzen hasi ginen. Baina konturatu gara hori ez zaigula gustatzen.

Hori planteatu izan duzue taldean?

Bai, planteatu dugu. Urrundu eta hoztu egiten du kontua, eta ez genuen hori nahi. Musikariok publikoari zerbait ematera mugatuko ginateke, eta ez dago hartu-emanik horrela. Rukula behera jaisten denean, beste zentzu bat hartzen du kontuak.

Zure taldean nola eragiten du zu soinu teknikari izateak?

Ni saiatzen naiz bi arloak bereizten. Rukularekin, zuzenekoetan, ez dut teknikari lanik egiten. Neure buruari debekatu diot hori. Saiatzen naiz soinu mahaian eskua ez sartzen. Ahaztu egin beharra daukat nire alderdi hori, gogaikarri bihur bainaiteke beste taldekideentzat.

Estudioan edo zuzenekoetan sentitzen zara erosoago teknikari gisa?

Teknikari gisa, estudioan nago erosoago. Zerbait sortzen ari naizela iruditzen zait. Ez dut ikusten lan automatiko moduan, botoi bati eman eta kito. Musikariak etortzen dira. Emozio pila bat dakartzate. Eta polita da ikustea haien bilakaera ere. Erdi-psikologo lan bat ere bada. Une txarrak eta onak egoten dira, bi astez zaude haiekin, eta bukaeran emaitza ona denean pozten zara haiengatik eta zuregatik ere bai. Beteta sentitzen zara.

Zure aitak, Kaki Arkarazok, askotan aipatu izan duena da ahalik eta soinu naturalena topatzea izan duela erronka.

Bai, horretan haren eskolakoa naizela uste dut. Iruditzen zait gaur egun estandarizatu egin dela soinua. «Hau ondo dago, eta beste hau gaizki dago» esaten dugu oso aise. Hori zeinek esaten du? Igual gaizki dagoena ondo dago. Pixkanaka joan naiz 70eko, 60ko eta 50eko urteetako musika entzunez, eta iruditzen zait orduan ez zeudela hain arau argiak. Onerako. Lehengo disko haietako askok nerbio berezi bat zuten, gauzak gaizki egonda ere zerbait sentiarazten zizuten; esaterako, Jimi Hendrixen hainbat grabaketak.

Etxean musikari, teknikari eta melomano bat izateak aukerak zabaldu dizkizu, edo zenbaitetan mugatu ere bai?

Aitak ikusten zuenean nik banuela garai edo joera baten inguruko jakin-mina, huraxe pasatzen zidan. Garai asko pasatu ditut: metala, rocka-and-rolla, funkya... Baina inoiz ez dit jarri gitarra bat eskuan, ez dit inoiz esan teknikaria izan behar nuenik. Hau dena nire kabuz deskubritu dut.

M-aken kantuekin osatuko duzuen kontzertuan, zerekin geratuko zinatekete gustura?

Prozesuarekin geratuko gara gustura. Prozesua polita ari da izaten, bere zailtasunekin. Txarrak gara geure burua saltzen, ez baitugu marketinerako egiten musika. Oholtza gainean dena eman ondoren, elkarri besarkada eta musu bana eman, eta eskerrik asko esaten diet! Momentu hauek beti gogoratuko ditut eta. Horrek betetzen nau, ez jendeak zer esango duen. Jendeak erantzuten badu, bada, izugarri ondo! Musika gure psikologoa da. Elkarrekin jo, gozatu, barrukoa bota eta terapia egiten dugu. Musika produktu bat baino gehiago da; nik arte sorkuntzatzat daukat, eta iruditzen zait gaur egun ahaztu egin dugula hori. Niretzat, teknikaria eta musikaria artistak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.