Iñaki Martiarena, 'Mattin'. Ilustratzailea

«Alfabetatze bisual bat behar dugu»

Ilustratzaile lanetan 25 urte daramatza, eta estilo nahiz baliabideen aldetik aldaketa etengabean ikusten du bere burua. Ontzat du hori, baita egun irudigileen artean sumatzen duen aniztasuna ere.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2016ko martxoak 16
Arkatzak eta pintzelak lehenago ere hartuko zituen eskuetan, baina badira 25 urte marrazkigintza ogibide bihurtu zitzaiola Iñaki Martiarena Mattin-i (Donostia, 1967). Urteotan, batez ere, euskarazko prentsan argitaratu ditu bere lanak, eta haur literaturako dozenaka liburu ilustratu ditu, besteak beste. Badu gidatzen duen ideia bat: «Zintzotasuna, hori da agian ezaugarri nagusia». Goxotasuna eta umorea ere lanabesen artean ditu. Eta tresna horiekin egin duen ibilbidearen «argazki bat» ikusgai dago egunotan Donostian, Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan ireki duten erakusketan. Ainara Saez Baztanekin ondu duen Txoriak ezkutatzen zuena lana ere Donostian aurkeztuko du, larunbatean, Kaxilda liburu dendan. Ez du geldirik egoteko asmorik; ikasten eta erakusketekin jarraitzeko gogoz dabil, eta buruan bueltaka dabilkio helduentzako komikiari eta album ilustratuari ere heltzea.

Zer jarri duzu ikusgai Ilustratzaileen Txokoko erakusketan?

Erakusketa hauen helburua ilustratzaileon ogibidea prestigiotsu bihurtzea eta gizarteratzea da. Batetik, argitaratutako lanak daude; eta, bestetik, helburua denez publikoak jakitea marrazkien atzean pertsona bat dagoela, bere borroka, poz eta tristurekin, bada, nire barruko mundua islatzen duten objektu batzuk ere jarri ditut. Azken batean, 25 urteko ibilbidearen argazki bat da, marrazki bat.

Ilustrazioan nagusiki haurrei begirako lanetan aritu zara. Haien begietatik ikusiko direla jakinik, nondik sortzen zaizkizu gaiak?

Alor desberdinetan aritzen naiz, eta proiektu bakoitzak eskatzen didanaren arabera. Gero, adinaren kontuarekin betiko dialektika dago; noraino den haurrentzat soilik, eta noraino helduentzat. Uste dut helduok nola badugun haur hori barruan, helduarentzat ere egiten dugula lan hori. Akaso, haur literaturan hasi nintzenean banuen kezka hori, baina uste dut gizartea aldakorra den neurrian muga hori ere lausotzen ari dela. Dena den, kontuan hartzen dut haurrekin kode batzuk daudela.

Eta beste egile batekin ari zarenean, nola hasten zara lanean?

Ez dago metodo finkorik, proiektuaren arabera izaten da. Batzuetan idazleak bere nahia adierazten dit, beste batzuetan ez, besteetan askatasun erabatekoa izaten dut... Zintzotasunetik abiatuta gauzak ongi egiten saiatzen naiz.

Zuzeneko emanaldietan ere aritu izan zara marrazten. Jarraitzen al duzu horretan?

Hori berreskuratu behar dugu. Bi modutara aritu izan naiz: kontalari batekin, Irudipuinak proiektuan; eta ni bakarrik, ipuinak kontatuz eta marraztuz.

Ezberdina izango da jendaurrean marraztea. Zer ematen dizu zuzeneko harreman horrek?

Osagarri gisa ikusten dut; ematen didana ezberdina da. Saiatzen naiz ez sobera itotzen erreakzioarekin. Uste dut hori beharrezkoa ere badela, eta publikoak eskertu egiten duela zuzeneko lilura hori, bat-batekotasunaren magia hori.

Haur literaturaz kanpo geratzen den lana da orain Ainara Saezekin ondu duzuna, Txoriak ezkutatzen zuena. Zer kontatzen du?

Ainarak idatzi zuen, eta prozesu pertsonal baten emaitza da, baina denok identifika gaitezke horrekin. Nolabait errealismo poetikoa da, ezingo nuke zehatz definitu. Istorioak atzean poesia handia du; horrek liluratu ninduen. Gure baitako aldaketa baten kontaketa poetikoa da nolabait. Barruan geure mamuak ditugu, ikarak... eta larritasun horretatik nola irteten garen adierazten du.

Egilearekin hitz egitea, haren azalpenak jasotzea beharrezko izaten duzu, ala testuak iradokitzen dizunak du pisu handiagoa?

Nire esperientzia normalean ona izan da idazleekin. Beti nago prest entzuteko. Saiatzen naiz malgua izaten, baita neure buruarekin zintzoa izaten ere. Gero, proiektuak berak baldintzatzen zaitu, neurria, epeak... Nire esperientzia orain arte ona izan da. Ainararen kasuan, autoedizioa izanik, berezia izan da, eta agian horregatik ere, harremana estuagoa izan da.

Adinaren muga oso lausoa dela aipatu duzu. Dena den, lan hau helduentzat dela esan duzue. Zuri, ilustratzeko, oso ezberdina egiten zaizu publiko batentzat edo beste batentzat izatea?

Bai, kontuan hartu behar da. Tira, istorioak berak ere eramaten zaitu grafismo batera nahiz bestera. Nik, behintzat, ez dut nahi ito estilo kontuekin; etengabeko aldaketa batean nago, 25 urteotan grafismo ezberdinak erabili ditut. Eta uste dut hori ona dela.

Aldaketa hori permititzen diozu zeure buruari? Bilatzen duzu?

Beno, proiektuak ere aldatzen dira, istorioak berak leku batera edo bestera eramaten zaitu... Beharbada, saltorik handiena zuri-beltzetik kolorera izan zen; hori mugarri bat da. Eta agian orain gehiago ari naiz esperimentatzen.

Noiz eman zenuen jauzi hori?

Prentsatik urrundu nintzenean, edo prentsa nitaz urrundu zenean [barrez], euskarria bera aldatu baitzen. Lehen prentsa dena zen zuri-beltzean, eta nik ere hala egiten nuen lan. Agian marrazkilari izatetik margolari izateko pauso horretara pasatu naiz, eta hori aldaketa handia da nigan.

Teknikan eta materialetan ere aldaketa izan da, beraz.

Bai, erabatekoa. Orain aniztasun eta aberastasun handi batean nabil. Baina medioak ere aldatu direlako: lehengo tinta txinatar eta paper zuria, oraingo teknika digitala, akuarelak, tenperak... Aldaketa handia izan da, eta aberatsagoa da. Orain, kontua da ez galtzea horretan. Horregatik, tarteka itzultzen naiz marrazkira.

Izan ere, aipatzen da orain bitarteko gehiago daudela, baina eskulana bera, egiteko modu hori ez ote den galtzen ari...

Hori da hitza: eskulana. Artisauak gara, eta hori da koska, artisau lan hori ez galtzea.

Kezka hori baduzu?

Orokorrean hitz eginda? Dudarik gabe. Baina diskurtso ezkorra da [barrez], eta hasten bagara, gauza pare bat esango nizkizuke...

Ba, esan lasai.

Zarata grafikoak kezkatzen nau. Esan nahi dut sobera estimulatuta gaudela, eta begiak sobera nekatuak baldin baditugu, gero jada berdin zaigu hau [bere irudi bat hartzen du] edo ez dakit nondik jaitsitako zer edo zer. Baina, tira, ez dut apokaliptiko jarri nahi, ez da hainbesterako [barrez].

Ilustrazioari haur literaturan balio handia ematen zaio. Helduentzako bestelako lanetan, balio hori aitortzen zaio?

Hor beste kontzeptu bat dago, alfabetatze bisualarena. Alfabetatze bisual bat behar dugu agian gure lanaren garrantzia aintzat hartzeko; irudiak irakurri egiten dira, eta alfabetatze bat behar da horri garrantzia emateko. Uste dut joera hori dela. Album ilustratuak, hitzik gabekoak ere, gero eta gehiago dira. Horien garrantzia ere horretan datza, publikoa ohartu dela komunikatzeko eta hunkitzeko medio oso egokia direla, eta eskaera gero eta handiagoa dago.

Eta, oro har, nola ikusten duzu ilustrazioaren jarduna Euskal Herrian? Osasuntsu dago?

Uste dut aniztasun handia dagoela, eta publikoarentzat oso ona da hori. Maila ere badago. Jende asko dabil, ikasteko gogoa dago... Hutsuneak ere aipatu behar dira, eta, ez dakit, gure ondorengo belaunaldien kasuan uste dut guneak falta direla, toki fisikoak, ikastetxeetan eta haietatik kanpo haurrekin hau lantzeko, tailerrak, pedagogia... Hor dago ikaragarrizko lana egiteko, eta beharra, eta faltan hori sumatzen dut, baita alfabetatze bisualari begira ere, gure lana baloratzeko. Horiek izango baitira gero gure irakurleak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna