Roser Cruells. Els Catarres taldeko kidea

«Ez genuen espero bidea egiterik»

Urte eta erdiko geldialdiaren ostean, Els Catarres musika talde katalanak bere laugarren diskoa kaleratu du, 'Tots els meus principis' izenekoa. Bihar aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian.
Aurrean, Les Catarreseko hiru kideak—Roser Cruells, eskuinean—, zuzeneko laguntzaileekin.
Aurrean, Les Catarreseko hiru kideak—Roser Cruells, eskuinean—, zuzeneko laguntzaileekin. MARTA RIERA

Peru Azpillaga -

2018ko ekainak 14
Urte eta erdi agertokietatik kanpo eman ostean, Kataluniako Els Catarres musika taldea indarberrituta eta doinu berriz hornituta itzuli da; disko berria kaleratu, eta kontzertu bira luzea prestatu du aurtengo udarako. Orain dela zazpi urte ezagutarazi zuten beren burua Jennifer abestiak izandako arrakasta «ikusgarriaren» ondorioz; «guk geuk ere ezin genuen sinetsi». Geroztik, kontzertu andana eman dute, eta beren ibilbidean kaleratutako laugarren diskoa dute Tots els meus principis.

Hirukoteak orain arte erabilitako estilo guztiz akustikoarekin apurtu, eta instrumentu elektrikoak gehitu dituzte. Horren ondorioz, Roser Cruells (Vic, 1987) taldeko kidea —kontrabaxua jo izan du orain arte— oholtzan bueltaka ibiliko da orain, baxu elektriko baten laguntzaz. Herrialde Katalanetan oihartzun handia izan duen taldea da Els Catarres.

Tots els meus principis bataiatu duzue diskoa, zergatik?

Esanahi bikoitza duen izenburua da. Batetik, bizitzan lehen aldiz egindako gauza guztiei egiten die erreferentzia: maitemintzea, harreman bat izatea, bizikletaz ibiltzea... pertsona ororengan zantzu sakonak uzten dituzten ekintzak dira. Bestetik, barruan daramatzagun balio guztiez ere mintzatzen gara, askotan hastapen horiekin estuki lotuta daudenak.

Beraz, diskoa, hein batean, nostalgikoa dela esan genezake?

Diskoak atzera eramaten gaitu, txikiak ginen garaietara, eta, beraz, bai, nostalgikoa dela esan genezake, baina zentzurik onenean. Heldutasuna adierazten duela esango nuke, adin bat dugu jada, eta bizitza beste era batera ikusten dugu: bizi izandako gauza guztiek egin gaituzte garen modukoak. Horrekin batera, umetan duzun ilusio hori berreskuratu nahi genuen, gauzak egiteko duzun irrika eta xalotasuna.

Kontrabaxua alde batera utzi, eta baxu elektrikoa hartu duzu; asko aldatu da taldearen estiloa disko berri honekin?

Orain dela bi urte kontzertu elektrikoagoa egin genuen, baxu eta gitarra elektrikoekin, eta oso ondo pasatu genuen. Desberdina zen, eta harrapatu egin gintuen; gainera, niri mugikortasun gehiago ematen zidan. Beraz, taldea elektrifikatzea proposatu genuen. Ordura arte ez genuen inoiz planteatu, estilo akustikoa taldearen esentziaren parte zela uste baikenuen. Alta, konturatu gara beste ezaugarri batzuek egiten gaituztela berezi: abestien gaiak, Ericen eta nire ahotsen arteko nahasketa... Gu geu gara oraindik ere.

Urte eta erdiko geldialdia egin duzue, nolatan hartu zenuten erabaki hori?

2010. urtetik diskoak eta birak kateatzen hasi ginen, bata bestearen atzean, eta sei urte eman genituen gelditu gabe. Oso lanpetuta geunden, besteak beste, jotzeaz gain taldearen kudeaketa ere guk hirurok eramaten dugulako, hein handi batean: produkzioa, bilerak, elkarrizketak, administrazioa, diseinua eta abar. Jotzea izozmendiaren punta baino ez da. Gu nahiko desgastatuta geunden mentalki, eta urte batez, lasaixeago ibiltzeko gogoa geneukan.

Zortzi urte daramazue dagoeneko...

Taldea 2010ean jaio zen. Ideia zen talde txiki bezain soila osatzea. Hiru pertsona baino ez ginen, eta instrumentu guztiak akustikoak ziren. Auto batean kabitzen ginen gu eta gure musika tresnak, eta horrek erraztasun handiak ematen zizkigun bira egiteko orduan. Horregatik albuma atera baino lehenago, urte oso bat eman genuen taberna eta antzoki txikietan biraka; ez genuen ezta soinu probarik egin beharrik ere!

Behin baino gehiagotan adierazi duzue ez zenutela inondik inora espero halako arrakastarik.

2011ko udaberrian gertatu zen. Guk taldea ondo pasatzeko sortu genuen, eta inondik inora ez genuen espero bidea egiterik. Bat-batean, ordea, gure lehen diskoko Jennifer abestia biral bihurtu zen, eta, egunetik gauera, jendea gu entzuten hasi zen, eta dei mordoa jasotzen hasi ginen. Pentsa, uztailetik abuztura 44 kontzertu jo genituen. Hor hartu genuen gure lanbideak uzteko erabakia. Hala proiektuan guztiz murgildu ginen, eta David batu genuen taldera, manager lanak egin zitzan. Hala ere, oraindik mantentzen dugu proiektua gertutik kontrolatzeko joera; hori da hein handi batean taldearen filosofia.

Gaur egun ez da ohikoa musika talde batek bere egiteko guztiak kudeatzea. Zergatik hartu zenuten erabaki hori?

Eric eta Jan beste talde batetik zetozen: handiagoa zen, eta, gustura ibili ziren arren, arazoak izan zituzten, besteak beste, diskoetxeen kontuak zirela eta. Horregatik erabaki genuen ahalik eta konplexutasun gutxiena hartzea eta guk osoki kudea genezakeen talde bat osatzea. Gainera, hasieratik genuen argi gure musikak debaldekoa izan behar zuela, pertsona orok entzuteko aukera izan zezan, eta, gerora, hori izan zen egungo diskoetxeari jarri genion baldintzetako bat.

Atzera begira jarriz, nola ikusten duzue orain arteko ibilbidea?

Oso harro gaude, egia esan. Hasierara itzuli eta hau lortuko genuela esango balidate, ezingo nuke sinetsi. Gauza asko lortu ditugu: elkarrizketa hau, adibidez; orain dela bost urte, ez nuke inoiz imajinatu ere egingo Euskal Herrian gure musika entzun zitekeenik. Zorte ikaragarria izan dugulakoan nago, eta, lan handia egin dugun arren, benetan ikaragarria da zer lortu dugun.

Bihar Bilboko Kafe Antzokian joko duzue. Han jotzen duzuen bigarren aldia izango da; zer espero duzue?

Ba, egia esan, ez dakigu. Orain dela lauzpabost urte egon ginen Bilbon aurrenekoz, eta denbora asko igaro da geroztik. Hala ere, oso oroitzapen polita daukagu, asko gozatu genuen, eta lekua mukuru beteta zegoen. Oraingoan gogo berarekin gatoz, eta espero dugu jendea pozik etortzea gu ikustera.

Bira bat egitean, zer estimatzen duzue gehien?

Bada, niretzat, musika baino gehiago, osatzen dugun familia da garrantzitsuena. Orain, bira bakoitzean 14-15 pertsona ibiltzen gara. Uste dut zorte ikaragarria dugula, oso giro ona dugulako eta inoiz ez dugulako arazorik izan. Oso harreman ona dugu gure artean, jende paregabea topatu izan dugu beti, eta asko maite dugu elkar. Hori ere agertokian nabaritzen da, eta nik, alde horretatik, asko estimatzen dut.

Etorkizunera begira, zer duzue buruan?

Diskoaz erditu berri garela esan genezake, eta, gutxienez hurrengo udara arte, kontzertuak ematen ibiliko gara. Beraz, bira honekin asko disfrutatzea espero dut, eta gero ikusiko dugu zer egin; lan handia dugu egiteko.

Martxoan argitaratu zen diskoa, zer-nolako harrera izan du?

Ezin hobea, 10.000 kopia salduak ditugu. Eta, gure musika doan eskaintzez dugunez, diskoei garrantzi berezia ematen diegu. Oraingo honetan, portada bakoitzak argazki bat du, eta, beraz, guztiak dira desberdinak. Aurrekoan, berriz, eskuz egin genuen bakoitza, eta, salmenten kopurua zela-eta, urrezko diskoa eman ziguten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna