Klima aldaketa. Ondorioak

Errekorrak hautsi dira

Goseteak, iraungitzeak, migrazioak. Azken urteetan, klimarekin lotutako fenomenoak inoizko mailarik handienetara iritsi dira, eta 2016a inoizko urterik beroena bihur liteke.

Errekorrak hautsi dira.
ander perez zala
2016ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ebidentziak inoiz baino argiagoak dira. Bioaniztasuna eta bizia sostengatzen duten sistemak galtzen ari gara». Bide okerretik doa Lurra, beraz. Arriskuaz argi mintzatu da Nazioarteko WWF Naturarentzako Mundu Funtseko zuzendari Marco Lambertini. Izan ere, hainbat errekor hautsi dira aurten ere; baieztatzeko dagoen arren, 2016a inoizko urterik beroen bihurtzeko bidean dago, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera.

Giza ekintzek seigarren iraungitze masiboa eragin dezaketela ohartarazi dute zientzialariek. Areagotzen ari da klima aldaketak abereengan eta landarediarengan duen eragina, eta hainbat espezieren habitata aldatu egin da, eta haien iraungitzea azkartu. Gizakien populazioa areagotzen ari da, baina agortuz doaz bizirik irauteko erabiltzen ditugun baliabideak. Gure bizimoduak eta baliabideak kontsumitzeko erritmoak aldaketa sakon bat behar dutela ohartarazi dute politika, ekonomia eta ingurumen arloetako hainbat adituk.

TENPERATURA

Munduko Meteorologia Erakundeak behin-behineko adierazpen bat publikatu zuen joan den astelehenean, munduko tenperaturari buruz. Badirudi 2016. urtea,errekorra hautsita, inoizko urterik beroena izango dela;behin betiko datuak 2017an jakinaraziko ditu.

Aurten aztertutakoaren arabera, 0,88 gradu igo da Lurreko tenperatura 1961 eta 1990 artean izandako batezbestekoarekin konparatuta—datu hura oinarritzat du erakundeak—; urte amaierarako 1,2ra igo daitekeela ohartarazi du erakundeak, industrializazio aurreko klimarekin alderatuta —1880. urtean baino lehen izandakoak—. Oraingoz, aurtengo tenperatura anomalia handienak otsailekoa —1,12 gradu gehiago— eta martxokoa —1,09 gradu gehiago— izan dira. Hozberoa batezbestekoaren azpitik izan den toki bakarra Hego Amerikako tropikoko azpiko eremua izan da.

2016ko datuak kontuan hartuta, hamazazpi urte beroenetatik hamasei XXI. mendean izan dira; bestea, 1998. urtean. Aurten hainbat bero bolada izan dira. Lehena urte hasieran izan zen, Hego Afrika; urtarrilaren 7an, aurrekaririk gabeko tenperaturak jasan zituzten Pretorian —42,7 gradu— eta Johannesburgon —38,9 gradu—, esaterako. Thailandian, inoizko tenperaturarik handiena izan zuten joan den apirilaren 28an: 44,6 gradu. Mitriban (Kuwait), 54 graduko tenperatura erregistratu zuten uztailaren 21ean; baieztatzeko dago, baina Asian inoiz izandako tenperaturarik handiena izan liteke.

OZEANOAK ETA IZOZTEAK

Klima aldaketaren ondorioz, ozeano gehienetako tenperatu igo da, eta batezbestekoa gainditu. Ozeanoak gero eta beroagoakizanik, ekosistema suntsitzeko aukera handiagoa da. Beroketa horrek, besteak beste, tropikoko uretako ekosistema batzuk hil ditu; Australiako ekialdeko kostan dagoen Koralezko Uharri Handia —uharrien %50 hil dira, adibidez, edota Fiji eta Kiribatiko ekosistemak.

Itsas izotz artikoen hedadura «askoz txikiagoa» izan da aurten; irailean, 4,14 milioi kilometro koadro zen hedadura, 2012az geroztik erregistratutako daturik txikienetan bigarrena. Martxoan izan zuen 2016ko hedadurarik handiena: inoiz erregistratutako daturik txarrena da. Urrian erregistratuako datua hilabete horretan inoiz izandako txarrena dela ohartarazi du erakundeak.

Antartikako itsas izotzen hedadura ohiko mailara txikitu da espero baino lehen, eta gehiengora iritsi uste baino hilabete lehenago; urri bukaeran, esaterako, hilabete horretan ohikoa den mailatik «askoz» beherago zegoen, Munduko Meteorologia Erakundearen datuen arabera. Esaterako, Groenlandiako izotz geruzaren aurtengo urtzea —udan izaten da— 1990 eta 2013 artean izandakoak baino «askoz» handiago da; uztailean azkartu zen batez ere.

Itsasoen maila hamabost milimetro igo da 2014ko azaroa eta 2016ko otsaila bitartean, El Niño klima fenomenoaren ondorioz; ohiko joera apalagoa da —3 eta 3,5 milimetro artean—. Joan den otsailaz geroztik, itsasoen maila ez da ia aldatu.

ONDORIO HUMANITARIOAK

Klima sistemak jasaten dituen aldaketek eragin zuzena dute gizakiaren migrazio joeretan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 19,2 milioi lekualdatu izan ziren joan den urtean —113 herrialdetan—, eguraldiarekin, klimarekin eta geofisikarekin lotutako arriskuek behartuta. Gatazken eta indarkeriaren ondorioz migratzen dutenen bikoitza dira.

El Niño klima fenomenoak eragina izan du nekazaritzan eta elikadura segurtasunean ere. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, eragin zuzena izan zuen 60 milioi pertsonengan. Erakundearen 2015eko datuen arabera, 795 milioi pertsonak gosea pasatzen dute; hala ere, kopurua txikituz doa urtero.

MEP Munduko Elikadura Programaren prebisioen arabera, gero eta lehorte eta ekaitz gehiago izango dira datozen urteetan; horren ondorioz, suntsipena handiagoa izango da. Itsasoaren maila handituko denez, lurra hondatuko da, eta ezin izango da ezer landatu. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak gaineratzen du klima aldaketak osasun eta drainatze arazoak eragingo dituela ere eta, ondorioz, elikaduraren kalitatea okertuko dela.

PLANETA BIZIA INDIZEA

LPI Planeta Bizia Indizea bioaniztasuna neurtzeko erabiltzen da, eta Lurraren baldintza ekologikoak jakiteko neurgailu egokia da. Munduko 3.706 espezie ornodunen datuak aztertzen dituzte, urtero. WWFren datuen arabera, 1970 eta 2012 artean ornodunen populazioa %58 murriztu da klima aldaketaren ondorioz; %2 murrizten da urtero, eta funtsak uste du joera ez dela aldatuko. Lurreko animalien populazioa %38 murriztu da, ur gezetako populazioa %81, eta itsasoetako populazioa %36.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.