OCDEk urtebete barru espero du krisialdi aurreko okupazio tasara itzuli ahal izatea

2017rako langabezia tasa %4,9raino jaisteko itxaropena duen arren, atzeraldiaren mamua buru gainean dutela ohartarazi du. Gazteak eta iraupen luzeko langabeak, «alboraturik»

ALONSO CUPUL / EFE.
Oihan Vitoria.
2016ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
2007ko maila, 2017an. OCDEko herrialdeek hamarkada bat galdu dute, baina krisi aurreko egoera ekonomikoa lortzeak kimera izateari utz diezaioke urtebete barru. Ez aldagai guztietan, jakina, baina bai ekonomiaren oinarrizko adierazleei begira. Horrela islatzen du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak urte honetako enplegu iragarpenei lotuta kaleraturiko txostenak. Hazkunde erritmoari eutsita, hurrengo urterako krisi aurreko okupazio tasaren parekoa lor daitekeela nabarmendu du munduko 34 herrialde industrializatuenak batzen dituen erakundeak. Alemania, Txile eta Turkia buru, 15 urtetik 74ra arteko herritarren %60,2 ari ziren beharrean iazko azken hiruhilekoan; 2017rako, 2007ko urriko kopurua (%60,8) berreskuratzea espero du OCDEk.

Herrialdeen bi herenek galtzak bete lan edukiko dituzte orduko mailara iritsi eta urteotan irekitako pitzadurak garaiz ixteko. OCDEren irudiko, Greziak, Irlandak eta Espainiak dute okerren, lanpostu gehien sortzen ari direnak badira ere. Langabezia tasak, oro har, beheranzko bideari eutsi dio, eta batez beste %6,5ekoa da egun. Erakundea baikor dago, eta 2016a amaitzerako %4,9raino jaisteko itxaropena du. Datu hori, edonola ere, estualdian murgildu aurrekoa baino kaskarragoa litzateke oraindik: 2007an, %4,3koa zen.

Desorekak, areagotzen

OCDE, dena dela, ez dago erabat gogobetea, eta ekonomia bultzatzeko «presazko neurri gehiago» behar direla esan du. Erakundeak oroitarazi du ia hamar urte igaro direla krisi ekonomikoa hasi zenetik, eta susperraldiak oraindik ere desoreka franko eragiten dituela; besteak beste, Europako herrialde askotan langabezia tasa «oso altua» delako. OCDEk Grezia eta Espainia jarri ditu berriro ere zerrenda beltz horren buruan, %20 baino gehiagoko langabezia tasa baitute. Japonia, Hego Korea eta Islandia daude beste muturrean, %4tik beherako tasarekin.

Horri lotuta, OCDEk zalantzak ditu ekonomiaren ziurgabetasunak eta hazkundearen moteltzeak ez ote dituen arriskuak areagotuko. Ez du uxatu atzeraldiaren mamua, eta susperraldia ito daitekeen susmoa dauka. Eta ez da gutxiagorako. 2007an baino iraupen luzeko %54,6 langabe gehiago daude OCDEko herrialdeetan: hirutik batek urtebetetik gora darama lanik gabe. Agerian geratu da nekeza zaiela krisian galdutako lana —eraikuntzan, nagusiki— soldata eta baldintza beretan berreskuratzea gorabidean dauden sektoreetan —zerbitzuetan—. OCDEko buru Jose Angel Gurriak berretsi du: «Erdizka egin du lana merkatuak. Herritarrek enplegua berreskuratu dute, baina pisurik gabe jarraitzen dute patrikan».

Gazteak, krisiaren pagaburu

Gazteen egoeraz ere berebiziko kezka agertu du. Ez lehenbizikoz. Ezta kasualitatez ere: %13,4 langabe gazterekin itxi zuen urtea 2015ak, krisi sasoiko tasa okerrenetik lau puntu beherago, baina 2007ko datua baino hiru hamarren altuago. 34 estatuetatik 26k garai hartan baino gazte gehiago dituzte lan barik. Enplegua topatzeko zailtasunak zituzten lehendik, eta ordutik okerrera doaz: are gehiago higatu da haien egoera.

Lan barik dauden gazteei inolako ikasketarik ez dutenak gehitu behar zaizkie. Urteotan ugaritzen ari dira enplegurik ez edukitzeaz gain ikasten ere ari ez diren gazteak: OCDEn %38 dira horrela dauden 15 eta 29 urte bitartekoak. Bigarren Hezkuntza bukatu ez zutenek dute latzen: Espainian eta Mexikon %50etik gorakoa da kopuru hori. Herrialde horietan, lan egiteko adina duten bost gaztetik batek ez du ez enplegurik ez trebakuntza askirik. Kolektibo horrengan arreta berezia ezartzeko eskatu du OCDEk, «bazterketa» kronifikatu eta lan merkatutik at geratzeko arriskua dutela iritzita.

Kontratuen iraupenak ere kezkatzen du erakundea. Iaz sinatutakoen %11,2 aldi baterakoak izan ziren, eta %18,7 lanaldi partzialekoak. Eta ez hori bakarrik: soldatek apaltzera jo dutela azaleratu du OCDEk, baina ez «sistematikoki», prezioen merkatzeak kolpe hori emendatzen lagundu baitu. Soldatena, halere, gainditzeko ikasgaia da, Gurriaren esanetan. Soldata arrakalen amaiera ekoizpena egiturazko erreformekin indartuta iritsi behar dela deritzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.