Euskal herritar ez ezik, espainiar edo frantziar ere sentitzen da gehiengoa

Biztanleen %28,6 euskal herritar bakarrik sentitzen dira.

Inkesta bat egin du Aztikerrek zazpi herrialdeetan, Gipuzkoak eskatuta

Iñaki Petxarroman -

2014ko urriak 5
Euskal herritarren identitatearen aniztasuna agerian utzi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz zazpi herrialdeetan Aztikerrek —Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean— egindako inkestak. Jatorria, immigranteekiko harremana, hizkuntzekiko joera, Euskal Herriari buruzko ikuspegia, identitate politikoa eta bertako biztanleen eskubide eta betebeharren inguruko herritarren iritzia jaso dute. Hurrengo astean aurkeztuko dute jendaurrean, baina, BERRIAk inkestaren emaitzetako batzuen berri jakin du.

1. JATORRI ANIZTASUNA

Euskal herritarren jatorriak askotarikoak dira. Gaur egun, ia kontinente guztietako jendea bizi da Euskal Herrian. Edonola ere, %72,8 dira hemen bertan jaioak, alegia, ia lau herritarretik hiru. Guraso eta aitona-amonen jatorriari erreparatuta, %52,6k badu baten bat Euskal Herritik kanpokoa. Hala, herritarren %35,2k dituzte aurreko belaunaldietako senide guztiak bertan jaioak.

Kanpoan jaiotakoen arteko gehienak Frantzian eta Espainian sortu dira (%18,6) eta beste tokiren batean jaio dira %8,6. Hain zuzen ere, multzo horren barruan dago aniztasun handiena, eta, gainera, inkesta egileek diotenez, hurrengo urteotan handitzen jarraituko du aniztasun horrek. Espainia eta Frantziatik kanpokoen artean multzo handiena osatzen dute ekuadortarrek. Ondoren Kolonbia, Errumania eta Dominikar Errepublikakoak daude.

Inkestaren arabera, herritar gehienak gustura daude bertan. Izan ere, 10etik 9k bertan jarraitu nahiko luke 10 urte barru ere.

2. HIZKUNTZ ETA KULTUR  ANIZTASUNA

Jatorrien aniztasun horrek isla dauka hizkuntz eta kultur aniztasunean ere. Bistan denez, gaztelania eta frantsesa dira hizkuntz hegemonikoak, bakoitza bere eremu geografikoan. Bost biztanletik lauk (%79k) erdara dute lehen hizkuntza. Horien artean %74,1ek gaztelania edo frantsesa dute lehen hizkuntza, eta %4,9k beste hizkuntzaren bat. Horien artean 34 hizkuntza antzeman dituzte inkesta egileek. 34 horietatik zabalduenak galiziera, portugesa, errumaniera eta ingelesa dira.

Euskara lehen hizkuntza duten herritarrak %15,6 dira, eta euskara eta beste bat edo beste batzuk %4,6. Euskara edo gaztelania eta frantsesa ez den beste hizkuntza bat dakiten gehienek (%85,2) erabiltzen dute hizkuntza hori senide edo herrikideekin. Beste %9,9k erabili nahiko lukete, baina ez dute norekin.

Euskal herritar gehienak eremu pribatuan norbere kultura mantentzeko eskubidearen aldekoak dira (%93,2). Gutxiago dira, baina, administrazioak kultura bat baino gehiago bultzatzearen aldekoak: %64,2. Esate baterako, hezkuntza sisteman bertan bizi diren kolektiboen hizkuntzek eta kulturek toki bat izan beharko luketela %56,3k pentsatzen dute bakarrik.

Euskal herritarren %80,2k uste dute migratzaileei gaztelania eta frantsesa jakiteko eskatu behar zaiela. Askoz gutxiago dira, berriz, euskara jakin behar dutela diotenen portzentajea: %53,2.

3. NORTASUN KOLEKTIBOA

Euskal herritarren identitate kolektiboaren aniztasuna agerian utzi du inkestak, eta zatiketa administratiboak, gainera, eragin nabarmena du horretan. Herritarren iritziz, nortasun kolektiboa sortzeko garaian, lau faktore dira garrantzitsu: jaioterria, hizkuntza, kultura eta borondatea. Alabaina, borondateari ematen diote garrantzirik handiena.

Euskal Herrian identitate kolektibo nagusia euskal herritar eta espainiar edo frantziar sentitzen direnek osatutakoa da: %33,2. Gertutik jarraitzen die euskal herritar bakarrik sentitzen direnek osatutako multzoak (%28,6), eta atzerago dago soilik frantziar edo espainiar sentitzen direnek osatutako multzoa (%10,6). Alabaina, ñabardurak agerikoak dira herrialdeen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskal herritarra da identitate «erosoena», eta hori oinarri hartuta, beste identitate batzuekin artikula daiteke edo ez. Nafarroan, nafar identitatea da nagusia (%26,4). Ipar Euskal Herrian frantziar eta euskal herritar sentitzen dira gehienak: %53,6.

Herrialde guztietan, Nafarroan izan ezik, bi identitate nagusiek %70 baino gehiago biltzen dute. Nafarroan, hiru identitate nagusiak batuta ere, ez dira kopuru horretara iristen. Aniztasun horrek ere isla dauka Euskal Herriari buruz herritarrek duten pertzepzioan. Herritarren %45,2ren ustez, zazpi herrialdez osatua da Euskal Herria. Beste %31,7ren ustez, berriz, EAEra mugatzen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna