Lau t'erdiko txapelketako finala

Ezinezkoa ez da, baina...

Aimar Olaizolak hamabi partida besterik ez du galdu lau t'erdiko txapelketan, horietatik hiru Juan Martinez de Irujoren aurka. Bi aldiz irabazi dio Abel Barriolak, eta behin Patxi Eugik, Bernabe Herrerok, Miguel Capellanek, Augusto Ibañez 'Titin III.ak', Patxi Ruizek, Julen Retegik eta Mikel Olaetxeak.

unai zubeldia
2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Aimar Olaizolari nola irabazi lau t'erdian? Eta isiltasun luzea jarraian. 62 partida jokatu, 48 irabazi, eta hamabi galdu —beste bi ere galdu zituen, lesioak zirela eta—. Horietatik hiru Juan Martinez de Irujoren aurka: 2006ko azaroaren 18an lehenengo, Gasteizko Ogetan, finalerdietako ligaxkako bigarren partidan (22-16); 2008ko azaroaren 23an gero, Ogetan bertan, finalerdietako ligaxkako hirugarren partidan (17-22); eta 2011ko urriaren 29an azkenik, Bilbon, finalerdietako ligaxkako lehen partidan (22-20).

Irujok hartu du estuen Olaizola II.a lau t'erdian, baina beste zortzi pilotarik ere badakite zer den goizuetarrari irabaztea: Patxi Eugi (1998), Bernabe Herrero (1999), Miguel Capellan (2000), Patxi Ruiz (2005), Barriola (2006 eta 2007), Augusto Ibañez Titin III.a (2007), Julen Retegi (2009) eta Mikel Olaetxea (2014). Eugik eta Retegi Bik eman zioten astindurik handiena, 22-11, eta Ruizen garaipena izan zen estuena, 22-21. 2011ko urriaren 29tik 2014ko urriaren 31ra bitartean, berriz, hamalau partida irabazi zituen jarraian, eta hiru txapel jantzi. Goizuetarrari irabazi dioten azken bost pilotariekin hitz egin du BERRIAk.

1 Nola gogoratzen duzu lau t'erdiko txapelketan Aimar Olaizolari irabazi zenion partida?

2 Nola irabaz dakioke Olaizola II.ari?

3 Lau t'erdiko jokoa asko aldatu al da azken urteotan?

4 Zer-nolako pronostikoa daukazu finalerako?

PATXI RUIZ

2005-11-12 . Olaizola II.a 21-Ruiz 22

«Frontisetik urrun mantentzea da Aimarri irabazteko gakoa»

1

Bi aldiz jokatu nuen Aimarren aurka lau t'erdian, Nafarroako Txapelketan behin, eta txapelketa nagusian beste behin, eta 22-21 irabazi nion bietan. Txapelketa nagusikoan gogoan daukat oso urduri ekin niola partidari. 16-8 uste dut jarri zela hura aurretik, eta, une horretan, partidatik kanpo sentitu nuen neure burua. Sakea berreskuratu nuen, ordea, eta lasaitu egin nintzen dena galduta neukala ikusitakoan; orduantxe hasi nintzen pilota gozatzen. 16-15 edo 16-16 joan ginela uste dut, eta kale edo balekoa izan zen amaiera.

2

Asko aldatu da pilota mundua. Abiadura ikaragarria ematen diote orain pilotari, eta frontisetik urrun mantentzea da Aimarri irabazteko gakoa. Haren sakeei erantzun ona eman, pilota luze astindu, ezkerparetan orain, zabalera gero... Kolpez gehiago da Irujo, eta, tontakeriak ahaztuta, luze jokatu behar du irabazteko.

3

Bai, bai. Asko aldatu da. Nagore, Unanue... Pilotari horien aurka jokatuta nago ni, eta haiek ez zuten hainbeste pilotakada jotzen airez. Benetako buruz buruko lehia izaten zen ordukoa; luze jokatzen saiatzen ginen denok, eta aukera zegoenean tantoa amaitzen. Askoz biziago jokatzen da orain; dejada, bi pareta, ezker gantxoa... Azkar amaitzen dituzte tantoak. Atzelaria izaki, eta hanka biziak neuzkan arren, pilotari klasikoagoa nintzen ni; nahiago dut garai bateko jokoa.

4

Txapelketa aztertuta, Irujoren aldeko joera ikusten diot finalari. Aimar baino biziago mugitzen ari da pilota, sasoi hobean dago, baina ezin da ahaztu Olaizolaren diziplina kutuna dela lau t'erdia. Haren neurrira egindakoa da, eta hazi egiten da finaletan.

ABEL BARRIOLA

2006-11-26 . Barriola 22-Olaizola II.a 20

2007-11-11 . Olaizola II.a 18-Barriola 22

«Aimarren aurka irabazi nahi baduzu, pilotakada asko jo beharra dago»

1

2006koari dagokionez, gogoan daukat finalerdietako ligaxkako hirugarren partida zela eta finalerako sailkapena geneukala jokoan. Oso partida gogorra izan zen, pilotakada askokoa. Aimarren aurka irabazi nahi baduzu, pilotakada asko jo beharra dago, eta hala gertatu zen orduan ere. Eta 2007ko txapelketan ere antzeko partida jokatu genuen. Finalerdietako ligaxkako bigarrena zen orduan; lehen partidan Titini irabazita nengoen ni, eta finalerako sailkatzea neukan jokoan orduan ere. Lortu nuen, baina gogorra eta luzea izan zen partida hura ere. Aimarrek erraz irabazten du gehienetan, eta, galduz gero, gogotik borroka egin ondoren galtzen du.

2

Oso-oso zaila da Aimarri lau t'erdian irabaztea, eta haren garaipen zerrenda da horren erakusgarri. Lau t'erdiko maisua da. Nola irabaz dakiokeen hari? Tontakeria dirudi, baina pilotan jokatuta. Aimarren aurka jokatzen ari zarela ahazten saiatzea komeni da; zeure jokoa eta jokaldiak egitea, eta buruz fresko egotea. Oso gutxi barkatzen du hark, eta gertatu izan da norberak hutsen bat egin, hark sakea hartu, eta pilotakada gutxirekin tanto asko egitea. Gauza askok elkartu behar izaten dute Aimarri lau t'erdian irabazteko; hasi eta bukatu bete-betean jokatuta oso partida ona ateratzea, opari gutxi egitea, partidetako kontu txiki horiek alde izatea...

3

Buruz buruko jokoa aldatu egin da, bai. Beti esan izan dut pilotarien eraginez dela neurri batean, baina baita piloten eraginez ere. Askoz biziagoak dira oraingoak. Orain, jokoan, pilotakada asko jotzen dira airez, eta garai batekoa baino askoz joko erasokorragoa da egungoa.

4

Zaila da. Ez nintzateke ausartuko bietako inoren aldeko apusturik egitera. Bi izar handi dira, ezagutu ditugun izarrik handienetakoak, eta edozer gauza espero liteke bi horiek elkarren aurka jokatzen duten guztietan. Horregatik, batek zein besteak irabazi, zaleentzat ez da ezustekoa izango. Final ona izatea espero dut, horixe izango delako onena pilotarentzat.

AUGUSTO IBAÑEZ 'TITIN III.A'

2007-11-18 . Olaizola II.a 19-Titin III.a 22

«Finalean erritmoan nagusitzen denak asko izango du bere alde»

1

Urte asko igaro dira, baina gogoan daukat oso partida zaila eta gogorra izan zela, Olaizolaren kontra lau t'erdian jokatutako gehienak bezalakoa. Finalerako sailkapena geneukan jokoan, giro paregabea zegoen Ogetako harmailetan, eta uste dut amaiera aldera erabaki zela finalerdia. Zortea eduki nuen, ondoren irabazi egin nuelako finala ere. Aimar oso erregularra da lau t'erdian; oso ondo aritu da beti, eta teknikoki perfektua da.

2

Oso zaila da. Eroso egon ez dadin saiatu beharra dago, baina, daukan teknikarekin, lau t'erdiko jokoan ia beti egoten da eroso Aimar. Zaila da bere lekutik eta jokotik ateratzea, baina hor dago gakoa. Bere lekutik mugitu ezean, ez dago zereginik. Garrantzitsua da teknikoki bere egunik onena ez izatea ere. Orain okerxeago dagoela esanez ari bada ere, finalean dago. Erritmoan nagusitzen denak asko izango du bere alde.

3

Orain, agian, oldarkorrago jokatzen dute pilotari guztiek. Ez da hainbeste jokatzen botera, berehala bi pauso aurrera ematen dituzte den-denek... Horregatik da lau t'erdiko jokoa lehen baino biziagoa. Joko tradizionala egiten zen lehen, botera eta luze jokatuz, aurkaria nekaraziz... Baina, lehen ez bezala, orain asko erabiltzen da aire jokoa, bai defentsan eta bai erasoan; bolea, ezker gantxoa... Asko aritzen dira horrekin eztabaidan, baina jokoa ez da lehen baino hobea edo okerragoa, desberdina baizik. Aldatu egin da.

4

Galdera erraza da, baina erantzuna... Finala %50ean dagoela esango nuke, nahiz eta, bi pilotarien sasoia kontuan hartuta, Irujo pixka bat hobeto dagoela ematen duen. Buruz ere puntutxo bat goitik dagoela uste dut. Behetik gora egin du Irujok, eta Olaizolak, berriz, ez du jokatu partida bete-beterik. Baina txapelketa guztietan egiten du partida borobilen bat, eta nork daki, finalekoa izango da, agian. Jarri %51 Irujoren alde, eta %49 Olaizolaren alde.

JULEN RETEGI

2009-10-31 . Olaizola II.a 11-Retegi Bi 22

«Saketik min egitea eta pilotari abiadura ematea da gakoa»

1

Partida bikaina egin nuen. Abiadura handia eman nion pilotari, eta hasieratik egin nion min handia pilota batekin. Aimarrek oso ondo erantzuten die normalean sakeei, baina partida hartan tanto asko egin nizkion lehen pilotakadarekin. Asko gozatu nuen bi eskuekin; ezustean hartu nuela uste dut. Alde handiarekin irabazi nion azkenerako, baina ezin da ahaztu zazpi txapel dauzkala jada lau t'erdian eta ikaragarrizko pilotaria dela. Beste maila bateko pilotariak dira bai Irujo eta bai Olaizola.

2

Denei bezala: sakearekin min handia eginez, abantaila handia delako pilotakada batekin tantoa amaitzea. Sakeari ondo erantzunez gero, pilotakada asko jotzera behartzen zaitu Aimarrek. Saketik min egitea eta pilotari abiadura ematea da gakoa.

3

Ez dut ikusi 1989-1990eko partida askorik, baina joko tradizionalagoa egiten zuten lehen, botera gehiago jokatuz. Titinek eta Etxanizek uste dut partida batean 500 pilotakada baino gehiago eman zituztela, eta astakeria handia da hori. Gogorra da lau t'erdia, eta bizi ibili beharra dago. Aimar-eta iritsi zirenetik, askoz gehiago jokatzen da airez.

4

Irujo oso indartsu ikusi dut. Haren aurka jokatu nuen, eta partida hark aldatu zuen haren jokoa. Abiadura handia ematen ari da pilotari, eta oso indartsu dago. Lehengoan ere, Ezkurdiaren aurka, finaletako tentsiorik izan ez arren, oso ondo amaitu zituen tantoak. Olaizola, berriz, erabat bestelako egoeran iritsi da finalera. Saralegik ez zuen gehiegi behartu finalerdietan, nahikoa lan bazeukalako ezker eskuarekin. Baina Aimar Aimar da, eta zerbaitegatik dauzka zazpi txapel. Oso irekia dago finala, baina Irujoren alde egingo nuke apustu.

MIKEL OLAETXEA

2014-10-31 . Olaizola II.a 18-Olaetxea 22

«Aimarrek berea ematen badu, oso zaila edo ia ezinezkoa da irabaztea»

1

Galtzeko ezer ez neukala kantxaratu nintzen, eta oso ondo sentitu nintzen. Dena ondo ateratzen ari zitzaidala ikusten nuen, eta oso gustura jokatu nuen. Amets baten bila joan nintzen Atano III.era, eta gauzatu egin zen. Ez genuen pentsatu ere egin irabazteko aukerarik geneukanik ere, eta, horregatik, ez genuen prestatu estrategia berezirik. Olaizolaren kontra jokatzen ari nintzela sentitzea eta bizitzea zen helburua, eta lortu nuen.

2

Aimarrek berea ematen badu, oso zaila edo ia ezinezkoa da irabaztea. Barruan neukana baino pixka bat gehiago eman nuen nik; hark ez zuen eduki egunik onena, eta, hala ere, hemezortzi tanto egin zizkidan.

3

Beste erritmo batean jokatzen da, baina ez lau t'erdian bakarrik, hiru modalitateetan baizik. Pilotariok aurrera egiten dugu orain, airearen bila, eta erritmoa bizitzen du horrek. Jokoa azkarragoa da, eta horixe dauka polita lau t'erdiko jokoak; hain aurrean jokatzen dugu, oso azkar etortzen da pilota, eta, okerrak ere izaten diren arren, erakargarria da ikusteko.

4

Erritmo gehixeagorekin dago Irujo. Biziago mugitzen ari da pilota, eskutik hobeto ateratzen zaio, eta Aimarri gehiago kostatzen ari zaio aurten; defentsan lan ona egiten, kantxan egoten, sakeari erantzuten... Aimar ikaragarria da arlo horietan, baina normalean baino gehiago ari zaio kostatzen ezker gantxoarekin min egitea. Eskuinez ere abiadura pixka bat handiagoa ematea falta zaio. Horregatik ematen du Irujoren aldeko joera dagoela, baina, Aimar tartean egonda, ez da erraza apustua egitea. Aimar hotza izaten da horrelako partidetan, badaki kantxan egoten, eta... Parean utziko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.