Hildakoen neurriko hilerriak

Santu Guzien Eguna da gaur, hilerrietara bisita egiteko eguna jende askorentzat. Euskal Herrian, ohiko hilerriez gainera, badira ezaugarri bereziak dituztenak ere.
1
1 JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Irene Arrizurieta - Iker Tubia -

2014ko azaroak 1
Heriotza. Horixe da pertsona guziak berdindu egiten dituena. Edo ez. Heriotzaren ondoren ere agerian uzten dituzte batzuek haien maila ekonomiko eta sozialak. Baina gehienek toki berean bukatzen dute: hilerrian. Gaur Santu Guzien Eguna izanik, herritar askok hilerrietara joko dute hildakoak gogoratzeko asmoz. Hiri handietako hilerri zabaletara batzuek, herri txikietako hilerri xumeetara besteek. Euskal hilerrien kultura, baina, galduz joan da toki askotan. Gaur egun, denetariko hilerriak daude lurralde osoan. Hilerri kristauak edo juduak, baita akonfesionalak ere. Badira hilerri bereziak, jende ezagunaren gorpuzkiak gordetzen dituztenak edo historiako pasarte gatazkatsuak gogoratzen dituztenak. Eta badira ere sariak jasotzen dituztenak.

Euskal Herriari dagokionez, ezberdintasunak daude Hegoaldeko eta Iparraldeko hilerrien artean. Adibidez, hilerriak nagusiki herrian bertan izaten dira Pirinioetatik goiti. Beste aldean, berriz, herriaren inguruetan egoten dira. Claude Labat historialariak eta Larzabalgo (Nafarroa Beherea) Hilarrien Interpretazio Zentroko kideak Ipar Euskal Herriko hilarriak eta hilerriak ikertzen dihardu. Ipar Euskal Herrian, gizartea bezala, hilerriak ere aldatuz joan dira. Baina, XIX. mendera arte, paisaia hilerriak topatzea zen ohikoena, lorategiak diruditen hilerriak, alegia. «Landareriaren artean gordetako hilerriak ziren, bidaiariek haien idatzietan aipatzen dituztenak. Hilerriak paisaiaren parte dela dirudi». Oraindik ere, herri batzuetan, gordetzen dira molde horretako hilerriak: Zuberoan Maulen; eta Arrosan, Heletan eta Bidarrain (Nafarroa Beherea). Hilerrian, beren kabuz sortzen diren landareak izatean, paisaiarekin uztartzen da hilerria. «Zuhaitzak, zuhaixkak eta belarra hilerriaren parte dira, eta hildakoaren zuloa estaltzeko harri edo irudi handiak erabili beharrean, irudi txikiak dituzte». Kanposantuetan, landareek beren garrantzia izateaz gain, orientazioa zaindua da, ekialderanzko norabidea errespetatzen da.

Kanposantuetan, landareek ez ezik, hilarriek dute garrantzia, eta horien orientazioa ere zaindu egiten da. «Orain askori ahaztu egin zaien arren, garai batean hildakoaren hilarria sortaldera kokatzen zen, berpizkundearen sinboloa delako kristauentzat». Baina hilarriari ez ezik, lurrari berari ere garrantzi handia ematen zitzaion. «Ez harririk ez harrixkarik ez da lurrean sartzen, hildakoa jaiotzen ikusi zuen lurrera itzultzen delako». Hortaz, Ipar Euskal Herrian «ehortz artean dagoen aniztasun eta aberastasuna argi ikusten da».

Lurra, eguzkia, izarrak eta natura ageri dira garai bateko hilarrietan, garai bateko herri sinesmenen isla. Baina hilarri horiek gutxiengoa dira egungo hilerrietan. Kristautasuna errotzen hasi zen, eta gurutzea iritsi zen hilerrietara. XIX. mendea hilarrien garaiaren bukaera izan zen. Badira, dena den, lehengo ohiturak bermatzen saiatzen direnak. Adibidez, Aurizko hilerrian XIX. mendeko hilarrien gisakoak jartzen dituzte, eta neurriak ere arauturik daude. Gainera, gurutze bakarra dago kanposantu osoan.

Saria jaso du hilerri horrek, eta kontent da Joxepe Irigarai alkatea. Lehen baino jende gehiago hurbiltzen da orain hilerrira. «Hasieran arraro egiten zitzaien herritarrei, baina ongi hartu dute». Sariaren onurak ere aipatu ditu: «Oro har, zokoratutako ondasunak ditugu hilerrietan, ez dugulako onartzen heriotza. Beraz, ondare hori ikusteko balio du, bai eta denek hilerrian bukatuko dugula ohartzeko ere».

AURIZKO HILERRIA

Berdintasunaren ikur

Xumea da Aurizko (Nafarroa) hilerria. Ez dago mausoleo edo panteoi handirik. Ez dago gurutzez beterik. Txikia da, baina berezia, era berean. Batetik, hilerriei buruzko aldizkari batek saria eman diolako. Bestetik, xumea izan arren heriotzari eta bizitzari buruzko filosofia anitz gordetzen duelako bere barruan.

1965. urtean sortu zen hilerri hura, Miguel Gortari arkitektoaren diseinuari jarraikiz. Atea alfa letra handi bat da, betiko bizitzarako sarrera irudikatuz. Perimetroa omega da, bizitzaren bukaera. Hilarriek diskokara forma dute, XIX. mendekoek bezala.

INGELESEN HILERRIA

Beldurrezko filmen pare

Urgull mendian, Donostian, bada filmetan ageri diren hilerrien antzeko bat. Iluna da, lizun eta goroldioa han eta hemen, herdoildutako hesiak inguratzen ditu beldurrezko filmetako ohiko hilarriak. Alderdi Ederreko monumentua buru duela, bertan dira Espainiako Independentzia Gerran hildako ingelesak, eta Karlistaldietan hildako liberalak ere hobiratu zituzten bertan. Hala ere, Donostian ez da oso ezaguna hilerri horren historia. Horrela uste du Javier Sada historialariak.

Orain gutxi atondu zuten hilerria, eta orain bisitatzeko moduan dago. Lehen hezurrak ere ikus zitezkeen botata, Sadak esan duenez. Horrelako tokiak zaintzea beharrezkoa dela deritzo: «Hildakoen errespetuagatik, baina baita, estetikari dagokionez, interes turistikoagatik ere». Hilarri batzuen mezuak ere berreskuratu dira ordutik.

BAIONAKO JUDU HILERRIA

Europako handienetakoa

Lapurdiko judu komunitatea garrantzitsua izan zen. Bertan hartu zituzten Espainia eta Portugaldik kanporatutako judu anitz ere. Haien memoria, baina, lausotu egin da historian. Baionako, Bastidako eta Bidaxuneko judu hilerriek, baina, gogora ekartzen dituzte bertan bizitakoen abizenak.

Zabala da Baionakoa, bitxia, eta Europako handienetan bigarrena. Hamaika hilarri ditu lurrean etzanda, batzuk 1650. urtetik. Hiltze datak egutegi hebrearraren arabera daude zizelkatuak.

Philippe Pierret Belgikako museo juduko kidearen ekinbidez lau urte daramatzate hilerria zaharberritzeko lanetan. Hilarriak garbitu eta identifikatu behar dituzte, eta datu guziak bildu.

ARRIGORRIAGAKO HILERRIA

Kristautasuna alde batera

Hiru urte dira Euskal Herriko lehenengo hilerri akonfesionala sortu zela. Arrigorriagan (Bizkaia) egin zuten. Hanan ez dago gurutzerik, ez da santurik, ez da panteoi handirik ez, eta bestelako erlijioei atxikitako sinbolorik ere. Gorpuak oro hilobiratu litezke, sinesmenak ez du garrantzirik. Soilik musulmanen erritu bat hartu dute kontuan: hilerria ekialdera dago orientaturik. Izan ere, haiek noranzko horretara hilobiratzen dituzte hildakoak.

Patxi Gutierrez arkitektoak sortu zuen, eta orduan esan zuen Udalean egin zuen «obrarik enblematikoena» zela. Udalaren arabera, ez da ohiko hilerria, herritarrek paseatzeko eta, bidenabar, hildakoak gogoratzeko tokia baizik. Horregatik ditu hainbeste zuhaitz eta bide. Sinboloei dagokionez, badira irudi zelta gutxi batzuk, eta Vicente Larreak egindako eskultura bat, mundutik espiritura doan bidea irudikatzen duena.

GAIARREREN MAUSOLEOA

Izen handien gorazarre

Hilerriak ez ezik, hilarri edo hildakoen omenezko monumentuak ere saritu nahi izan ditu hilerriei buruzko aldizkariak. Julian Gaiarre musikari erronkariarraren mausoleoari eman diote saria. 1900. urtean ere eskulturen ohorezko domina jaso zuen Parisko Mundu Erakusketan. Erronkariko (Nafarroa) hilerrian dago, gainontzeko hilarriei gerizpea emanez. Euskal Herrian badira izen handikoen gorpuzkiak edo errautsak lurperatutako tokietan paratutako oroigarriak, baina Gaiarrerena izanen da ikusgarrienetako bat. Mariano Benlliure arkitektoak egin zuen, eta kultura intereseko ondasuna da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna