Fisika ederra izan daitekeela

Ricardo Hueso
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Stephen Hawking XX. mendearen amaierako eta XXI.aren hasierako zientzialaririk ezagunena izan zen. Bere bizialdiaren zatirik handienean sufritu zuen gaixotasun lazgarriaren ondorioz, gurpil aulki batera lotuta geratu zen gaztetatik, eta hitz egiteko gaitasuna ere galdu zuen, 1985ean. Zailtasun horiek gorabehera, ibilbide izugarrizkoa egin zuen fisika teorikoaren esparruan. Hala, ospea lortu zuen fisikarien artean, ondo merezita lortu ere, mekanika kuantikoaren eta Einsteinek grabitateari buruz plazaratutako teorien arteko loturez egin zituen aurkikuntzak zirela eta. Horretarako, zulo beltzak aztertu zituen, eta garaikide zituenentzat pentsaezinak ziren zenbait propietate guztiz berezi aurkitu. Badakizue zulo beltz batek tenperatura duela eta erabat desegiteraino lurruntzen dela aski txikia bada? Eta badakizue hori estu lotua dagoela unibertsoaren jatorriarekin eta etorkizunarekin? Hawking gazte hark frogatu zuen hori, 1974an. Bere gaixotasunaren ondorioz izan zituen arazo ekonomikoek hartaratuta, erabaki zuen zientzia liburutxo bat idaztea publiko orokorrarentzat: Denboraren historia laburra (1988). Laster, historian gehien saldutako zientzia liburua bihurtu zen, nahiz eta ez izan, noski, gehien ulertutakoa. Hawkingi esker, ikasi dugu fisika ederra izan litekeela ulertezina izanik ere askorentzat, eta fisikariek ekuazio abstraktu batzuekin borrokan beren buruari egiten dizkioten galdera horietan misterio zenbait daudela gordeta; eta misterio horien erantzunek denoi sortzen digute zirrara. Hawkingek beste liburu asko ere idatzi zituen, eta herri kulturako figura bilakatu zen. Haren gogo pribilegiatuak gorputzaren mugez haraindi egitea lortu zuen, eta haren ideiek argi egin zioten unibertsoa ulertzeko dugun moduari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.