Filipe Bidart: «Ez da erraza borroka armatua hastea; are zailagoa uztea»

UEUko ikastaroetan ziklo armatuaren bilakaera ertz ugaritatik aztertu dute. Lopez Adanen arabera, Bidarteko sarekadaren ostean estrategia militarra aldatzeko eztabaida piztu zen ETAren barruan
Eneko Bidegain Huheziko irakaslea eta Filipe Bidart IK-ko militante ohia. Eskuineko argazkian, Emilio Lopez Adan idazlea.
Eneko Bidegain Huheziko irakaslea eta Filipe Bidart IK-ko militante ohia. Eskuineko argazkian, Emilio Lopez Adan idazlea. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2017ko ekainak 28
Atzo, Filipe Bidart Iparretarrak erakundeko militante ohiak azaldu zuen IK-k «emeki-emeki», adierazpen ofizialik egin gabe, utzi zuela borroka armatua: «Borroka armatua hastea ez da erraza, baina uztea are zailagoa da». ETAk 2011ko urrian hartutako erabaki historikoari Bidarten esan hori ere aplika dakioke, nahiz eta erakunde bakoitzaren uneak, moduak eta hautuak desberdinak izan. Aurten 50 urte beteko dira ETAk V. biltzarrean borroka armatuaren aldeko hautua egin zuela, eta ezinbestean Euskal Herriko historian eragin zuzena izan du. Iruñean atzo hasi eta gaur bukatuko den Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroan ertz ugaritatik aztertu dute ziklo armatuaren bilakaera.

EMILIO LOPEZ ADAN

Iraun eta segi

Emilio Lopez Adan idazleak 1967tik 1995era ETAren estrategia militarraren garapena aztertu zuen, batik bat ETAren erasoei erreparatuta. Lopez Adanen arabera, V. biltzarrean «askatasun nazionalerako eta iraultza sozialerako behar estrategiko gisa» planteatu zen borroka armatua. Haren esanetan, borroka hura serio hartu beharra zegoen, baina garai hartan helburuak ez ziren pertsonak, ikur frankistak baizik. Testuinguru hartan, handik urtebetera izan ziren lehen bi hildakoak: Jose Pardines guardia zibila eta Txabi Etxebarrieta etakidea

Frankismoak gogor erantzun zuen, baina Meliton Manzanas torturatzailearen hilketarekin ETAk erakutsi zuen «jende hori zaurigarria» zela. 1973ko abenduan etorri zen bere historiako atentatu garrantzitsuena, Luis Carrero Blanco almirantearen aurkakoa. Lopez Adanen ustez, analisi estrategikoaren emaitza zen: «Francoren heriotzarekin bi joera nagusitu dira: atzerakoia eta aurrerakoia. Borroka armatuak bere eragina izan dezake demokraziaren bidea abiatzeko».

Gaurko ikuspegitik, maiz ETAri leporatu zaio borroka armatua Franco hil ondoren utzi behar zuela. Lopez Adanen arabera, erakunde armatuak beste analisi bat egin zuen. «Fragaren gobernuek Gasteizen edo Jurramendin zer egin zuten ikusi zuten, eta ondorioztatu erregearen atzean diktadura militarra zegoela, Espainiaren benetako izaera politikoa». Lopez Adanen arabera, dena den, ETAk denbora hartu zuen 1978aren amaieran ekintza armatuekin berriz hasteko.

Lopez Adanen arabera, garai hartan asmatu zuen ETAk higadurazko gerra delakoa. «Ez da gauza etsaia militarki menderatzeko, baina bai ekintzak mantentzeko eta min handia eragiteko». Haren esanetan, helburua zen estatuari ETA gailenezina zela frogatzea eta negoziatzera behartzea. Era berean, Lopez Adanen arabera, bere erasoen helburuak zabalduz doaz eta erasotzeko moduek «diskriminazio arazoak» eragiten dituzte: «Ezin da kontrolatu nork irekiko duen gutun bat edo nor sartuko den autoan».

Lopez Adanen arabera, «iraun eta segi» da orduko ETAren jarraibidea eta estatua negoziatzera esertzera behartzeko bide horrek «biztanleriaren aurka gero eta arrisku handiagoko atentatuak egitera» eramango du ETA. «Hor dator Hipercor. Azkenean, anitz dira saihets biktimak. Lehengo atentatuan sentitzen dutela esan zuten, baina gero hurrengoa dator, eta hurrengoa. Azkenean, onartu egin ziren zeharkako kalteak estrategia militarrean». Lopez Adanen arabera, ETAk inoiz ez du helburu zuzen gisa helburu zibilik izan, baina 1986an eman zen printzipioekiko haustura hori. «Jende xehea beldurtuz estatua bigundu ahal zela uste zuten. Horren inguruko testu beldurgarriak daude».

1992ko Bidarteko zuzendaritzaren atxiloketarekin batera ikusi zen eredua agortuta zegoela. «Tematze estrategiko bat egon da behar ez zenean aurrera jarraitzeko», dio Lopez Adanek. Dena den, krisi une hark aukera ireki zuen aldaketarako. Bere esanetan, ezker abertzalean zein ETAren barruan zenbaitek pentsatu zuten estrategia alboratu behar zela. 1992 eta 1993 urteetan ETAren zuzendaritza berrantolatzeko prozesuan bi entsegu egin ziren, eta Lopez Adanen arabera, estrategia militarra bide okerra zela uste zuten batzuk heldu ziren buruzagitzara. Haatik, beste jende batek uste zuen ETAk gaitasun teknikoa bazuela eta jazarpenak jarraitzen zuenez aurrera jarraitu behar zela. Atxiloketak medio, 1993an ezarritako zuzendaritza berriak bide hori hartu zuen azkenik: «Gauzak luzatu dira, ia hogei urtez, beharrik gabe eta kalte handiarekin».

ONINTZA ODRIOZOLA

Emakumeen parte hartzea

Onintza Odriozolak sorrerako urteetan ETAk landutako genero ikuspegia aztertu zuen, bai teorikoki bai praktikan. Lehen dokumentu teorikoetan ageri denez, «bazterreko lekua» du emakumeen aldarriak. Adibidez, 50eko hamarkada hasierako Ekinen agiri batean emakumeak ez dira aipatu ere egiten. Handik urte gutxira, koaderno zuri batean emakumea «ama eta etxekoandre gisa» agertzen da. Haatik, jada 1964an, ETA tesi marxistara hurbiltzen ari da eta orduko agiri batean dei egiten zaie gizon eta emakumeei ETAn parte hartzera. Edo beste dokumentu batean kritikatzen da emakumea gizonen diru iturrien menpe dagoela eta bere iritziak ez direla aintzat hartzen: «Mugarri bat da, ikusten da saiakera bat diskurtso feminista garatzeko». Dena den, planteamendu horrek eztabaida eragin zuen barruan eta gerorako utzi zen, Odriozolaren arabera.

Teorian aldaketa apala eman bazen, errealitatean egoera bestelakoa zen. Garai hartako hamasei militanterekin elkarrizketa egin ostean, ikerlariak ondorioztatu du hasierako ETA «matxista» zela, «garaiko jendartea bezala». Odriozolaren arabera, militantziaren eredua ere maskulinoa zen, eta «emakumea errazagoa geratzen zen kanpoan». Erakundearen baitan, bigarren biltzarrean adibidez bi emakume egon ziren sukalde lanetan; haatik, hirugarren biltzarretik bosgarrenera emakumeen presentzia handitu egin zen, bosgarrenean %10 ere izan ziren. Gainera, hiru emakumek ETAko biltzar txikira heldu ziren. Hurrengo hamarkadan, berriz, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes zuzendaritzara heldu zen lehen emakumea izan zen.

Odriozolaren esanetan, ez zen mugimendu matxista, eta ez zuen halako diskurtsorik. «Itxuraz emakumeen aldekoa da, baina badago matxismo sotil bat». Ikerlariaren arabera, gizonezkoak zeuden erdigunean eta emakumeak laguntzaileak ziren. «Emakumeak ikusezinak ziren neurri batean, baina errealitatea konplexuagoa zen. 70eko hamarkada baino lehen ez du lortzen generoaren kontua konpontzea, baina emakume errealek izan zuten protagonismo politiko bat».

FILIPE BIDART

Iparretarrak-en bidea

Arratsaldean Iparretarrak taldearen inguruko dokumentala eman zuten, eta ondoren Eneko Bidegain Huheziko irakasleak Filipe Bidart itaundu zuen. 60 eta 70eko hamarkadatan Ipar Euskal Herrira etorritako errefuxiatu oldeak zerikusi zuzena izan zuen Iparretarrak taldearen sorreran. Hala ere, ez zen arrazoi bakarra izan. «Errefuxiatuak heldu izan balira Frantziako beste lurralde batera ez zuten lortuko abertzaletasunik sortzea», esan zuen Bidegainek. «Hemen ez genuen diktadura, baina bai genuen arazo larriagoa. Ari gara desagertzen eta behar dugu kontzientzia piztu», gaineratu zuen Bidartek. Haren esanetan, 68ko iraultzak ere izan zuen zerikusirik.

70eko hamarkadan Iparretarrak taldeak harreman onak zituen ETAren beso desberdinekin. Haatik, hamarkada amaieran zatiketa eman zen arrazoi desberdinengatik. «ETAren zuzendaritzaren hautua zen euren borrokaren alde egiteko eta gero elkarrekin egingo genuela Iparraldekoa. Ezin genuen hori onartu, eta haustura eman zen». Bidarten arabera, zatiketak «eragin txarra» izan zuen azpiegitura eta laguntza lotzeko elkar lehiatu zutelako. Dena den, zatiketak ez zuen gatazkarik piztu. Tirabirak baziren militanteen artean, baina erakundeen artean ez. «Frantsesak saiatu ziren gure artean gerra piztera, baina ez zuten erdietsi».

90eko hamarkadan Iparretarrak taldean eztabaida piztu zen borroka armatuari buruz. Hala ere, IK ez da ofizialki desagertu. Bidarten arabera, «huts politiko» bat izan da estrategia aldaketa modu finkoan ez agertzea eta politikoki ez baliatzea. Eztabaida sakona piztu zuen eta denborarekin «gero eta militante gehiagok» utzi zuten borroka armatua. Hala ere, ETArekin ez bezala, ez zen une zehatzik izan. «Ez da sekula egin, ahuldade puntu bat izan da». Haren ustez, urratsak balio izan du herritar mugimendu indartsu bat sortzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna