Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Haragi prozesatuak minbizia eragiten duten gaien artean sartu ditu OMEk

Haragi gorriaren gainean ere arreta jarri du, «ebidentzia ahulagoak» dauden arren.

Txarkuteria kontsumoari 34.000 heriotza egotzi dizkiote, urtero
Txorizo egin berriak, lehortzeko prozesuan. Artxiboko irudia.
Txorizo egin berriak, lehortzeko prozesuan. Artxiboko irudia. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2015eko urriak 27

Haragi prozesatua minbizia eragiten duten gaien zerrendan dago, atzoz geroztik. IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak «nahiko ebidentzia» antzeman ditu haragi mota hori jatearen eta kolon eta ondesteko minbizia izatearen arteko lotura egiteko; kontsumo hori «arrisku mailaren handitze txikiekin» erlazionatu dute ikertzaileek. Halaber, OME Osasunaren Mundu Erakundearen menpeko agentziak jakinarazi du haragi gorria ere «ziur aski» kantzerigenoa dela. Azken horren kasuan, ordea, ez dago nahiko frogarik.

IARCk hamar herrialdetako 22 aditu bildu zituen auzia aztertzeko, eta, gaiari buruz egindako ikerketak aztertu ostean, minbizia eragin dezaketen 1 Taldean kokatu ditu haragi prozesatuak. Kolon eta ondesteko minbiziarekiko harremanaz gain, urdaileko minbiziarekin ere lotura dutela antzeman dute ikertzaileek; ordea, ez dute hori egiaztatzeko behar beste froga aurkitu.

Haragi gorria, berriz, 2A Taldean sartu dute, «ziur aski» minbizia sortzen duten gaien artean. Haragi gorrien kontsumoaren eta kolon eta ondesteko minbiziaren arteko «lotura argiak» ikusi badituzte ere, ezin izan dute harreman zuzena egiaztatu. Haragi gorria dela-eta agertutako minbizi kasuetan, gaitza eragin zezaketen bestelako gaiak ere bazeuden. Kolon eta ondesteko minbiziarekin ez ezik, haragi gorriak pankrea eta prostata minbiziarekin ere loturak dituela uste dute.

IARCk, beraz, minbizia sortzen duten gaien artean sartu ditu haragi prozesatuak. Multzo horretan tabakoa, lindanoa, aireko kutsadura, alkohola edota amiantoa daude; ordea, OMEren menpeko agentziak nabarmendu du gai horiek eragindako kalteak ezin direla parekatu. IARCk zehaztu du bere sailkapenek minbizia eragiteko «ebidentzia zientifikoen indarra» neurtzen dutela, arrisku maila baino gehiago.

Eragindako kalteak aintzat hartuta, tabakoak, alkoholak edota aire kutsadurak eragindakotik urrun dagoela azaldu du OMEren agentziak. Azken balioespenen arabera, urtean minbiziak eragindako 34.000 heriotza lot daitezke haragi prozesatu asko dituzten dietekin. Kalkuluen arabera, tabakoak milioi bat heriotza eragiten ditu, alkoholak 600.000 eta aire kutsadurak 200.000. Haragi gorrien eragina egiaztatuko balitz, minbiziaren ondorioz izandako 50.000 heriotzarekin lotuta egongo litzateke, IARCk emandako datuen arabera.

Kantitateak eragiten du

Lantaldeak aztertutako ikerketetan, kontsumitutako haragi kantitatearen eta arriskuaren arteko lotura antzeman dute. Hots, zenbat eta haragi prozesatu gehiago jan, orduan eta arrisku handiagoa. Egunero 50 gramo haragi prozesatu hartuz gero, %18 handitzen da kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua. Haragi gorriaren kasuan, kopurua zehaztea «zailagoa» dela aitortu dute ikertzaileek, frogak ez direlako «horren indartsuak». Nolanahi ere, egiaztatzerik balego, minbizia izateko arriskua %17 handituko litzateke egunero hartutako 100 gramo haragi gorriko.

IARCk aitortu du oraindik ez dagoela «erabat argi» zergatik handitzen den minbizia izateko arriskua aipatu haragien kontsumoarekin. Nolanahi ere, azaldu du haragiak gai kimikoak izan ditzakeela, egostean edota prozesatzean sortutakoak; horietako batzuk kantzerigenoak direla zehaztu du agentziak: konposatu N-nitrosoak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak...

Haragiak tenperatura handietan kimiko kantzerigeno gehiago sortzen dituela azaldu du OMEren menpeko agentziak, sugarrekin edota azalera bero batekin kontaktuan. Dena den, ikerlarien arabera, ez dago nahiko datu esateko zein den haragia prestatzeko modurik osasungarriena. Haragia gordin jateari buruz, ordea, aholku bat eman dute: ez dago zehaztuta minbizia izateko arriskuan eraginik ote duen; aldiz, egiaztatuta dago infekzio arriskua handitzen dela haragi gordina jatean.

Edonola ere, IARCk oroitarazi du haragia jateak osasunarentzat eragin onak dituela. Horren inguruan, OMEk eta zenbait herrialdek egindako eskariak gogora ekarri ditu ikerketaren txostenean: kontsumitutako haragi gorri edo prozesatu kantitatea urritzea. Atzo ezagutarazitako datuez gain, gantz eta sodio kontsumoa mugatzeko neurria ere badela nabarmendu du; alegia, haragi kontsumoa urritzeak bihotzeko gaixotasunei eta loditasunari aurre egiteko balio duela.

Ikerketak zenbait gai jorratu gabe utzi ditu, informazioa ondorio sendoetara heltzeko modukoa ez zela argudiatuta. Besteak beste, ikertzaileek ez dute argitu kolon minbizia izan duten pertsonek haragia hartzeari utzi behar dioten, edota kontsumoaren arriskuak sexu edo adin zehatzetan bereziki eragiten ote duen. Halaber, ez du iritzirik eman dieta begetarianoa hartzearen alde, ezta kontra ere. «Dieta begetarianoek eta haragia dutenek abantailak eta desabantailak dituzte, baina ikerketa honek ez ditu aztertu zer arrisku sortzen dituzten».

800 ikerketa oinarri hartuta

2014an aditu talde batek eskatu zion IARCri haragi prozesatua eta haragi gorria ikertzeko. Talde horren arabera, datuek iradokitzen zuten minbizi mota zehatz batzuen gorakada jaki horiekin lotuta egon zitekeela. Arriskua txikia zela aitortu arren, aditu taldeak balizko arazoaren neurria argudiatu zuen ikerketa abiarazteko. Hain zuzen ere, mundu osoko haragi kontsumoa handia da, eta kopurua gora doala ohartarazi zuten.

Gaiari heldu zion lantaldeak hainbat ikerketa epidemiologiko baliatu zituen oinarri gisa. Gizakiengan eragiten duten minbiziei buruzko 800 ikerketa aztertu zituen lantaldeak; 700 ikerketatan haragi gorriari buruzko datuak aurkitu zituzten, eta 400etan haragi prozesatuari buruzkoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

PANDEMIA BATEN LEHEN KONPASAK

A. Iraola - G. Berasategi

Ofizialki 1981. urtean jakinarazi ziren oraindik izenik ez zuen eritasun batek eragindako lehenengo kasuak: orain lau hamarraldi. Hiesaren pandemiaren hasiera izan zen. Bereziki erasokorra izan zen lehen urteetan; botikarik ez zen, eta diagnostikatu eta urte gutxira hiltzen ziren paziente asko.
 ©BERRIA

Hiltzaile iheskorraren erradiografia

Ion Orzaiz

Urteetan, galdera ugari eragin ditu GIB birusak komunitate zientifikoan. 40 urteko ibilbidearen ostean, inkognita gehienei erantzuna ematea lortu du zientziak. Ohikoenetako batzuk bildu ditu BERRIAk.
Josu Imanol Unanue, Udiarraga Garcia eta Joseba Errekalde, elkarrekin. ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Administrazioaren akuilua izan ginen»

Arantxa Iraola

Josu Imanol Unanue, Udiarraga Garcia, Joseba Errekalde. Diagnostiko batek guztiz markatutako hiru bizitza dira, ia osorik emanak GIB birusa dutenen eskubideen aldeko ekintzailetzara. Hirurentzat, 80ko urteetan hasi zen bizitzaren zati hori, izurria agertu zenean, bortitz: aski gazteak ziren orduan. Aparteko indarra dute hiesaren pandemiaz dituzten oroitzapenek, egiten dituzten gogoetek , eta memoriaren lausoetatik berreskuratu beharrekoak dira. Esanahi erantsia dute, gainera, orain: beste pandemia baten erdian.
Donostian, Kursaalean, GIBdunei elkartasuna erakusteko xingola gorria argiztatuta. ©JON URBE / FOKU

GIBarekin bizitzen, gaur

A. Iraola - O. Teyseyre Koskarat

Urtero atzematen dira positibo berriak. Infektatuek badituzte aparteko arazoak; gizartean nor izateko bidean sortuak dira gehienak: 'GIB sozialak' eragindakoak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon Rejado

Informazio osagarria