Andreen alternatiba gerrari

Euskal Herriko mugimendu feministak manifestazio antimilitarista egingo du bihar Santurtzin. Andre biktimak ikusgarri egin nahi dituzte; baina, batez ere, feminismoak indarkeriari emandako alternatiba proposatu nahi dute. Aspaldikoa da bi mugimenduen arteko harremana.
Banderola feministak, udaberrian Gernika-Lumon errefuxiatuen alde egindako martxan.
Banderola feministak, udaberrian Gernika-Lumon errefuxiatuen alde egindako martxan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao

2017ko abenduak 15
Azkenaldian, mugimendu feministak Euskal Herrian deitutako mobilizazioek ez dute lotura zuzenik izan antimilitarismoarekin eta gerraren aurkako aldarrikapenekin. Baina atzera eginez gero, badira aurrekariak. Bihar Bilboko portuan egingo dutena, bada, ez da salbuespena izango. 11:00etan abiatuko dira Santurtziko parketik, Feministok gerraren aurka lelopean. «Betidanik egon dira emakume feministak mugimendu antimilitaristan militatzen. Agian, Euskal Herrian intsumisioaren aldeko mugimendua dela eta, soldaduskaren aurka zeuden mutil gazteek hartu izan dute protagonismo handiagoa. Baina feminismoa beti izan dute alboan. Eta antimilitarismoaren beste aldarrikapen guztietan parte hartu izan dugu, lehen lerroan», zehaztu du Anabel Sanz militante feministak. 2003an, Irakeko gerraren aurka mobilizatu ziren, eta, orain, errefuxiatuen harreraren aldeko manifestazioetan beti ikusi dira ikur feministak.

Bi helbururekin deitu dute biharko emakumeen martxara. «Gerrako irudietan gizonak ikusten ditugu ihesi, hesiak gainditzen. Irudi horiek ikustean, pentsatu behar dugu emakumeak non dauden. Emakumeak ere egon badaudelako. Haiek ere ihes egiten dute, errefuxiatuak dira. Haiek ere gerra sufritzen dute. Esklabotza sufritzen dute euren herrialdeetan. Bortxatu egiten dituzte. Emakumeak ere gerraren biktimak dira. Eta argazkietan ez dauden arren, ikusgarri egin behar ditugu». Denek jakin arren gerretan andre eta neskak bortxatzen direla, Sanzek salatu du ez dela ezer egiten hori eragozteko. «Denbora bat igarotakoan, gertaera horietan oinarritutako film bat egiten da, sariak ematen dizkiogu, eta denok pozik? Ba, ez».

Era berean, feminismoak gerraren aurka zer esana duela ere ohartarazi nahi dute. Hori da bigarren helburua. «Badago gerraren aurkako diskurtso feminista bat. Gerraren negoziotik kanpo gizartea zelan antola dezakegun, badugu proposamen bat egiteko munduari». Salatu du gudak «negozio hutsa» direla, suntsiketan oinarrituta. Ohartarazi du indarkeria horren atzean dauden interes geopolitikoak ez direla interes orokorrak, «gutxi batzuen interes ekonomikoak baizik». Sanzen esanetan, feminismoak proposatzen duen «pertsona oinarri duen bizitza iraunkorraren aurkako eredua» da gerra. «Ez gara inozoak, eta badakigu gatazkak egon badaudela. Baina horiek konpontzeko beste eredu baketsu bat proposatzen dugu, elkarrizketan oinarritutakoa».

Manifestazioa Santurtzin izango da, Bilboko portuaren jarrera salatu gura dutelako. Batetik, portu agintaritzak errefuxiatuak Ingalaterrara doan ferryra ez sartzeko eraiki duen lau metroko horma txarretsi dute. Europako Batasunak eraiki dituen mugetan beste bat dela diote. Era berean, portu horretatik bertatik Saudi Arabiara armak bidaltzen direla ere gogorarazi nahi dute. Sanzek kritikatu egin du portu agintaritzak legezko salerosketa dela esan izana. «Legezkoa izango da, baina ez etikoa». Bide batez, Euskal Herriko armagintza industriaz ere gogoeta eskatu dute. «Euren teknologiarekin milaka zibilen heriotzan parte hartzen dute. Industria horren berregituraketa sustatu beharko luke administrazioak».

NATOren sasoietatik

Euskal feminismoak egindako manifestazio antimilitarista garrantzitsuena 1986koa da. Espainia NATOn sartu edo ez erabakitzeko sasoiak ziren. 1986ko martxoaren 16an deitu zituen gobernuak Hego Euskal Herriko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako herritarrak erreferendum bidez erabakia hartzera. Hilabete lehenago, otsailaren 2an, Euskal Herriko mugimendu feministak Eibarren (Gipuzkoa) ipini zuen hitzordua. Dirua emakumeentzat, ez militarrentzat. OTAN ez lelopean, ehunka emakume abiatu ziren hiriburuetatik trenez. Untzaga plaza zuten elkargunea. Handik STAR arma fabrikara abiatu ziren. Armiarma sare bat osatu zuren enpresaren inguruan.

Sanzek arabera, garai bertsuan Greenham Commonen (Berkshire, Erresuma Batua) egindako emakumeen kanpalekua izan zuten eredu. 1981ean osatu zuten, NATOk herri horretan duen base militarra inguratzen zuen hesian. Hamar urte iraun zuen zutik. «Emakume haiek egindakoak mundu osoari buelta eman zion, eta bulkada bat izan zen emakume guztiontzat». Santurtzikoa egungo euskal andreentzat akuilu izatea nahi dute orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna