RIO16. Olinpiar oroitzapena. Seul 1988

Azazkalak

Idurre Eskisabelek aitortu du, olinpiar urteek beti «zerbait berezia» eragiten badiote ere, 1988a izan dela harentzat olinpiarretan olinpiarrena. Gogoan du Florence Griffith atleta estatubatuarrak egindako jardun bikaina eta haren ezaugarriak.

Idurre Eskisabel Larrañaga.
2016ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Beti eragiten didate zerbait berezia olinpiar urteek: alde batetik, neure buruaren atzerako eta aurrerako proiekzioak areagotzen dizkidate. Hau da, Rio 2016 ikusten dudanean paper zati edo pantailaren batean, Simone Bilesek baino txiribuelta handi eta bihurriagoak egiten ditu nire burmuinak, eta jauzi egiten du Londres 2012ra, edo Pekin 2008ra,edo Atenas 2004ra... Mosku 1980an du nire memoriak azken geltokia —edo lehendabizikoa, gauza guztietan bezala, nondik begiratzen den...—. Horrenbestez, ikusten dut neure burua 42 urterekin, 38rekin, 34rekin, 10ekin... Zaharrago edo gazteago, lodiago edo argalago, itsusiago edo politago, indartsuago edo ahulago, beldurtiago edo askeago... Ezarian—ago horien guztien neurketa bihurtzen da nire olinpiar jarduna—. Oraindik eta gehiago, txiribuelta aurreraka egin, eta bizitza-fikzio ariketan Tokio 2020an autoirudikatzen naizenean, 50 urteko andre... Baina, tira, noiz ez dugu bizitza fikzio egiten, batik bat, norberaren narrazio zentzuzko samarra egiteko ahalegin sisifotarbaina saihetsezinean?

Gainera, kirolarekin adiskidetzen naute olinpiar urteek. Edo zehatzago esanda, kirolaren inbentzio modernoaren oinarrian—autogainditze zintzoaren mozorropean— gordetzen diren norgehiagoka itsu, meritokrazia faltsu eta homo homini lupus ikuspegiaren aurkako errezeloa ebasten didate. Liluran jausten naiz, eta begiak talo jarraitzen ditut gimnastikako, igeriketako zein atletismoko gorputz zerutiarren ibilera are eta zerutiarragoak. Domina banaketetan, berriz, kirolaren epikak guztiz xurgatzen nau, eta begiak malkotan entzuten ditut munduko ereserki guztiak, behingoz munduko hiritar eredugarri bihurtuta —bai, baita zuetako zenbaiti burura etorri zaizkion txunta—txunta eta allons enfants de la patrie ere—. Hori bai, ohartzerako David eta Goliaten mitoak erabat janda ibiltzen naiz, garaipenetan justizia poetikoaren bila, esaterako, arestian aipaturiko Bilesen perfekzioan edo Usain Bolten abiadura gaindiezinean beltz, eta, horrenbestez, beste diren guztien mendeku metaforikoa ikusten. Badakizue, norberaren narrazio zentzuzko samarra egiteko ahalegin sisifotar baina saihetsezina.

Nolanahi ere, olinpiar urteek beti zerbait berezia eragiten badidate ere, 1988a izan da niretzat olinpiarretan olinpiarrena: jokoak Seulen egin zireneko hura. Ez zen alferrik izan adinez nagusi izendatu ninduten urtea, eta ordura arteko herri, eskola, lagun, etxe eta bizimodu bat osatzen duten gainerako trepetak utzi, eta unibertsitatera, orduan guretzako HIRIA ordezkatzen zuen Bilbora joan nintzenekoa. Aurkikuntza handien garaia, kanporazein barrura begira.

Kanpora begirakoen artean, Florence Griffith izan zen zirikatzaileneetako bat: 100, 200 eta 4X100 erreleboetako lasterketetan urrezko dominak irabazteaz gain, lehen bietan oraindik indarrean dauden munduko errekorrak ezarri zituen atleta. Emakume estatubatuar beltz bat, baina, aldi berean, andrazko atletei atxikitzen zitzaizkien ezaugarriak goitik behera apurtzen zituena: adats luze soltea, makillajea, eta bereziki, kirolari, efikaziari eta emaitzei aurresuposatzen zaizkien seriotasun maskulinizatuarekin erabat etsaitutako azazkalak: luze-luzeak, biribildu eta zainduak, fantasiazko kolore, marrazki eta distirekin apainduak. Azken batean, feminitate totala, gihar, indar eta abiadura maskulinozko gorputzean.

Ikasle pisu estreinatu sofa maiztuan botata gogoratzen dut neure burua, telebista zahar bati begira, hankak besoak jartzeko lekuan bermatuta, hautsontzia lurrean lagata, Nocilla bokata altzoan; ordu arteko arau domestikoak urratu nahian keinu bakoitzean. Eta pantailan Griffithen presentzia durduzagarria: sorgindu egiten ninduen. Behin eta berriro ikusiko nuke haren 100 metroko lasterketa gogoangarria.

Garai hartan kontraesanetik bizi nuen lilura hura, iruditzen zitzaidalako emakume libre izateko nigandik erauzi egin behar nituela feminitate arrasto guztiak, maskulinitatera hurbiltzea zela andre (eta pertsona) burujabe izateko bide bakarra. Beraz, barne gaitzespenez bizi nuen izate eta manera femenino haiek desio zituen nire partea. Burlaka eta gutxiespenez hitz egiten nuen Griffithen azazkalei buruz.

Orain, ordea, atzerako proiekzioa egitean, iruditzen zait hartan egon zela feminitatea apurtzaile eta askagarri izan daitekeela barneratzen hasteko lehen hazietako bat. Are, apurtzeko eta askatzeko feminitate horri libre ibiltzen utzi behar niola ulertzekoa. Akaso, izango da norberaren narrazio zentzuzko samarra egiteko ahalegin sisifotar baina saihetsezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.