VW-EN AFERA

2015eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Noiz egin zuen eztanda lehen aldiz? 2011ko urrian, Zapateroren agintaldiaren amaieran. Espainiako Zerga Agentziak ikuspen akta bat ireki zion VWi, eta sistema aldatzeko presio egin zion.

Nola funtzionatu zuten ordura arte? Juan Cruz Alli presidente zen garaian, 1994an, hiru aldeko akordioa erdietsi zen VW eta Espainiako Gobernuarekin: Landabenen ekoitzitako autoen BEZa Nafarroak kobratzen zuen, eta esportatutako autoen BEZa Estatuak itzultzen zion VWi. Berez, Lanbabenek autoak Bartzelonan egoitza duen Vaesari saltzen zizkion eta hura arduratzen zen auto guztien salmentaz zein esportazioaz.

Noiz aldatu zen sistema? 2012ko apirilean aldatu zuen VWek. Ordutik Nafarroak itzultzen dio BEZa multinazionalari. Haatik, hori aldatu aurretik, denbora eskatu zuen Nafarroak eta sei hilabete izan zituen Espainiako Gobernuarekin Itun Ekonomikoa berrikusteko.

Zer hitzartu zen 2012ko maiatzean? Bi aldeek erabaki zuten Nafarroak urtero 25 milioi euro ordainduko zizkiola estatuari 2012tik 2014ra. Uztailean, beste urtebetez luzatu dute itun hori. VWi urtero BEZ bidez 250 eta 300 milioi euro artean itzul behar zaizkio, eta kopuru handi hori doikuntzen bidez konpentsatzen dio Espainiak Nafarroari, 25 milioi eurora arte.

Eta zer gertatu zen inspekzioarekin?2007tik 2011rako BEZaren itzulpenen auzia (1.513 milioi eurokoa) Itun Ekonomikoaren Arbitratze Batzordearen esku geratu zen.

Zer erabaki zuen? Batzorde hori hiru adituk osatzen dute: Nafarroako Jose Antonio Asiain eta Simon Acostak eta Antonio Cayon estatuko ordezkaria. Bi urteren ostean, iragan maiatzean eskuak garbitu eta gatazkarik ez zegoela ebatzi zuen batzordeak.

Zer egin zuen estatuak? Antonio Cayonek Arbitratze Batzordean boto partikular bidez ezadostasuna azaldu eta Espainiako Gobernuak bere kabuz udan erabaki zuen Auzitegi Gorenera jotzea.

Noiz egin zuen eztanda? Irailaren 15ean, Cristobal Montororekin bildu aurretik izan zuen auziaren berri Barcinak, nahiz eta gerora bertsio kontrajarriak egon diren horri buruz. Irailaren 16an jakinarazi zuen publikoki Espainiak 1.513 milioi euro erreklamatzen zituela.

Zer eskatu zuen Nafarroak? Nafarroaren ustez 2007tik 2011ko itzulpenak legezkoak ziren, eta gatazka konpontzeko prozedura Itun Ekonomikoaren koordinazio batzorde bidez egitea eskatu zuen.

Ados al zen Montoro? Urrian kontzesio hori egin eta helegitearen aukera behin-behinean etetea erabaki zuen. Bi aldeek erabaki zuten auzia koordinazio batzordean negoziatzea. Era berean, eskakizuna 800 milioi eurora jaitsi zuen.

Zer hitzartu da orain? 2012ko apirilera bitarteko akordioa zuzena zela, eta etorkizunean antzeko gatazkak bideratzeko prozedura ezarri da, era berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.