Arrauna. Eusko Label liga

Zain dituzte banderak

Orio, Hondarribia eta Urdaibai ageri dira faboritoen zerrendan traineru denboraldian. Beren asmoen berri eman dute talde horietako hiru entrenatzaileek: Jon Salsamendik, Mikel Orbañanosek eta Joseba Fernandezek.

Joseba Fernandez, Jon Salsamendi eta Mikel Orbañanos, BERRIAren egoitzan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Andoain
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Label liga hasiko da larunbat honetan. Egin beharreko lan handiak eginda dituzte taldeek, eta irrikaz daude lehian hasteko hiru talde handitako entrenatzaileak. Elkartu egin ditu BERRIAk, solasean aritzeko, Jon Salsamendi Orioko prestatzailea (Orio, Gipuzkoa, 1970), Mikel Orbañanos Hondarribikoa (Orio, 1973) eta Joseba Fernandez Urdaibaikoa (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974). Bideoa artikuluaren amaieran.

Zein dira zuen helburuak?

MIKEL ORBAÑANOS: Gustatuko litzaiguke iazko maila berean ibiltzea, horrek esan nahiko lukeelako goiko postuetatik gertu izango ginatekeela. Ezin ahaztu, baina, aurkariak. Maila txukuna eman nahi dugu, eta, gero, aurkarien alboan jarrita ea gai garen denboraldi ona egiteko.

JOSEBA FERNANDEZ: Hiru taldeok izango gara buruan ibiliko garenak, eta, gu hor izanda, gustura izango ginateke. Kontuan izan behar da lehen urtea duela taldeak nirekin, eta egoera berezia izaten da, elkar egokitu egin behar garelako. Horregatik diot lehian ibilita helburua beteko genukeela, baina ikusita nolako taldea daukagun eta filosofia, estropada nagusietan irabazten saiatu behar dugu.

JON SALSAMENDI: Uretan erakutsi beharko dugu bi talde handi hauen pare gauden edo ez. Iaz, ligan, 23 segundo atzetik izan ginen batez beste, eta aurten ikusiko dugu zer gertatuko den. Orion ere aldaketa urtea izan da, eta beste zerbait ikusteko aukera dago, hobea edo txarragoa den uretan ikusiko dugu. Helburuak jartzen hasita, gure datuen arabera, beti ohorezko txandan finkatzeko moduan izango garela uste dut, eta enbarazu egin nahi diegu beste bi talde hauei. Geure buruari hori eskatu behar diogu. Umil goaz, ez dugulako ezer erakutsi oraindik.

Zenbateko eragina dauka aspaldiko bidean jarraitzeak, Hondarribiaren kasuan, edo aldaketak izatea, Orio eta Urdaibain gertatu den bezala?

M.O.: Elkarte moduan, gure filosofia da bertako arraunlariei garrantzia ematea. Errespatzen ditut beste filosofiak ere. Garapen handiak lortu ditugu, eta bide horri balio handia ematen diot entrenatzaile gisa. Aldaketak izaten direnean, denbora behar izaten da, eta guk alde horretatik zailtasun gutxiago izango dugu.

J. F.:Niretzat, aldaketarena ez da oztopoa; aukera da entrenatzaile gisa zuk zure maila erakusteko. Argi dago denborak aukera ematen duela lan horretan sakontzeko eta okerrak ez errepikatzeko. Filosofia ezberdina dira Hondarribiarena eta gurea, baina harago noa: gakoa da gauzak ondo egitea. Leku batzuetan aukera daukazu filosofia bat sakontzeko, eta, beste batzuetan, beste bat.

Zenbateraino baldintzatzen du lanerako orduan klub jakin baten historiak?

J.S.: Zein klubetan baino gehiago, zein unetan hartu behar da kontuan. Oriora joanda pentsatzen baduzu bidea egina dagoela historiagatik edo beti hala egin delako, oker ibiltzeko arriskua egon daiteke. Niri eskatu zidaten Orion lurrikara bat behartzeko, zerbait behar zuela klubak. Hori da unean uneko egoera bat, eta horri ere aurre egin behar zaio. Kluba larri ikusi nuen, eta onartu egin dut lurrikara behar zuela, horrek daukan arriskuarekin. Ea ahalik eta kalte txikienak eragiten dituen lurrikarak; seinale ona litzateke gauzak bere-berean ateratzea.

Zer aldatu behar izan duzu Orion?

J.S.: Ez dakit lehen nola zeuden. Dakidana da zertan ari garen, lanari zentzua eta segida zehatza ematen. Egunerokoari garrantzia ematen ari naiz: egunean-egunean lortu nahi dudana lortu arte ez gara beste gauza batzuetan hasten pentsatzen.

Zure kasuan, Joseba, Urdaibain irabazteko presioa izango duzu, San Juanen ez bezalakoa.

J.F.: Erlatiboa da, presioarena guk geure buruari eta taldeak taldeari jartzen diolako. Kanpokoarekin jakin egin behar da bizitzen. Castron horrela bizi izan nuen, eta Urdaibain ere bai. Badago nahia banderak astintzeko, besterik ez.

Mikel, hamasei urte Hondarribian. Ezohiko kasua zara taldeko kirolean. Urtero eskatzen dizu gauzak aldatu beharra prestakuntzan, arraunlariei hitz egiteko eran eta abar taldeak bizi jarrai dezan?

M.O.: Lan egiteko era berriak bilatzen saiatzen naiz. Baina asko ere ez dut aldatzen, arraunlariak gustura daudelako nire lan egiteko moduarekin; eta ni ere pozik nago klubean. Horregatik denagatik ari naiz hainbeste urte egiten Hondarribian. Ez nuke alderatuko futbol talde bat edo arraun talde bat, futbolean edo beste kirol batzuetan askoz presio handiagoa dagoelako.

Beste biok nola ikusten duzue egoera hori?

J.S.: Berezia bainoago ezohikoa da, bakarra izango delako hainbeste urtean talde berean. Hori gertatzeko gauza askok egin behar dute bat, eta Mikelek berak aipatu ditu. Baina leku batean denbora asko egoteko beste baldintza batzuk ere badaude; adibidez, egoera pertsonalak. Gauzak ondo joaten direnean ere izan dezakezu egoera pertsonalen bat leku hori uztera eraman zaitzakeena. Astilleron zazpi urte egin nituen, eta jarraitzeko ez neukan aukerarik, soldatarik ez nuelako izango, eta etxetik 200 kilometrora lanean aritzeko hori ezinbestekoa da niretzat; garbi esaten dut. Urdaibain lau urte egin ditut, eta ez da Josebari animoa kentzeko [barrez], baina Astilleron hamar egitearen parekoak izan ziren, oso intentsoak. Gogorra da hango irabazteko nahiari erantzun behar izatea. Txalotzekoa da Mikelen eta Hondarribiaren kasuan hainbeste urtez elkarrekin segitzea.

Joseba, ikusten al zara hamasei urtez leku berean?

J.F.: Bat-batean erantzuteko zaila da. Ez du erraza ematen. Nik San Juandik alde egiteko asmorik ez neukan, baina konturatu nintzen ni ez nintzela zuzendaritzaren apustua, eta esan egin nien. Konturatzen zarenean ez zarela apustua, beste aukera batzuei heldu behar zaie. Mikelen kasuan, kontrakoa da. Urdaibain izaten dira bolada txarrak, etxetik hain urrun joan beharra entrenatzera etxean haur txikiak dauzkazunean, baina lortzen dugu familian dena bateratzea, eta uste dut gainditu dudala urteko zatirik txarrena alde horretatik, eta orain gozatzea tokatzen zait.

Uretan sartuta, nola ikusten dituzue beste bi aurkariak?

M.O.: Bagenekien Oriok jauzia emango zuela, eta eman du. Aurkari zuzena izango da, taldeagatik eta Jonek erakutsi duelako nolako entrenatzaile ona den. Urdaibairen kasuan, Joseba ere entrenatzaile handia da, eta, nahiz eta hutsuneak izan, fitxaketa onak egin ditu. Oso talde ona da, eta lehiakorrak izango dira.

J.F.: Orio eta Hondarribia bi erreferentzia handienak dira niretzat. Hondarribia eredu bihurtu da, ikusirik gauzak nola egin dituen eta nola hazi den kluba. Egoera ez onetan ere eutsi egin diote egitasmoari, erabaki zuzenak hartuz, eta emaitzak hor daude. Segurtasun handiarekin jarraitzen du lanean, eta aurten ere bai. Arraunketari eusten dio, eta lana segida ari delako izaten, faboritoa da, nahiz eta indarrez beste talde batzuk baino gutxiago izan. Orio izenik handiena da arraunean. Kirol denak jarraitzen ditut, eta esaten da historiak eragina izaten duela. Kirolari batek bere buruari ez dio berdin estutuko Real Madrilen edo Rayo Vallecanon. Oriok badu hori. Uste dut azken urteetan bere betiko ezaugarriei uko egin diela, baina orain ari da itzultzen berera, Jonen eskutik. Ez dakit zenbat urte egongo den Orion, baina garbi dauka zer den Orio eta zer izan behar duen. Iazko batez besteko alde hori jan digu, eta lehian izango da.

J.S.: Hondarribia segurua da, ez dut motiborik ikusten iaz baino gutxiago ibiltzeko, eta iaz asko ibili zen. Arraunlari gazteak ditu, eta aurrerapausoa ere eman dezake, gainera. Urdaibain aldaketak daude, eta pentsa daiteke denbora beharko duela, baina barrutik ezagututa, potentzial fisiko ikaragarria dauka, eta asmatzen duen bakoitzean oso zaila izango da hauei segitzea. Iaz bezala edo hobeto dago. Asko ibili beharko da bi talde hauei jarraitzeko.

Zuen taldeen arteko lehia estua izaten bada, ondorioa izango da inoiz baino azkarrago ibiliko zaretela?

M.O.: Lehia izango da, baina iazkoaren aldean ez da ezberdina izango. Oso estua joan zen iazkoa ere, eta saiatu ginen ahalik eta azkarren ibiltzen, eta ez dut uste hori baino azkarrago ibiliko garenik.

J.F.: Bizitzan bertan gainditzen dira mugak, eta oraingo gure mugak ere botako ditugu. Asko hobetu da materialean, eta klubetako azpiegiturak ere hobeak dira. Orokorrean, lan gehiago egiten da arlo askotan, eta arraunlariak aukera gehiago dauka. Kirolari bihurtu gara, eta jauzia eman da. Txikia izan daitekeela hobekuntza, agian bai, baina uste dut izan daitekeela uda hau oso azkar ibiltzekoa, berdintasunak estutzera garamatzalako emaitza onen bidean.

J.S.: Urtero egoten da aurreikuspena azkar ibiltzeko. Normala da. Ez dakit iaz baino azkarrago ibiliko garen, baina iaz oso-oso azkar ibili ginen uztailetik hasita. Gakoa ez da azkar ibiltzea, baizik eta azkar ahalik eta denbora gehienez ibiltzea. Ligan ezin da atsedenik hartu, eta bi hilabetez oso ondo egon behar da. Agian, estropada azkarragoak ikusi gabe ere, baliteke mailak gora egitea, oinarrituz ahalik eta denbora gehien egotea sasoi puntu onean.

Ligan beste talde batzuk ere badira, eta ematen du ez jaisteko lehia oso berdindua izan daitekeela. Nola ikusten duzue?

M.O.: Hala ematen du izango dela, oso berdindua. Aurreko urteetan nahiko garbi zegoen zein talde ibiliko zen atzean, baina aurten ez dut garbi ikusten. Traineru kopurua handia ibiliko da beheko lekuetan lehian.

J.F.: Talde batzuentzat arriskutsua izan daiteke egoera, espero ez dutelako egon daitezkeelako beheko borrokan. Gertatuko dira horrelakoak, eta ez da erraza izango taldeentzat eta entrenatzaileentzat egoera horiek kudeatzea. Oso berdinduak ikusten ditut lehen bi txandak, eta gora begira ere ikusten ditu talde batzuk guri sustoak ematea.

M.O.: Presioak ekar lezake azpikoen mailak gora egitea, eta gerta daiteke goikoren batek egun txarra duenean, oso behera joatea estropada horretako sailkapenean.

J.S.: Hemen hiru talde gaude, baina ez ahaztu Kaiku. Beste gainontzekoekin ea zer gertatuko den. Zierbenak asmatzen du muturra sar dezake goian. Atzean, berriz, galiziarren berririk ez dut, eta ikusi egin beharko da. Gero, Ondarroa eta Astillero daude, eta baliteke Ondarroak ondo kudeatzea atzeko lehia horretan egotea, egoten bada, badakielako hor ibil daitekeela. Hasierako lau estropadetan zehaztuko dira kontu asko: bi erlojupeko daude, bestea Portugaleten da, eta laugarrena, Donostian, kaleen arteko aldeak eta abar. Irekia ikusten dut atzeko lehia, eta ez da maila apala dutelako, kontrakoagatik baizik.

J.F.: Eta Donostiarra? Ez da gure ligakoa, baina eman dezake sustoren bat denok elkartzen garen egunetan.

Bideoa: Entrenatzaileen mahai ingurua (Lara Madinabeitia / Berria TB)

[youtube]https://youtu.be/vKHgXMUQPDo[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.