Albistea entzun

Urte berri, ohitura zahar

Urtea amaitu eta berriari ongietorria egiteko hamaika ohitura daude munduan: Italian, dilistak janez agurtu dute 2014. urtea, eta, Perun, objektu zaharrak sutara botata. Euskal Herrian, korrika eginez, mendira igota edo mozorrotuta egin dute askok urte aldaketa.
Rio de Janeiroko Copacabana hondartzan jendetza batu da urte zaharra agurtu eta berriari ongietorria egiteko; itsasoari loreak eskaini dizkiote eta su festa ere egin dute.
Rio de Janeiroko Copacabana hondartzan jendetza batu da urte zaharra agurtu eta berriari ongietorria egiteko; itsasoari loreak eskaini dizkiote eta su festa ere egin dute. STR / EFE

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko urtarrilak 2

Segundo bakar batek bereizten ditu urte zaharra eta berria. Une bat. Erlojuaren orratzek 00:00ak igarotzen duten momentu hori. Istant bakarra, baina sinbolismoz betea. Eta hala, 2014. urtetik 2015. urtera pasatu dira munduko herritar asko. Bai, behintzat, egutegi gregorianoaren eraginpean bizi diren horiek.

Egutegi berrituek hartuko dituzte etxeetako paretak. Alabaina, munduko herritar guztiek ez dituzte ez Gabon zahar gauean, ez Urteberri egunean ohitura berberak segituko: batzuek ura izango dute festaren lehengaitzat; besteek sua; mozorroa jantziko dute ugarik... Bada zer eginik topaz eta mahats janaz gaindi.

ITALIA

Aberastasuna ahoratzeko

Dilistak. Horixe izaten da italiarren plater nagusia Gabon zahar gaueko afariko mahaian. Izan ere, zortea eta aberastasuna dakartzatela uste dute bertakoek. Gainera, geroz eta gehiago jan, orduan eta sosa gehiago eta zorionekoago bizitzan. Bada, beraz, platerkada tzarrak hartzeko ohitura, betekadak etorkizun beteago bat ekarriko duelakoan. Ez da, ordea, egiten duten gauza bakarra. Erroman eta Napolin trasteak botatzen dituzte leihotik behera: altzari zaharrak, behar ez dituzten etxeko gailuak... Debekatu egin dute, baina, ohitura zaharra. Oinezkoentzat arriskutsua izan daitekeela ebatzi dute agintariek.

PERU

Sua iraganari

Barneko arropa alderantziz janzten dute Peruko zenbait tokitan; Liman, bereziki. Alderantziz eta, betiere, horia behar du izan. Horrez gain, ohikoa da eskuz panpinatxoak egitea, urte osoan hedabideetan zeresana eman duten politikari, famatu edo artisten aurpegiak jarrita; halaber, txotxongiloen barrunbeak iragan urtean erabilitako objektu zaharrekin betetzen dituzte. Gero, sutara botatzen dituzte, zaharra den hori erre, eta berriari harrera egiteko.

BRASIL

Urak zipatuta

Uretan sartuta bustitzen dituzte iazko oroitzapenak Brasilen. Uda da hego hemisferioan, eta hondartzak izaten dira etorriko dena jasotzeko toki aproposenak. Batez ere, Rio de Janeiroko Copacabanan batzen da jende tropela. Loreak eskaintzen dizkiote itsasoari; batela hartuta abiatzen dira asko olatu artera, uretan hasteko.

Horixe dute usadio. Baina ez hori bakarrik. Su festak ere ohikoak dira, munduko beste zenbait tokitan bezalaxe. Festa giroan pasatzen dute gaua, beraz, musikak lagunduta maiz.

HEGOAFRIKA

Mozorroa soinean

Ez dira inauteriak Hegoafrikan, baina ia-ia. Mozorroa soinean jantzi eta jaiari ekiten diote. Urteko egun handienetariko bat da-eta Gabon zahar gaua. Jantzi ikusgarriak ibiltzen dituzte bertakoek; eta makina bat pertsonaia ekartzen dituzte gogora. Kalean, parranda giro hori hauspotuz, musika doinuak aditu daitezke nonahi. Lurmutur Hirian, esaterako, jaialdiak antolatzen dituzte, zeinek espektakulu hobea emango. Txisteak, dantzaldiak, denetariko emanaldiak... askotarikoak izaten dira oholtza gainean ikus daitezkeen arteak.

Bada, aldiz, kirolzaleentzako aukera ere: muinoak igotzen dituzte hegoafrikar mendizaleenek.

DANIMARKA

Apurtu adina irabazi

Hartu platerak eta bota lurraren kontra; ahal dela, leherrarazi baxera auzokoaren atearen aurrean. Eta bizilaguna ez da kexu izango kristal zatiak bildu behar dituelako; ez, zorte onaren eta laguntasunaren zantzua baita Danimarkan.

Batzuek esaten dute hautsitako plater adina lagun izango dituela pertsona bakoitzak datorren urtean; era berean, uste orokorrak dio etxe parean hautsitako plater gehien biltzen duenak izango duela urterik onena.

ESKOZIA

Upela gainean

Su festekin betetzen dute zerua eskoziarrek Gabon zahar egunean, beste herrialde askotan egiten duten gisan. Badute, haatik, usadio deigarri bat: upelak buru gainean hartuta ibiltzen dira makina bat herritan. Hori da Allendale herriaren kasua, adibidez. Galipotez betetako barrikak soinean jarri, eta su ematen diete. Kalejiran ibiltzen dira, upelak utzi gabe, harik eta plaza erdira botatzen dituzten arte. Diotenez, paganismoarekin lotutako ohitura izan daiteke. Urte zaharra erre egin dela eta beste bat datorrela adieraz lezake ohiturak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Ibarruri oso harro sentitu zen beti bere euskal erroez»

Amaia Igartua Aristondo

Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren biografia bat argitaratu berri du, haren artxibo pertsonalean oinarritutakoa: 'No pasarán'. XX. mendearen zati handi bat zeharkatzen du bizkaitarraren bizitzak.
EPICA ikerketan 2.872 metroko sakoneratik ateratako izotz lagina, 2002-2003an. ©LAURENT AUGUSTIN/CNRS PHOTOTHQUE

Izotzik zaharrena nahi dute

Jakes Goikoetxea

Beyond EPICA ikerketa proiektua Antartikan lanean ari da, izotza zulatu eta duela 1,5 milioi urtera arteko izotz lagina ateratzeko. Laginari esker, klimaren bilakaera ezagut dezakete.

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gaizka Aranguren kazetaria, <em>Ezina ekinez egina</em> saioan. ©BERRIA

Euskararen historiari buruzko saioa gaur ETB1en: 'Ezina ekinez egina'

Enekoitz Telleria Sarriegi

Gaizka Arangurenek aurkeztuko du. EITBk bat egingo du Euskararen Nazioarteko Egunarekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.