Raul Khajimba oposizioko buruak irabazi ditu bozak Abkhazian

Erredakzioa -

2014ko abuztuak 26
Okerrik ezean, Raul Khajimba izango da Abkhaziako presidente berria. Orain arte oposizioko buru izandakoak alde handiarekin irabazi ditu iragan den asteburuko hauteskundeak: behin-behineko emaitzen arabera, botoen %50,57 lortu ditu, Aslan Bzhania segurtasun zerbitzuetako buruak baino hamalau puntu gehiago. Parte hartzeak aise gainditu zuen Hauteskunde Batzordeak ezarritako gutxieneko maila: bozketa baliozkoa izan zedin, erroldatuen erdiek eman behar zuten botoa, eta, azkenean, %70ek baino gehiagok hartu dute parte.

Propio aurreratutako hauteskundeak izan dira. Aurreko estatuburuak, Aleksandr Ankvabek, ekainean eman zuen dimisioa, bere aurkako protestek estututa. Kritikoek kudeaketa txarra eta ustelkeria egozten zizkioten lehendik ere, eta maiatzaren 29an parlamentuaren konfiantzazko botoa galdu zuen. Diputatuen aulkietatik ez ezik, oposizioak kalean ere eskatu zion kargua uzteko, eta manifestazio jendetsuak antolatu zituen egun haietan. Dimisioaren ostetik hauteskundeetara deitu zuten, eta hautagai guztiek sistema politikoa erreformatzeko akordio bat sinatu zuten: haren arabera, hainbat alderditako «profesionalek» eta hautagaien jarraitzaileek osatuko dute gobernuko koalizioa.

15 urte aitorpenik gabe

Praktikan errepublika independentea da Abkhazia, nahiz eta soilik lau estatuk jotzen duten independetetzat. 1999an aldarrikatu zuen Georgiarekiko independentzia, eta 2008an jaso zuen ofizialki Errusiaren aitorpena —Georgiaren aurkako gerraren ostetik heldu zen Moskuren deklarazioa—. Gerora gauza bera egin dute Nikaraguak, Venezuelak eta Nauruk. Mendebaldeko gobernu nagusiek, ordea, ez diete baliorik aitortzen horko hauteskundeei.

Hautagai guztiek agindu dute Errusiarekiko harremanaren alde lan egingo dutela. Moskuk base militar bat ere badauka Abkhazian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna