Trumpek badu gerra

AEBek muga zergak jarriko dizkiete gaur EBko altzairuari eta aluminioari. Bruselak prest du erantzuna. Kanadari eta Mexikori ere ezarriko zaizkio

BERRIA / BERRIA.
Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
AEBek lehen urratsa egin dute Europako Batasunarekin gerra komertzial bat hasteko. Gaurtik aurrera, kontinente zaharretik esportatutako altzairuari eta aluminioari muga zergak jarriko dizkiete. Erabaki horren beldur, erantzuna prestatzen aritu da Europako Batzordea azken asteotan, eta aurki jarri nahi dizkie indarrean antzeko zigorrak Atlantikoaren beste aldetik bidalitako dozenaka produkturi.

Hiru hilabete igaro dira AEBek, segurtasun nazionala arrazoi gisa argudiatuta, metal produktuen aurkako neurriak iragarri zituztenetik. Lehen epemuga iritsi zenean, Europako produktuak salbuetsita geratu ziren, negoziazioekin aurrera jarraitu ahal izateko. Beste hilabete bat eman zuen Trumpek. Oraingo honetan, bai, oraingo honetan aurrera egingo du mehatxuarekin.

AEBetako administrazioak ahalegina egin du EBk berak esportazioak mugatzeko akordio bat onar zezan, muga zergak ez jartzearen truke. Estrategia ez zaie gustatu EBko lider politikoei, nazioarteko merkataritza arauak urratzen dituela iritzita. Hasieratik, estrategiari eutsi dio Europak. Prest agertu da merkataritza harremanak berrikusteko, baina ez muga zergen mehatxupean. Kontrakoa, Cecilia Malmstrom Merkataritza komisarioaren hitzetan, «pistola bat buruan» negoziatzea litzateke.

Altzairuari %25eko ordaina ezarriko zaio, eta aluminioari, %10ekoa. Joan den urtean 6.400 milioi euro balio zuten esportazioei eragingo diete zigor horiek. «Munduko komertzioan egun txarra da gaurkoa. Ahal dugun guztia egin dugu amaiera hau eragozteko», kexu agertu zen Malmstrom, erabakiaren berri jakin bezain pronto.

Kontraerasoa prest du Europak, hala ere. Gaur bertan, salaketa jarriko du MME Munduko Merkataritza Erakundean. Eskaera horretan beste herrialde batzuen babesa eskuratzea espero du. Horrekin batera, AEBetako dozenaka produkturen kontra zigorrak jartzeko asmoa aurreratu dio Bruselak MMEri. Maiatzaren 18an egin zuen jakinarazpena, eta, arauen arabera, 30 egun geroago ezar ditzake. Zerrenda luze horren parte dira bourbon whiskia, jeansak, itsasontziak, laranja zukua, tabakoa eta motozikletak, beste askoren artean.

Hurrengo borroka, autoak

Trump kritikoa izan da beti nazioarteko merkataritzaren emaitzekin. Haren ustez, itunek kalte egin diete AEBei, eta horregatik dute defizit komertziala munduko beste bloke handi gehienekin. Defizit hori apaltzeko akordioak behartzea da haren helburua. Lortu du gobernu batzuekin. Lehen erabakiak Txinaren aurkakoak izan ziren. Orain dela pare bat aste, muga zergak oraingoz bertan behera geratzeko ituna lortu zuten bi herrialdeek, baina zalantza handiak daude akordioaren benetako balioari buruz.

Altzairuarekin eta aluminioarekin egin diren mugimenduak ez dira azkenak izango. Ikusi beharko da Europak hartutako kontraneurriei nola erantzuten zaien, baina Trumpek jopuntuan jarria du beste ondasun bat: autoak. Berriro ere segurtasun nazionala arrazoi gisa jarrita, auto esportazioen aurka jotzea aztertzen ari da.

Muga zergak ez zaizkio soilik EBri jarriko. Horrekin batera, Kanadari eta Mexikori ere ezartzea erabaki du. Bi herrialde horiekin sinatua duen NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Akordioa eguneratzea negoziatu du Trumpek. Ez denez akordiorik izan, zergekin estutuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.