Estatu Islamikoak bere azken gotorleku nagusiak galdu ditu Sirian eta Iraken

Deir ez-Zor, EIk Sirian zuen hiri garrantzitsuena, berreskuratu du Damaskok. Bagdadek Al-Qaim barrutia askatu du EIren eskuetatik

Siriako armadako soldadu bat, Irakeko mugatik gertu, ekainean. STR / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
EI Estatu Islamikoaren «kalifa herria» azkenetan da. Siriako armadak EIri estatuan geratzen zitzaion azken gotorleku garrantzitsua kendu dio: Deir ez-Zor hiria. Bien bitartean, Irakeko armadak Al-Qaim hiria hartu du, eta inguruan dagoen Hasibako igarobidea bereganatu, Siriaren eta Iraken arteko mugan kokatua.

Deir ez-Zor EIk Sirian zuen azken hiri garrantzitsua zen, urriaren 17an euren hiriburu zena galdu zutenetik, Raqqa. Hura SDF Siriako Indar Demokratikoak askatu zuen. Deir ez-Zorreko garaipenak «EIren deuseztatzearen azken fasea» irudikatzen duela azaldu du armadak: «Hiria erakundeko buruaren egoitza nagusia zen, eta galdu egin dute; operazio terroristak aurrera eramateko gaitasuna galdu dute».

Suheil al-Hassan jeneralak —Tigrea ezizenez ezaguna— zuzendutako operazioa irailean abiatu zen. Iaz, Alepo askatzeko kanpainako burua izan zen Al-Hassan, Siria iparraldean eginiko kanpaina handienetakoa.

Deir ez-Zor izen bereko probintziaren hiriburua da, eta 2011n, Sirian gerra hastean, 300.000 pertsona inguru bizi ziren han. 2014ko uztailean, ordea, EIk bereganatu zuen, baita inguruko petrolio ustiategiak ere.

Probintzia Irakekin mugan kokatua dago, eta, hiriburua galdu arren, EIk oraindik horren %35 inguru kontrolatzen du, hegoaldean eta ekialdean nagusiki. Al-Bukamal da kontrolpean duten hiri handiena, Siriak Irakekin duen mugatik gertu, Deir ez-Zorretik 50 kilometro ingurura. Egun, EIren aurkako bi operazio daude martxan probintzian: Siriako armadarena, Errusiako abiazioaren laguntzarekin, eta SDFrena, nazioarteko koalizioaren babespean —AEBek zuzendua—.

Mugaren beste aldean ere, Estatu Islamikoa lurrak galtzen ari da. Irakeko armadak, Herri Mobilizazioaren Indarra milizia xiitaren eta Klanen Mobilizazioa milizia suniaren laguntzarekin,Al-Qaim hiriaren aurkako erasoaldia abiatu zuen; Iraken EIren esku zegoen hiri nagusia da hori. Operazioa abiatzearekin batera, hirian dauden zibilek ihes egin ahal izateko «korridore seguruak» ireki zituztela azaldu zuen armadak. Irakeko lehen ministro Haidar al-Abadik adierazi du izen bereko barrutia, Al-Qaim hiria barne, EIren eskuetatik askatu dutela: «Denbora errekorrean».

Barrutia askatzeko operazioa urriaren 26an abiatu zuen armadak. Barrutia Al-Anbar probintzian dago, eta probintzia hori da EIk Iraken kontrolatzen duen azken lurralde populatua.

Al-Qaimeko erasoarekin batera, Hasibako igarobidea bereganatu du Irakeko armadak. Igarobideak Al-Qaim eta Al-Bukamal hiriak lotzen ditu.

Armadak igarobidea askatzean, EIko milizianoek Siriarantz egin dute atzera, Al-Bukamal ingururantz, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak esandakoaren arabera —Erresuma Batutikegiten du lan behatokiak—. «Borrokek EIko kideen porrota eta ihesaldia eragin dituzte, Siriako lurralderantz», azaldu du Herri Mobilizazioaren Indarra miliziako jeneral Ali al-Hamadanik.

Israel Sirian sartzeko prest

Sirian bizi duten gatazka ez da EIren aurkako borrokara mugatzen. Hader hirian, herrialdearen hegoaldean, gutxienez bederatzi pertsona hil eta beste 23 zauritu eragin ditu Al-Nusra izenarekin ezaguna zen fronteak eginiko eraso suizida batek.

Armadaren eta talde islamisten arteko borrokek ere gutxienez 24 pertsona hil dituzte Siria hegoaldean.

Hader Golanekin mugan dago, Israelek 1967tik okupatua duen lurraldea, eta hango israeldar bat balaz zauritu zuten. Israelgo Poliziaren ustez, Siriako armadaren eta talde islamisten arteko borroken ondorio da.

Siriako Gerra abiatu zenetik ugari izan dira Golaneko lurretan erori diren jaurtigaiak, gehienak «su galduak». Azkenekoei erantzunez, asteazkenean Siriako instalazio militar bati eraso egin zion Israelek, eta atzo Siriako presidente Baxar al-Assaden aurka egiteko Sirian sartzeko prest zegoela azaldu zuten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.