Katalunia, galdeketaren atarian. Soslaia.

Jordi Pujol. Seme zintzoa

Pujolek, aitari emandako hitza «errespetatu», eta 30 urtez ezkutuan izan zituen hark utzitako ondasunak. Orain, ezinbestean, aitortu egin behar izan ditu; horrek krisi politikoa eragin du, eta mugimendu subiranistaren aurkako aitzakia sendo bat eskaini dio Espainiari.
ANDREU DALMAU / EFE

Arantxa Elizegi -

2014ko abuztuak 3
Mariano Rajoy galduta zegoen. Erreferendumerako lau hilabete falta zirela, ez zeukan Generalitatearen asmoen aurka egiteko tresnarik. Halabeharrak nahi izan du, ordea, subiranismoaren bultzatzaile nagusietako bat, Jordi Pujol, independentziaren kontrako Madrilen arma bilakatzea.

Atzo arte, CiUko ohorezko presidente zenak emandako azalpenei kasu eginez gero, pentsa liteke aitarekiko maitasunagatik ezkutatu zituela hark utzitako ondasunak. Gerora, berriz, egunak hilabete bihurtu ziren, eta hilabeteak, urte, oharkabean hogeita hamar urte pasa ziren arte; eta Andorrako banketxe bateko langile batek, mendeku goseak bultzatuta-edo, ezkutuko diruen berri ematearekin mehatxatu zuen arte.

Isilik jarraitzea ordurako ez zegoen aukeren artean; izan ere, haren bi seme ustelkeria auzietan nahastuta egonik, ikerketa horietan ezkutuko ondasunen berri jakiten bazen, ondorioak askoz ere larriagoak izango ziren. Beraz, beste irtenbiderik ezean, joan den ostiralean, komunikatu bat atera zuen argitara, egindakoa aitortzeko eta «barkamena» eskatzeko, eta, bide batez, hankaz gora jarri zuen Kataluniako politikagintza.

Mugimendu subiranistatik banandu nahi izan du auzia CDCko bigarrenak, Josep Rullek, eta esan Katalunia «pertsona ororen gainetik» dagoela. Hain zuzen horixe da arazoa, Pujol ez dela edonor, Masen «aita politikoa» eta prozesu subiranistaren defendatzaile nagusietako bat baizik.

Hori nahikoa ez, eta azken urteetan egindako adierazpenetan, presidente ohiak behin baino gehiagotan gezurtatu izan ditu bere kontrako ustelkeria salaketak. Iazko urtarrilean bertan, telebista saio batean UDEF Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskalerako Unitatearen txostenei buruz galdetuta, hala erantzun zuen: «Zer arraio da UDEF?». Eta garai bertsuan, Javier De la Rosa bankariak esan zuenean Pujol familiak dirua atzerrian zuela, «Nik ez dut dirurik Suitzan» esanda ukatu zuen.

Nolako enborra...

Florenci Pujol i Brugal aitak Pujolen emazte Marta Ferrusolaren eta bikotearen zazpi seme-alaben izenean jarri zuen semearen senipartea, Generalitateko presidente ohiak azaldu zuenez, aukera okerrekotzat jotzen zuelako semeak politika egitea hautatu izana enpresa mundua alde batera utzita: «30eko eta 40ko hamarkadetako garai zailak bizi izan zituen, eta gerta zitekeenaren beldur zen; are gehiago, politikari konprometitua izanik».

Izan ere, Pujolek, Generalitateko presidente kargua hartu aurretik, Medikuntza ikasi zuen, eta denbora batez aitarekin ibili zen negozio munduan. Haren aitak, Pujolen aitonak, kortxo enpresa bat zeukan Darniusen (Alt Emporda), baina Lehen Mundu Gerrak enpresaren gainbehera eragin zuen —Frantziak beharrezkoagoak zituen soldaduak xanpain botilentzako kortxoak baino—.

Ondorioz, familia Premia de Mar-era joan zen. Han hazi zen Pujolen aita. Generalitateko presidente ohiak bere memoria liburuetan dioen moduan, «gazte independente eta kementsua» izaki, burtsan inbertitzen hasi zen. Pujolek ez du argitzen zer-nolako negozioak ziren aitarenak. Garaiko BOEn aurki daiteke, hala ere, haren aztarnarik. Izan ere, 1959ko martxoaren 9an, frankismo betean, zergak saihestu omen zituzten 871 pertsonaren izenak ageri dira; tartean, Pujol i Brugal eta haren kide David Tennenbaum.

Zerrenda argitaratu zen hilabete berean, bi kideek Dorca bankua erosi zuten beren emazteen izenean. Banketxeak Banca Catalana izena hartu zuen denborarekin. Jordi Pujolek 29 urte zituela hartu zuen banketxearen kudeaketaren ardura, eta presidenteorde izendatu aita.

Haren zuzendaritzapean, Banca Catalanak izugarrizko goraldia izan zuen, eta krisiak hondoratutako beste banku batzuk ere bereganatu zituen. 1973ko krisiak, ordea, galera handiak eragin zizkion, eta, 1982an, Espainiako Bankuak erreskatatu egin behar izan zuen, eta haren aktiboak Bizkaiko Bankuaren esku utzi.

Ordurako, ordea, zuzendaritza batzordetik kanpo zeuden Pujol aita-semeak. Semeak 1977an utzi zuen kudeatzaile kargua, Generalitateko presidentetza hartzeko, eta aita, berriz, 1980ko irailean hil zen. Hain zuzen ere, Banca Catalanak eragin zuen Justiziaren eta Pujolen arteko lehen aurrez aurrekoa. Izan ere, 1984an, Fiskaltzak salaketa aurkeztu zuen arduradunen aurka, dirua desbideratu zutelakoan. Ikerketa, ordea, ezerezean geratu zen, froga nahikorik ez zegoelako.

Etika kontuak

Aita hil eta bost hilabetera, hark utzitako diruen kudeaketa beste pertsona baten esku utzi zuen Pujolek, eta ez zuen «kontuaz gehiago jakin nahi izan», harik eta seme-alabak adinez nagusi egin ziren arte. Orduan, bere «konfiantzazko kideari» eskatu zion semeetako baten esku uztea ondasunak. Pujolek ez du eman diruaren kargu egin zen semearen izena; baina adituen ustez, Jordi Pujol Ferrusola, seme zaharrena eta beste ustelkeria batean nahasia dagoena da aukera nagusi.

Azkenean, ezustean lehertu da auzia. Eta, orain, gutxienez bost milioi euroko isuna ordaindu beharko du Pujol familiak. Zergatik, ordea, horrenbeste itxaron egia esateko? Izan ere, Madrilek bultzatutako amnistia fiskala baliatu ahal izan zuten. Zenbait analistaren iritziz, baina, denbora behar izan du Pujolek diruaren nondik norakoak estaltzeko, inork galdera gehiago egingo balu ere.

Ziurrenik, Masek nahiago izango zukeen ustelkeria auzia beste garai batean lehertu izan balitz, ez galdeketaren atarian edota Rajoyrekin bildu aurreko egunetan. Eta, are gutxiago, alderdiaren «kode etikoa» onartu eta urtebetera, zeinak oinarrizko bost ezaugarri eskatzen dizkien militanteei: prestasuna, koherentzia, erantzukizuna, zintzotasuna eta, batez ere, gardentasuna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna