Christine Lagarde

Beste agintaldi baterako orroa

Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari gisa jarraituko du Lagardek 2021era arte, beste hautagairik aurkeztu ez delako. Ustelkeria kasuek eta Greziak kinka larrian jarri dute.

LAURENT GILLIERON / EFE.
Oihan Vitoria.
2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Beste bost urtez gutxienez NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari karguari eutsiko dio Christine Lagarde egungo buruak. Herenegun amaitu zen hautagaiak aurkezteko epea; espero bezala, Lagarde baizik ez da aurkeztu. Ez oharkabean: Alemaniak, Erresuma Batuak, Irlandak, Frantziak, Txinak, Hego Koreak eta Mexikok atxikimendua agertua zioten lehendik berriro aukera dezaten. Eta, ezusterik ezean, horrela izango da. Prozesua ahalik eta bizkorren egingo duela zehaztu du NDFk, eta litekeena da hurrengo martxoaren 3an egitea Lagarde berresteko ekitaldia. Bigarren agintaldia muturreraino eramatekotan, lehena litzateke NDFko buruzagitzan hamarkada oso bat betetzen; haren aurrekoek agintaldi bakarra iraun zuten.

Dominique Strauss-Kahnen lekukoa hartuta heldu zen NDFra, 2011n, Nicolas Sarkozyren gobernuko Ekonomia ministro izan eta gero; kargu horretara ere Strauss-Kahnen eskutik iritsi zen. Erantzukizun handia zuen Lagardek, legatu gaiztotua egokitu baitzitzaion. Etxe barruan sute batekin egin zuen topo: Strauss-Kahnek dimisioa eman zuen NDFtik, lankide bati bortxaketa saio bat egitea egotzita. Sexu gehiegikeriak ez, baina ustelkeria kasuak hasieratik izan ditu presente Lagardek.

Tapie auziak zipriztindu dio bereziki agintaldia, eta epailearen aurretik igaro beharko du lehen aldiz Frantziako Ekonomia ministro zenean Bernard Tapie enpresariari emandako kalte-ordainei buruz argibideak emateko. Auziaren muinean, Adidasen salmentari lotutako operazio ezkutu bat dago, enpresaren balioa nahita azpibaloratuta 400 milioi euroren irabaziak eragin zituena. Trikimailua modu ezohikoan egin zion aurre Parisek. Afera auzitegietatik atera, eta Lagardek berak legez kanpo agindutako arbitratze batzorde batek erabaki zuen ia 404 milioi euroko kalte-ordaina ematea Tapieri; Sarkozyren lagun mina zen. Hori baimentzeagatik dago inputatuta iaztik Lagarde. Arduragabekeriaz jokatzea eta boterearen gehiegizko erabilera leporatuta, lauzpabost aldiz galdekatu dute. Justiziaren itzalpeko babesa izan du, hiru urtean lekuko lagundu gisa mantendu baitu. 15.000 euroko isuna eta urtebeteko espetxe zigorra jar diezaiokete.

Areriorik ez du izan Lagardek karguan segitzeko. Aurrerantzean, baina, ez die erronka makalei aurre egin beharko. Besteak beste, duda-mudak baino ez dituen egoera ekonomiko hauskorra onbideratzea egokituko zaio, nahiz eta bost urteotan korapilo garrantzitsu bat askatzea erdietsi duen: NDF erreformatzea, gorabidean diren herrialdeei —Txina, Errusia, Brasil eta Mexiko— botere gehiago emateko. Horien ekarpena, halere, aspaldiko ahulena da, eta okerrera egiteko arriskua dago. Hazkunde tasa globalak iazkoa gaindituko du, baina aurreikuspenak bi hamarren apaldu ditu NDFk. Arazo geopolitikoen itzala ere hor dago, eta petrolioak kezka eragiten du. Agintaldi nekeza dauka aurretik Lagardek: batekin zein bestearekin borrokatu beharko du. Hark, ordea, «ohoretzat» du.

Lagarde vs Varufakis

Frantziarra ez da berria lehia horietan. Greziaren erreskate programa adosteko negoziazio luze eta korapilatsuetan, esate baterako, tirabira sonatuak eduki zituen Atenasekin. Eurotaldearen bilera baten atarian, «Kaixo, kriminalen buruak agurtzen zaitu», esanez egin zion ongietorria Greziako orduko Finantza ministro Gianis Varufakisi, Atenasek NDFren jarrera «kriminaltzat» jo eta astebetera. Bere burua justifikatzen ahalegindu zen gero Varufakis, kopetilun, baina muturtuta erantzun zion NDFko buruak, lehor: «Badakit zer esan zenuen». Haserre eta tentsio bero horren isla, «pertsona helduen arteko» eztabaida premiazkoa zela esan zuen Lagardek bilera amaitu berritan, Varufakisi erreferentzia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.