Alemaniako hauteskundeak. Emaitzak. Angela Merkel

Eguberrian, azenarioa

Protestantismoan errotutako haren balioek Alemaniaren azken hamabi urteetako politikak baldintzatu dituzte. Haien arabera hartuko erabakiek AFDren igoera ahalbidetu dutela aurpegiratu diote orain.

CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Angela Merkelen (Angela Kisner jaioa, Hanburgo, 1954) soiltasunaren inguruko anekdotek kultstatus-a dute Alemanian. Kultukoak dira. Berlingo Mitte auzoko Mohrenstrasseko Hit Ullrich supermerkatuko saltzaileek pozarren kontatzen diote telebistari kantzilerrak beren izenez agurtzen dituela, eta saltxitxak ia alboratu dituela azkenaldian, arrain eta barazki gehiago erosteko. Merkelek gutiziarik izan ez, eta Eguberriko bere poltsa gurin, patata, azenario eta Quark gaztanbera alemaniar klasiko eta ezin merkeagoarekin betetzea ospatu ohi du prentsak. Kadewe saltokiko probalekuan senarraren jaka berriaren mahukari tiraka ikusi dutela irakurtzearekin, edo norbaitek Twitter eta Whatsappik ez duela gogoratzearekin, herrialdearen etorkizunari buruz duten patxada eta konfiantza zaharberritzen zaie alemaniar askori.

Ekialdeko Alemanian, Templin hirian artzain protestantea zen aitarengandik jaso zuen oinordetzan Merkelek «apalak eta akasgabeak» izatearen mandatua. Hain serioski hartu zuen, zuzentasunaren gidari zen harentzat ere serioegi bihurtu baitzen. Merkelek 30 urte bete, eta Zientzien Akademian doktoretza prestatzen ari zela, Berlinera bisita egin zion aitak. Bere etxearen luxurik ezarekin asaldatu, eta alabari «ez dirudi bizitzan oso urrutira iritsi zarenik», esan omen zion.

Apala eta akasgabea izatearen mandatu protestante horrek baldintzatu du Merkelen ibilaldi politiko osoa ere. Haren erabakiak deitoratzen dituzten hainbat hauteslek bere izaera estimutan dute; sarri, botoa aldatu eta kantzilerrari ematera ailegatzeraino. Gorroto duten askok errespetu osoz gorrotatzen dute.

Jaon den igandean, Voll muttiviert zioten afixak eraman zituzten CDU/CSU alderdiko gaztediek hauteskunde festara. Voll motiviert (guztiz motibaturik) eta mutti (ama esateko modu maitekorra) mezuak konbinatzen ziren. Merkelen zuhurtziak eskaintzen duen babesean, jite amatiarrak ikusten ditu publikoak. Muttikratie, amakrazia erabili da seme-alabarik ez duenaren aginteaz aritzeko.

Alemaniaren ama bihurtzeko, haur bat hil zuen Merkelek. Ingurumen ministro zebilenean, 90. hamarkadan, «neskatxa» deitzen zion Helmut Kohl kantzilerrak, modu paternalistan. Haren alboan, ziztu batean iritsi zen alderdiaren zuzendaritzara. 1999an, CDU alderdia, Kohl eta bere hainbat laguntzaile zipriztindu zituen ustelkeria kasuaren harira, ordea, zalantzarik ez zuen azaldu Merkelek. Demokristauen gidaritza eskuratu, eta guztiak baztertu zituen. Bere neskatxarekin erresuminduta zen oraindik Kohl joan den urtean hil zenean. Sarri eta gogor kritikatu izan zuen. Familiartekoek kantzilerrarekin topo egitea saihestu zuten hiletan.

Kantziler moduan ekitera doan laugarren legealdi hau azkena izango ote den ez du zehaztu nahi izan Merkelek. Osotasunezko balantzea egitea tokatzen denean askok argi baino itzal gehiago ikusten badute, bere balioen zurruntasunak eragindakoa izango da hori ere.

Grezia Europako Batasunetik at geratzea eragin zuen krisiak urtetarako bilakatu zuen austeritate hitza prentsaren izenburuetako maizter, Euskaltzaindiak berak euskaraz erabiltzea zuzena ote zen eztabaidatzera iristeraino. Eta Mediterraneoaren arroan bezala, Alemanian ere austeritatea da Merkelen irudia askoren begietan aldarazi duena.

Alemaniako sektore publikoa ez zen gai izan joan den urtean jasotako diru guztia inbertitzeko. Historiako superabit mardulena harro aurkeztu zuen koalizio handiak: 23.700 milioi euro, EAEko aurrekontua bi bider. Langabezia %6aren azpialdera pasatu zen. Azpiegitura zaharkituen inguruko kexua orokorra da ordea. Haurtzaindegi mordoa falta zaizkio muttikratie-ari. Ehunka mila etxebizitza sozial berri behar dira alokairu gero eta garestiagoak dituzten hirietan. Eta, batez ere, pobrezia tasak bere igoera egonkorrarekin jarraitzen du, eta gero eta gizatalde gehiago mehatxatzenAlemanian, lanpostu bat dutenen artean ere bai.

Europako herrialde aberatsenean inongo aukerarik ez dutela barneratuta bizi diren askok AFDri eskaini berri diote boza igandean. Merkel bereziki atsekabetu du fenomeno hori Ekialdeko Alemanian, bere Templin eta beste hirietan, bereziki nabarmena suertatu izanak. Brandenburgo, Mecklenburg-Aurrepomerania edo Saxoniaz ez dela ahaztu adierazi zuen apur bat garraztu zen garaipenaren biharamunean: «Zintzoa banaiz, emaitza hobexeagoa espero nuen, baina ez nago etsita. Ekialdeko herritarrei gertutasun handiagoa erakutsi nahi diet. Egunerokoan kontaktua falta izan zait akaso haiekin, nik ere antzeman dut batzuk utzita sentitzen direla».

Globalizazioaren galtzaileez gain, AFD gizenarazi duen Alemanian sekula desagertu ez den xenofobiarekin zer egin bururatzen ote zitzaion ere galdetu zioten Merkeli. Ez zuen ilusio faltsurik piztu nahi izan: «Den bezala hartu behar dugu. Arazo funtsezkoak izango ditugu AFDrekin legealdi honetan», aurreikusi zuen.

Orain gutxi jakin zuen Merkelek katoliko baten aztarna zuzena ere badaramala ADNaren biribilkietan. Haren aita, Horst Kazmierczak, poloniar baten semea zen. Familiak Kasner abizena hartu, eta protestantismora aldatzea erabaki zuen, Alemanian hobe integratzeko lagunduko zuelakoan. Duela urte gutxi arte ez zuen Merkelek konbertsio horren berri izan, eta hunkipen sakona eragin zion. Aurkikuntzak bere malgutasun falta protestantea —amiñi bat bada ere— erreformatzeko balioko duen, ikusteko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.