Kolonbia. FARC-EPren armagabetzea

Santos: «FARCek bere esku dituen arma guztiak eman ditu»

NBEren Kolonbiako misioak emango du xehetasunen berri. Orain, gerrillaren 949 zuloak suntsituko dituzte, irailaren 1a baino lehen. Asteartean amaiera ekitaldia egingo dute

ander perez zala
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Atzeratuz joan da, baina azkenean iritsi da eguna: FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillak bere esku zituen arma guztiak eman dizkio NBE Nazio Batuen Erakundearen Kolonbiako misioari, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak jakinarazi duenez. Talde armatu ohiak ekainaren 27ra arteko epea zuen armen %40 emateko; gainontzeko %60ak aurreko bi asteetan eman zuen. Asteartean, armagabetze prozesuaren amaiera ekitaldia egingo dute Mesetasen, Meta departamentuan, gerrillak historikoki kontrolatu duen eremuan, eta han Santosekin elkartu daiteke FARC-EPren buru Rodrigo Londoño, Timochenko. «Mende erdiko gatazkaren ostean, gaur, FARCek, Latinoamerikako gerrilla boteretsuenak eta zaharrenak, existitzeari utzi dio», iragarri zuen atzo Santosek Parisen, Unescoren egoitzan; Frantzian da asteazkenetik, bira politiko batean. Gobernuak eta gerrillak adostutako egutegiaren arabera, talde armatu ohia irailean bilakatuko da alderdi politiko.

NBEren misioak emango ditu FARC-EPren armagabetzearen inguruko xehetasunak; besteak beste, suntsitutako armekin hiru oroitarri eraikiko dituzte. Martxoaren 1ean hasi zuten prozesua, ekainaren 8an iragarri zuen NBEk armen %30 bere esku zeudela, eta, joan den astean, %60. Duela lau egun amaitu zen gerrillak bere esku zituen armak emateko epea —maiatzaren 30a zen lehen tartea—, baina, logistika arazoengatik, astebete luzatu zuten; falta zirenak atzo iritsi ziren. El Tiempo-ren arabera, bi eremutan falta zen armagabetzea; 7.000 gerrillarik parte hartu dute prozesuan.

Gerrilla ohiak eskura zituen armak jasota, orain NBEren misioak FARC-EPren zuloak suntsitzeari ekingo dio; 949 dira, armaz beteta, eta irailaren 1era arteko epea du. Leku oso zailetan daude: minaz betetako eremuetan, mendietan, basoan eta talde armatuak dauden guneetan, ELN Nazioa Askatzeko Armada dagoenetan, esaterako. NBEren Gai Politikoetarako idazkari nagusi laguntzaile Jeffrey Feltman lau egunez izan da Kolonbian, herenegun arte, eta itzultzean «oso hunkituta» agertu da ikusi duen konpromisoarekin. «Funtzionatzen ari den prozesu bat ikusi dut», azaldu zuen Feltmanek.

NBEren bigarren misioa

NBEren bigarren misioa FARC-EPren gizarteratzeaz arduratuko da, arlo politiko, ekonomiko eta sozialean, hori egia bihurtzeko segurtasun bermeak ematearekin batera; egungo misioa Latinoamerikako, Karibeko eta Europako 490 bat militarrek osatzen dute —armarik gabe daude—. Bigarren misioak, bete behar duen eginkizunaren izaera kontuan harturik, militar gutxiagoren laguntza izango du.

Santosek dagoeneko egin dio NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresi bigarren misioa hasteko eskaria. Gerrillari ohien gizarteratzea uztailean hasiko da, eta prozesu hori arrakastatsua izateko, Santosek Guterresi galdegin dio beharrezko baliabideak bidali ditzala. Mende erdiko gatazkaren ondorioz, Kolonbian 260.000 pertsona hil dira, 60.000 desagertuta daude eta 7,1 milioik etxetik ihes egin behar izan dute. «Gizarte bat bakean eraikitzeko, modu bakarra da hezkuntzaren, kulturaren, zientziaren eta komunikazioaren baliabideak erabiltzea», adierazi zuen Santosek atzo gerrillaren armagabetzea iragartzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.